Alaves 1-1 Celta

Berdinketarekin konformatu behar izan du Alavesek

Gasteizko taldeak ezin izan dio aldeari eutsi bigarren zatian, eta neurketa bana amaitu da. Kike Garciak sartu du Alavesen gola, partida hasi eta berehala, penaltiz.

Kike Garcia baloi bat kontrolatzen saiatzen, Celtaren aurkako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kike Garcia baloi bat kontrolatzen saiatzen, Celtaren aurkako partidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urtarrilaren 27a
23:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Bigarren garaipena erreskadan lortu nahi zuen Alavesek, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan du, bana amaitu baita Celtaren aurkako partida. Neurketa hasi eta berehala, etxeko taldeak aurrea hartu du markagailuan, baina, partida kontrolpean zuela zirudienean, Pablo Duranek gola sartu du, eta hotz utzi du Mendizorrotza. 12. jardunalditik etxean irabazi gabe dago Alaves. Hala ere, ondo eutsi dio gero berdinketari.

Alavesek aurkariaren opari batekin hasi du partida, Celtak penalti inozo bat egin baitu. Fran Beltranek, baloia buruarekin urrundu nahi zuela, besoarekin jo du, eta, VAR sistema erabilita, epaileak penaltia adierazi du. Ederki aprobetxatu du Kike Garciak, nork bestela, eta gola sartu du 6. minutuan. Alaveseko aurrelaria sasoiko dago: bederatzi gol sartu ditu denboraldi honetan, eta sei aldiz astindu du sarea azken sei jardunaldietan. 

Markagailuan aurrea hartuta, Eduardo Coudetek zuzendutako taldeak ondo baino hobeto asmatu du aldeari eusten lehen zatian, batere sufritu gabe. Celta saiatu da baloia izan eta alde batetik bestera mugitzen, baina argitasunik gabe. Zelaian ondo kokatu dira Alaveseko jokalariak, eta ez dute zirrikiturik utzi. Horren erakusgarri, Celtak jaurtiketa bat ere egin ez izana. Gainera, gasteiztarrak fin aritu dira presioan: asmatu dute noiz egin aurrera, Celta baloia luze jotzera behartzeko, eta noiz itxaron metro batzuk atzerago. Alaves ere apenas hurbildu den aurkariaren ate ingurura, baina zailena eginda zeukan ordurako: gola sartzea.

Bestelako gidoia

Lehen 45 minutuetan ikusitakoa ez zaio batere gustatu Celtako entrenatzaileari, eta azkar mugitu ditu aulkikoak: bi aldaketa egin ditu atsedenaldian. Eta hain justu, Williot zelairatu berriak izan du Celtaren lehen aukera, bigarren zatiari ekin eta hiru minutura. Owonok geldiketa ona egin du. Segidan erantzun du Alavesek, eta eskura izan du bigarren gola. Carlos Vicentek ziztu bizian egin du ihes ezker hegaletik, eta pase ona ema dio Guridiri. Azpeitiarrak, ordea, baloiari lehen kolpean jo beharrean kontrola egitea erabaki du, eta galdutako segundo horietan aurkaria gainera etorri zaio.

Barkatu egin du Alavesek, baina partida kontrolpean izan du hurrengo minutuetan ere. Harik eta Celtak zaplaztekoa eman dion arte: 66. minutuan, area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du Pablo Duranek, eta baloiak sareetan bukatu du. Ukitu du Owonok baloia, baina indarrik gabe, eta ez da gai izan norabidez aldatzeko.

Hortik aurrera, erabat aldatu da neurketaren gidoia. Banakoaren ostean, Alaves jokoari neurria hartu ezinean ibili da. Celta erosoago egon da zelaian, nahiz eta arrisku handirik ez sortu. Partida korapilatuz joan da, eta tentsioa areagotzen. Ez da izan, ordea, aparteko aukerarik, eta, beraz, markagailua ez da gehiago mugitu. Luzapenean, Alaveseko golegilea haserre joan da aulkira. Taldeak hiru puntu nahi zituen, baina okerragoa ere izan zitekeen. Puntu bat batu dute, behintzat.

Guridi eta Tenaglia jokalariek ehungarren partida jokatu dute Alavesen elastikoarekin, eta neurketa hasi aurretik omenaldia egin diete.

Alaves-Celta

Alaves. Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Gebara, Protesoni (Villalibre, 71. min.), Carlos Vicente, Guridi, Conechny (Carlos Martin, 71. min.); eta Kike Garcia (Toni Martinez, 91. min.).

Celta. Guaita; Yoel Lago (Javi Rodriguez, 45. min.), Starfelt, Marcos Alonso; Carreira, Fran Beltran, Moriba, Mihailo Ristic (Alvarez, 75. min.); Cervi (Williot, 45. min.), Borja Iglesias (Douvikas, 63. min.) eta Pablo Duran (Fer Lopez, 85. min.).

Golak. 1-0: Kike Garciak, penaltiz (6. min.). 1-1: Pablo Duranek (66. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.