Egun handietako giroa izan da gaur Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai pilotalekuan. Urritik, astelehenero, han jokatu dituzte Jai Alai Winter Series txapelketako partidak, eta gaur, finalean, gernikarrak izan dira kantxako lau pilotarietatik hiru. 2.000 lagun ingururen aurrean, beteranoak nagusitu dira: txapelketa handietatik erretiroa hartuko duen Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez (15-8, 9-15, 5-4).
Estua izan Barandika-Lekerikaren aurka jokatu duten partida, zaleen gozamenerako: hirugarren seteko azken tantoan erabaki da txapelduna.
Hasieratik izan dira hobeak Beaskoetxea eta Lopez. Atzean ez du huts bakar bat ere egin zumaiarrak, eta Beaskoetxeak ere asmatu du tantoak bukatzen. Lehen seta nagusitasunez irabazi dute, beraz, baina bigarren setean erabat aldatu da joera. Partidan sartu dira Barandika eta Lekerika, eta hirugarren setera ere haizea alde zutela heldu dira.
Beaskoetxea eta Lopez, ordea, pilotari esperientziadunak dira (41 eta 38 urte dituzte, hurrenez hurren), eta horrek askorako balio izan die gaur. Gazteen joari eutsi diote, eta txapela janzteko balio izan die horrek.