Bazterkeria salatu du

Leire Olaberriak Espainiako Federazioko presidentea eta erakundea bera salatu ditu, ama izateagatik «baztertu» egin dutela argudiatuta; lehendik, Espainiako pistako selekzioko hautatzailea salatu zuen

Leire Olaberria, semea besoetan duela, Eukene Larrarterekin Espainiako Txapelketa irabazi berritan, iazko urrian, Mallorcan. AMDP.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Leire Olaberriak beste urrats bat egin du aldi berean ama eta goi mailako kirolari izateko eskubidearen defentsan. Kirol Profesionaleko Emakumeen Elkarteak (AMDP) jakinarazi duenez, ama izateagatik diskriminatu egin dutela argudiatuta, Ikaztegietako txirrindulariak salaketa jarri zuen joan den astelehenean Espainiako Kirol Kontseilu Gorenean. Bertan, Olaberriak Espainiako Txirrindularitza Federazioaren aurka egin du. Aldi berean, Nazioarteko Txirrindularitza Batasuneko (UCI) Etika Batzordera ere jo du, eta, han, Jose Luis Lopez Cerron Espainiako Federazioko presidentearen aurka egin du, «diskriminazio horrek UCIren araudia hautsi» duela argudiatuta. Bere egoera salatzeko egin duen hirugarren salaketa da. Izan ere, joan den otsailean Raul Mena Espainiako pistako hautatzailearen kontra ere egin zuen.

AMDPk babes osoa eskaini dio. Horregatik, Espainiako Federazioari eskatu zion esku har zezala. Federazioak erantzun dio jada, eta esan dio ez dagoela frogatuta ama izatea «faktore erabakigarria» izan denik hautatzailearen erabakian. AMDPren iritziz, «bitxia da ama moduan eskubideak exijitzeagatik selekzioak deitu egin zuela, eta kontziliazio neurriak eskatu ondoren hasi zirela arazoak». Gipuzkoako Aldundiak ere babesa azaldu dio.

Mallorcako egonaldia

Auzia iazko irailean hasi zen. Menak Olaberria deitu zuen Europako Txapelketa prestatzeko, Mallorcan (Herrialde Katalanak) egin beharreko egonaldi batera. «Baietz esan nion, nahiz eta haurrak bederatzi hilabete eskas zituen. Semea nirekin eraman nuen, eta gastu guztiak nire gain hartu nituen», azaldu du Olaberriak. Han egonda, federazioak esan zion berak ordaindu beharko zuela zaintzailea txapelketara semearekin joan nahi bazuen. Aldi berean, Olaberriaren iritziz, «ordaintzen zaila» zen egutegia proposatu zioten. Hori ikusita, uko egin zion txapelketari.

Ez zen izan tirabira bakarra. Izan ere, Menak Olaberriari proposatu zion madison proban Ane Iriarterekin lehiatzeko. Olaberria ez zegoen ados. «Itzuli nintzenetik proba hori Eukene Larrarte taldekidearekin korritzen nuen. Oso emaitza onak lortzen ari ginen Europako zirkuituan, eta esan nion harekin egin nahi nuela». Menak, ordea, ez zuen onartu, eta Iriarterekin entrenatzera behartu zuen. Ez zen ondo joan. «Hiru aste besterik ez ziren falta txapelketarako, eta teknikoki asko falta zitzaigun elkar ulertzeko. Erori ere egin ginen. Esan nion ez nengoela horretarako prest».

Olaberriak azaldu duenez, hautatzaileak berari bota zion errua. Areago, «errebelde» izatea eta «arduradunek esandakoak aintzat ez hartzea» leporatu zion, eta, «portaera txarra» izatea egotzita, selekziotik at utzi zuen.

Ordutik ez da lehiatu Espainiarekin, nahiz eta saiatu den arazoari irtenbidea ematen. Adibidez, prest azaldu zen gastu guztiak ordaintzeko joan zen azaroan Txileko Munduko Kopan aritzeko. Baina Menak ez zion utzi, aski UCI puntu ez zituela argudiatuta. Saiatu zen hori ere lortzen, eta lehen mailako hainbat probatan lehiatu zen Europan Gipuzkoa-Ogiberri taldearekin. Hiru hilabetean, selekzioko beste ziklistek adina puntu lortu zituen. Halere, Menak ez du inoiz deitu. Olaberria apirilean erretiratu zen, baina haren borroka ez da amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.