Cofidis taldeko txirrindularia

Gorka Izagirre: «Bazter batean utziko nituzke Movistarreko azken bi urteak»

Cofidis taldean ariko da aurten Gorka Izagirre, Ion anaiarekin batera. Prest da hari laguntzeko, baita bere kabuz emaitzak lortzeko ere. «Movistarren baino askatasun handiagoa izango dut». Urte bakarrerako sinatu du, kontratu luzeagoa nahi zuen arren.

Gorka Izagirre
TEAM COFIDIS
enaut agirrebengoa
2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Galderatik galderara eztul egiten du Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987). Gripeak jota ibili dela igartzen zaio. Azken egunetako gauza izan da; bestelakoan, «indartsu» sentitu da denboraldiaurrean. Mallorcan ekin berri dio lehiari, Cofidisen maillota soinean. Movistarren «gorabehera gehiegi» izan du azken bi urteetan, eta hutsetik hasi nahi du orain.

Mallorcan abiatu duzu denboraldia. Nolakoak izan dira lehen sentsazioak?

Hasteko ilusioa neukan, baina gaixotu egin nintzen lehiatzen hasi baino egun batzuk lehenago. Gripea pasatu dut, eta oso ahul egon naiz. Ez dira lehiatzeko baldintzarik onenak. Taldea jende faltan zegoen Mallorcako lasterketetarako, eta ni hor egoteko beharra zeukan, gutxienez etapen aurretik sinatzeko.

Bestela, pozik zaude neguan egindako prestaketarekin? Lokatzetan, behintzat, indar betean aritu zara.

Pozik nago, bai. Lan ona egin dut errepidean, eta ziklo-krosean ere ondo aritu naiz, emaitzei gehiegi begiratzen ez diedan arren. Azken batean, arreta errepidean dut jarria. Hala ere, lokatzetan indartsu ibiltzeak konfiantza ematen dizu, baita gosea piztu ere, errepidean lehiatzen hasteko.

Cofidisen arituko zara aurten, Movistarren bi urtez aritu eta gero. Zergatik aldatu duzu taldez?

Lehenengo eta behin, Movistarrek ez zidalako aukerarik eman bertan jarraitzeko. Hori horrela izanik, nire aukera nagusietako bat Cofidis zen. Apur bat kostatu zen adostasun bat lortzea, baina harreman ona izan dugu hasieratik. Kanpoko talde bat da, baina gertuko jendea nuen han, ziklista multzoan nahiz teknikari taldean. Erabakia hartzen lagundu dit horrek. Uste dut talde egokia dela nire ibilbideari jarraipena emateko.

Eta zer zailtasun izan zen negoziazioetan?

Kontratua lotzeko orduan, iraupenari garrantzia ematen diozu beti. Bi urte edo gehiagorako sinatzea izaten da onena. Ordea, urtebeterekin konformatu behar izan dut.

«Ez nuke esango anaiak eta biok elkarren beharra dugunik. Begira, bestela, zeinen ondo ibili den Ion bere kasa»

Nola laburtuko zenituzke Movistarren egin dituzun bi urteak?

Emaitzak ez dira onak izan, saiatu naizen arren. Gorabehera gehiegi eduki dut, bai erorketengatik, bai gaixotasunen ondorioz. Ez dira nire urterik onenak izan, inondik inora ere. Bazter batean utziko nituzke. Iaz, behintzat, nire benetako mailara hurbildu nintzen, eta pozik egoteko moduko emaitzak lortu nituen sasoi hasieran. Ordea, zapore mikatza gelditu zait oro har.

Zer erronka izango duzu Cofidisen?

Gaixo egon naizenez, aldatu egingo zait lasterketa egutegia. Aukera pertsonal gehienak hasiera honetan eduki behar nituen, indartsu hasi nahi nuelako. Ez da posible izango, eta ikusi egin behar egutegiak zer itxura hartzen duen orain. Aldaketa horien esperoan nago. Lasterketa garrantzitsuenei dagokienez, Paris-Nizan eta Itzulian egotea espero dut. Agian Ardenetan ere ariko naiz ondoren. Normalean egin izan dudan egutegia litzateke. Gustuko dut.

Movistarren baino askatasun handiagoa izango duzu?

Bai, ez daukat inongo dudarik horretan. Eta eskertzen da, oraindik ere gaitasuna baitut emaitzak lortzeko. Aurten asko lehiatuko naiz Frantzian, Cofidis hango taldea izanik. Lasterketa asko jokatzen dira han, eta aukera ona izan dezaket zeresana emateko eta bizikleta gainean gozatzeko. Puntuak lortzen ere saiatuko naiz.

Lasterketarik handienetan anaia babestea izango da beste helburuetako bat?

Bai, hark begiz joa izaten du Euskal Herriko Itzulia. Azken urteetan ez da podiumetik jaitsi [hirugarren izan zen 2023an, eta bigarren 2022an]. Ni ere, berez, joatekoa naiz Itzulira, eta ea nire ahalegina baliagarria den anaiarentzat.

Arraroa egin zaizue azken bi urteetan bakoitza bere kasa ibiltzea, talde ezberdinetan?

Ez, bestela ere ez baikara beti batera ibili. Astanan hiru urte egin genituen, baina horietatik bitan egutegi ezberdina eduki genuen. Azkenean, talde berean aritzeak baino gehiago, egutegiak elkartzen zaitu gehien. Gutxitan ikusi dugu elkar lasterketa berdinak lehiatu ez ditugunean. Ohituta gaude.

«Oraindik txirrindulari sentitzen naiz, eta ez dut uste hau izango denik nire azken kontratua. Ez nuke nahi, behintzat»

Zeinek du bestearen behar handiagoa?

Ez nuke esango elkarren beharra dugunik. Bakoitzak bere helburuak ditu, eta elkarren ondoan izan gabe ere gai gara gure onena emateko. Begira, bestela, zeinen ondo ibili den Ion bere kasa. Urtero biltzen ditu intxaurrak, eta hori kontuan hartzekoa da. Garaipen handiak lortzen jarraitzen du; iaz, adibidez, Tourrean etapa irabazi zuen. Halakoek handi egiten zaituzte txirrindulari gisa, eta Ion txirrindulari handia da, dudarik gabe.

Cofidis ere hazi eta handitu egin da azken urteetan.

Hori da. Maila nabarmen handitu du azken bizpahiru denboraldietan, eta iaz bi etapa lortu zituen Tourrean [hamabost urte zeraman lasterketa horretan irabazi gabe], eta beste bat Vueltan. Emaitza handiak dira, eta halako gehiago lortzeko anbizioa du taldeak. Ez da erraza izaten, eta agian aurten ez da ezer ere irabaziko. Kirola halakoa da. Baina badakigu zer bideri jarraitu behar zaion. Lehen gauza, World Tourrean jarraitzea da. Eta horretarako, urte osoan erregulartasun handia izan behar duzu, puntuak lortuz.

Zer asmo duzu? Urte on bat osatu, eta ahal dela kontratua luzatu?

Dudarik gabe. Oraindik txirrindulari sentitzen naiz, eta ez dut uste hau izango denik nire azken kontratua. Ez nuke nahi, behintzat. Denboraldi ona osatzen saiatuko naiz, eta ea Cofidis nik egindako lanarekin gustura gelditzen den. Arrazoiak eman nahi dizkiet hemen jarraitu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.