Lointek Gernikaren zuzendaritzak ezohiko batzarrean izan zuen jarrera salatu du bazkide talde batek

Mario Lopez entrenatzaileari jarritako sexu abusu jarraituen salaketaren ostean, zuzendaritzak azalpenak eman zituen atzo, ezohiko batzar batean. Zuzendaritzaren lana auzitan jarri zutenei «oso modu txarrean» erantzun zietela salatu dute.

(ID_13443056) ESPAÑA BALONCESTO ABUSOS
Lointek Gernikako jokalariak, entrenatzaileak eta zuzendaritzako kideak biktimari babesa azaltzeko pankartarekin. JAVIER ZORRILLA / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko urtarrilaren 17a
13:30
Entzun

Mario Lopez entrenatzailearen aurkako salaketaren ostean, Lointek Gernika Bizkaia taldeko zuzendaritzak iragarri zuen ezohiko batzarra egingo zuela bazkideei azalpenak emateko. Atzo egin zuten batzar hori, eta Gerardo Candina presidenteak adierazi zuen bazkideek zuzendaritzari babesa azaldu ziotela. «Babesa espero baino handiagoa izan da, eta horrek arnasa apur bat hartzeko modua ematen digu, proiektu hau eror ez dadin. Hori da gure helburu bakarra». Baina oso bestelakoa da hainbat bazkidek azaldu eta salatu dutena. Batzarra ateak itxita egin zen, eta hedabideak ezin izan ziren sartu. Gainera, 120 bazkide baino ez ziren bertaratu, deituta zeuden laurden bat baino ez. Amaia Foruria bazkideak salatu du «engainagarria» dela bilera informatibo batera deitu eta bukatutakoan esatea bazkideek babestu egin zaituztela. «Gai ordenan ez zegoen zuzendaritza babesteari buruzko ezer; bilera informatibo bat zen. Ez zen bozketarik egin; beraz, ezin da esan bazkideek zuzendaritza babestu dutenik. Saiatu ziren bozketa egiten, nahiz eta gai ordenan ez egon, eta bazkide batek gerarazi zuelako ez zen egin».

Foruriak azaldu du ez zela erraztasunik izan bazkideek hitza hartzeko. «Atril batean berba egin behar zen, nahitaez, izen-abizenak emanda. Horrek jende askok berbarik ez egitea dakar». Horrekin batera, salatu du zuzendaritzak ez zuela inongo erantzukizunik onartu Lopez babestu izanagatik. «Erantzukizuna onartu beharrean, aurreko zuzendaritzari errua botatzen ahalegindu ziren, garai hartan ezer ez egiteagatik. Arreta desbideratzeko modu bat baino ez zen izan. Normala da aurreko zuzendaritzak ezer ikusi ez izana, ezkutuan egindako zerbait izan baitzen. Arazoa da gaur egungo zuzendaritzak Mario Lopez babestu zuela, El País-ek albistea argitaratu arte. Nahiz eta lehenagotik jakin zen zer gertatzen zen. Klubaren abokatuak dopin kasu batekin alderatu zuen bortxaketa jarraituen kasu hura». Amaitzeko salatu du «oso modu txarrean» erantzun zitzaiela zuzendaritzak egindako lana zalantzan jarri zutenei.«Giroa, orokorrean, oso txarra izan zen». 

Batzarra amaitu aurretik, Miguel Bidaurreta bazkidea ere haserre irten zen, eta bazkideei «xantaia emozionala» egitea egotzi zion zuzendaritzari. «Zuzendaritzak biktimismora jo du. Gu edo kaosa. Horixe saldu nahi izan digute. Baina gertatu dena oso larria izan da. Klubak ez du adingabe bat babesten jakin. Gainera, ez zuen akusatua erabat baztertu. Alderantziz, klubaren egituran jarraitu zuen, babes pertsonal handi batekin». Candinak zera erantzun zion horri: «Gure karguak bazkideen esku utzi ditugu, eta erakutsi nahi izan diegu guk ez genuela fede txarrez jokatu. Gure okerrak aitortu genituen, eta barkamena eskatu genuen. Eta, guztien gainetik, esan dugu proiektuari eutsi nahi diogula, baina ez edozein preziotan. Uste dugu proiektua interesgarria dela. Gernikako hiru neskatik 1,87k saskibaloian jokatzen dute. Hori ezin dugu erortzen utzi».

Bestalde, klubak adingabeak babesteko izendatu duen pertsonak, Ibon Torrealdaik, azalpenak eman zituen. «Harrobiko talde guztiekin izan gara, baita gurasoekin ere. Adingabeak babesteko protokoloaren berri eman diegu, eta bertan jasotzen diren neurrien berri. Gure helburua da ziurtatzea ingurune seguru batean daudela, eta indarkeria edo abusu egoerak bereizi ditzatela. Baina, batez ere, tresnak eman nahi dizkiegu halako zerbait jasanez gero berehala esan dezaten. Sistema honen oinarria kasuak ahalik eta azkarren antzematea da». Gurasoen eta jokalarien erantzuna «oso ona» dela nabarmendu zuen.

Klubean ardura postuak

Adingabe bati hainbat urtez sexu abusu jarraituak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Klubean ardura postuak zituen oraindik, eta taldeko kirol arduraduna izan zen kargugabetu zuten arte. Klubaren hitzetan, prestatzaile kargua osasun arazoengatik utzi zuen, iaz. Lopezi egozten diote 1998. urtean 13 urte zituen neska bati sexu abusu jarraituak egitea hiru urtez. Instrukzio epailearen erabakiaren zain dago. Klubak esan zuen El País egunkariakberria eman arte ez zuela erasoaren «edukiaren eta neurriaren» berri, baina Gernikako mugimendu feministak argi esan zuen berak jakinarazi ziola eta, beraz, bazekitela.

Sarearen eta klubaren bertsioa ez zetozen bat. Sare feministak azaldu zuenez, uda hasieran izan zuten kasuaren berri, eta informazioa jaso bezain pronto hartu zuten lehen erabakia: biktimari sinestea. Udan zenbait «bilera eta dei» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, «egoerari irtenbide bat emateko asmoz». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izango zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko, «kontuan izan gabe maila hori bi hamarkadatan baino gehiagotan izandako inpunitateak ahalbidetu diola». Azkenean, feministei helarazi zieten ezen zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hori egingo zutela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta erabaki zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea.

Gertatutakoak ezinegona eragin zuen, eta manifestazioa egin zen. Kirol taldeko zuzendaritzak erakutsitako konplizitatea salatu zuten. «Eraso gehiagoren prebentzioa eta biktimari zor zaion erreparazioa maldan gora jartzen ditu». Eta klubaren hipokrisia kritikatu dute: «Harritzekoa da, tankera horretako erabakiak hartu ostean, klubak azaroaren 25aren harira egin duen kanpaina publikoa». Lopez prestigiozko kargu batetik bestera mugitu izana gaitzetsi zuten, eta Lointek Gernikak sarearekin izandako «jarrera maltzurra» azaleratu ere bai, eurekin gezurretan ibili zirelako. Izan ere, esan zuten Lopezek klubean jarraitzeko ustezko adostasuna ez zela benetakoa: «Gaur badakigu adostasun hori ez zela existitu, eta, gainera, kide batzuek taldea uztea ekarri duela».

Ondoren iritsi zen klubaren oharra. Hiru bider idatzi zuen oharrean: «Inoiz ez, inoiz ez, inoiz ez; ez dugu jakin salaketa zela adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik». Taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu zuen gaiaren kudeaketan egindako akatsengatik. Oker horiek gaiaren inguruko informazio faltari egotzi zizkion. Edozein esparrutan gertatzen diren erasoak gaitzetsi zituen klubak, eta adierazi du neurriak hartuko dituztela haurrak eta nerabeak babesteko sistemak indartzeko. Hurrengo egunetan, bilera ezohiko batera deitzeko konpromisoa hartu zuten, «beharrezkoak azalpenak» emateko. Aldi berean, hurrengo partidan biktimari babesa azaldu zioten, pankarta batekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.