Bazen behin desertuan zoro multzo bat, baliabide izugarririk gabe, munduko rally gogorrenean parte hartu zuena. Bakarka zihoazen; batzuk, motoetan, eta beste batzuk, autoetan, kopiloturik gabe. Talde ofizialen inbidia zuten, rally hura irabazteko lehiatzen zirenak, helmugan norbait zain zuten pilotuak. Zoro haiek, ordea ,zoriontsu izateko aski zuten helmugara ilundu aurretik iristearekin. Arloteak hondar gainean; hainbat euskal herritar, tartean hiru hauek: Luis Txillida (Donostia,1962) Juan Carlos Alzuri (Donostia, 1963) eta Ignacio Corcuera Livingstone (Bilbo, 1963). Corcuerak ñabardura bat gehitu dio aurkezpen epikoari: «Euskal herritarra ez dago inoiz bakarrik Dakarren. Ipar euskal herritar asko dago antolakuntzan. Ni ikurrinarekin ikusita, auskalo zenbatek agurtu nauten».
«Nik hotz handia pasatu nuen», hartu du gogoan Txillidak. Eskultore ezagunaren semeak 1992an hartu zuen parte,Lurmutur Hirian (Hegoafrika) bukatu zen urtean, inoizko luzeena. Zazpi etapa egin zituen, bere motoaren enbragea Txaden erre zuen arte. Ordurako Sahara gurutzatua zuen, baina ez du hango eguzkirik gogoan. «Hura zen hotza gauez, desertuan. Bizkarra motoaren aurka nuela lo egiten nuen, lurrean etzanda. Kaskoa ez nuen kentzen, belarriak ez hozteko». Alzurik ere motoarekin hartu zuen parte, 2002an, Paris-Dakar zen, Josean Grande zenarekin —2007an hil zen auto istripu batean—. «Gauez gidatzea oso gogorra zen. Gogoan dut maratoi etapa bat, 1.000 kilometrotik gorakoa. Goizaldeko ordu batean hasi zen eta bezperakoa arratsaldez bukatu genuen. Motoaren gainean lokartu nintzen! Gauez autoei itxaron behar nien haien argiak jarraitzeko».
Alzurik bukatu zuen Dakarra, baina azken hiru etapak lasterketatik kanpo egin zituen, karabanari jarraiki. Gau osoa gidatzen egin eta garaiz ez zelako helmugaratu kanporatu zuten. «Haiek malkoak kaskoaren barruan... sei ordu ilunpetan gidatzen egin nituen, bakarrik. Orduko 30 kilometrora asko jota. Etengabe erortzen nintzen, 200 kiloko motoa lurretik altxatu... Aurretik, gasolina gabe gelditu nintzen, eta kamioi batek eman zidan bukatzeko adina, baina ezinezkoa zen».
Livingstonek iaz eta 2012an hartu zuen parte, bakarka, «ogitartekoa besapean hartuta», azaldu du umoreko, baliabide gutxirekin eta autoz. «Nire lehen Dakarren hogeita lau orduko bi etapa egin nituen. Desertuan lo egin eta goizean helmugara iritsi eta berriz irtenda. Bi egun gelditu gabe. Telebistakoak han zeuden nitaz galdezka, eta ni goizez agertzen nintzen». Duela bi urte egin zuen bide luzeena, zazpi etapa bete zituen, eta kontrolera hamar minutu berandu iristeagatik kanporatu zuten. 2015ean itzultzeko asmoz dabil: «Gogorra dela? Niretzat gogorragoa da ez joatea».
Hirurak bat datoz bi Dakardaudela esatean: talde ofizialena eta abenturazale pribatuena. Alzurik laburbildu du aldea: «Parte hartzaileen %90rentzat saria helmugara iristea da. Motoetan hogei lehiatzen dira, eta beste 180ak bukatzera doaz. Nik parte hartu nuenean, ofizialek motor ia berria zuten egunero. Pentsa, motorra garbi izaten zuten!». Aldea ikaragarria da: baliabideak, dirua... Livingstonek kuantifikatu du: «Manu Garmendiak 2003an erabili zuen autoarekin itzultzeko asmoa dut nik. Bere garaian, eraiki zutenean, 200.000 euro balio zuen. Egun Nani Romak edo Carlos Sainzek daramatenak, berriz, 1.200.000 balio du, autoak bakarrik! Horri gehitu iezaiozu laguntza autoa, mekanikariak, ordezko piezak, izen ematea, bidaiak...».
Alzuri mekanikaririk gabe joan zen, eta berak eta Grandek egiten zituzten konponketak. 40 kiloko kutxa bat zeramaten bakarrik, ordezko pieza batzuk eta ezer gutxi gehiagorekin. Motorrak 9.000 euro balio zuen, gero euren kasa egokitu zuena, eta guztira 42.000 euroko aurrekontua zuen —izen emateak 12.000 balio zuen—. Ogibidez harakina izanda, ahalegin handia da: «Dena da garestia, baina ametsa da. Gainera nik ez nuen bukaerara iristerik espero. Dakarren ez nuen hotelik hartu, ezta itzulerako hegaldirik». Txillida Suzuki taldearekin joan zen. 18.000 euro behar izan zituen, aurretik ia probatu gabeko motorra barne. «Hanka sartze asko egin nituen. Gaztea... Motoa azken unean aldatu, eta ez nuen ezagutzen. Taldeak ere ez ninduen askorik lagundu. Kamioi bat genuen segika, baina gu goizean irteten ginenean, oraindik heltzear egoten zen».
Probak izan duen bilakaeraren lekuko da Txillida, 2015ean berriz parte hartu nahi baitu Toyota auto batekin. «1992an iparrorratza erabiltzen genuen. 1.000 kilometroko etapak, nola iristen nintzen ere ez dakit. Abantaila genuen, helmuga Lurmutur Hirian zenez beti hegoalderantz jo behar genuen. Gogoan dut Libia: han, bidetik irtenez gero, soldadu batekin egiten zenuen topo, eta hark esaten zizun nondik zen. Orain onar dezaket: motorra hautsi zitzaidanean lasaitua hartu nuen; leher eginda nengoen. Gero etorri zen amorrua; egun hartan 800 kilometro eginda nituen eta helmuga gertu zegoen». Alzuri hamar urte geroago egon zen; ordurako, GPSa zegoen, probak bederatzi helikoptero zituen eta 2.000 pertsona antolakuntza lanetan. «Proba segurua da. Bi baliza dituzu: istripua eta erretiroa. Istripuarena pizten baduzu, ordu laurden batean helikoptero bat bertan da; bestearekin, asko jota egun batean».
Segurtasun arazoak direla medio, 2009an Afrikatik Hego Amerikara igaro zen proba, eta erabat aldatu zen. Abenturatik abiadurara. «Ibilgailuentzat gogorragoa da orain», azaldu du Livingstonek. «Baldintzak gogorragoak dira. Uda da, 50 graduko tenperaturak, autoaren barruan 60koak, altueraren efektua, etengabe edan behar duzu... Autoak ere gehiago sufritzen du: hondarra finagoa da, duna gora duna behera, harriak...». Abantaila ere badu, baina. «Hiri edo errepideren bat beti dago gertu, eta dirua eta laguntza taldea izanez gero, ordezko piezak. Ikusleak gertu daude, eta lagundu egiten zaituzte. Ezagutzen dut euskal gidari bat bere autoko motorra hautsi eta hango nekazari bati bere autokoa erosi ziona». Halakoak ezinezkoak ziren Afrikako urteetan. Alzuri: «Ez genuen inor ikusten. Lo ere militarrez inguratuta egiten genuen; ez genuen harremanik bertakoekin. Bakarrik zaude egun osoan. Bakardadea jasaten jakin behar duzu. Hamabost ordu gaur, hamalau bihar... Andoaindik Malagara arteko etapa, ia inor ikusi gabe».
Abenturazaleen Dakarra iraupen proba bat da. «Ezin duzu korrika egin, eta horregatik, nik ez nuen bukatu, korrika egin nuelako. Hurrengo urterako, badakit zer ez egin», eskarmentuaren ahotsa da Txillidarena. Alzuri bat dator: «Motoa ez apurtzea da gakoa, eta horretarako onena astiro joatea da. Afrikan bereziki, zerbait apurtuz gero, akabo. Helmugara egunero hain berandu iritsita, ezin genuen konpondu. Lo egin edo konpondu. Arreta mantentzen jakitea ere garrantzitsua da, edozein hutsek erorketa dakar, eta horrek, agur esatea». Livingstonek Dakar zaharraren mina du, hain lehiakorra ez zena, eta horregatik, proiektu berria du esku artean, Bilbo eta Dakar arteko raid-a. «Mauritaniako Gobernuak segurtasuna bermatzen digunean, martxan jarriko dugu egitasmoa».
Thierry Sabinen izpiritua
50 urteak beteak dituzte hirurek, eskarmentudunak dira, eta Dakarraren miseriak ere ezagutzen dituzte. Bi dira probak jaso dituen kritika nagusiak: kutsu kolonialista eta elitismoa. Ez dituzte ukatzen, baina zer zehaztua badagoela uste dute. Livingstonek: «Thierry Sabinek proba hau sortu zuen Tuareg batek Libiako basamortuan bizia salbatu ziolako. Ordurako, Tuareg erara bere buruaz beste egiteko jarria zen, lepo atzealdea eguzkitara jarrita. Afrikako herriei laguntza eramateko sortu zuen proba. Dakarraren eskutik laguntza elkarte asko joaten dira, eta probak berak dirua sortzen du, pentsa, 25.000 biztanleko herri bat da. Afrikara lehiatzera joandako pilotuen %90 itzuli egiten dira, laguntzarekin». Alzuri pragmatikoagoa da: «Dakarrak dirua mugitzen du, eta eraman ere bai. Herri askotan diru sarrera bakarra zen».
Amerikan joera hori aldatu egin da, eta nazioetako gobernuak dira proba erakartzen saiatzen direnak. «Merkatu onak dira markentzat. Brasilek ere eskatu du, baina han sartzea, oihanean, zaila da», azaldu du Txillidak. Bera da, era berean, elitista itxuraren inguruko ustea zehaztu duena. «Egon izan dira aberatsak-eta parte hartu dutenak, baina ez dute iraun. Talde ofizialek diru asko mugitzen dute, baina nik ezagutzen ditudan parte hartzaile gehienak ez dira aberatsak. Berez motor kirolak garestiak dira, baina Dakarren diruarekin ez da aski».
Parte hartzea merezi du, eta ez zaie damutu. Alzuri hunkitu egin zen eskuz eginiko motor harekin laku arrosara iritsitakoan, «arrosa da, benetan». Bizirik bi hilabete iraun zuen eskorpioi bat ekarri zuen maletan, eta argazki politak. «Mauritainian toki ezin ederrago batean galdu ginen». Livingston eta Txillidak azken hitza esateko dute, eta heldu den urtean itzuli nahi dute. «Arantza sartua dut. Bilboko izena autoan emanez bukatu nahi dut Dakarra», aldarrikatu du bere babeslearen izenean Corcuerak. Txillidak ere bere chauvinismo partikularra ase nahi du: «Zorretan nago probarekin. Garaitu egin ninduen proba da, gainditzeko dudan ikasgaia. Heldu den urtean San Sebastian egunez bukatuko da proba. Badaezpada danborra hartuta joango naiz».
Kirola. Euskal parte hartzaileak Dakar rallyan
Bazen behin desertuan...
Dakar rallyaren beste aurpegia da, baliabide gutxiko abenturazaleena. Parte hartzaileen «%90en» komeria, zailtasun eta malkoak dira. Proba bukatzea garaipen handitzat hartzen dutenen lekukotasuna. Euskal herritarrak ere egon dira tartean; ia urtero dago baten bat hondarra irensteko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu