Bazekien eta bazekiten

Alejandro Valverdek hirugarrenez irabazi du Fleche Wallone klasikoa, Huyko azken igoeran tropel buruan jarri eta egoera erabat kontrolatuta

Alejandro Valverde, atzo, podiumean, Fleche Wallone irabazi berritan. JULIEN WARNAND / EFE.
unai zubeldia
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«200 metro falta zirela banekien nik irabaziko nuela». Edonork ez du esaten halakorik. Eta are gutxiago Huyko paretan gora abiatuta. Baina txirrindulari berezia da Alejandro Valverde (Movistar). Estrategia hutsak leporatuta, espainiarrak kritika asko entzun behar izaten du denboraldian zehar, baina inor gutxik dauka Movistarreko taldeburuak klasikoetan daukan irabazteko grina eta gaitasuna. Joan den igandean bigarren Amstel Gold Racen eta atzo garaile Fleche Wallonen. Gehienetan bezala, Valverde gozatu handia hartzen ari da Ardenetako astean, eta Lieja-Bastogne-Lieja falta zaio oraindik. «Gogotsu eta ilusioz gainezka joango naiz, baina lasaitasun handiarekin».

Atzo erakutsi zuen lasaitasun eta konfiantza berberarekin. Euskal Herriko Itzulian Nairo Quintanaren alde egin bezala, Movistarrek inolako beldurrik gabe hartu zuen atzo ere lasterketaren ardura. Ihesaldia kontrolpean edukitzea, askoz gehiago ez da egin behar izaten Fleche Walloneko lehen kilometroetan. «Baina aurretik inoiz ez dut sentitu hainbesteko tentsiorik». Valverdek klasikoa irabazi berritan aitortu zuen moduan, kontrol lana baino zerbait gehiago behar izan zuten atzo, erorketa asko izan zelako. Erorketa horietan geratu ziren jokoz kanpo, besteren artean, Philippe Gilbert (BMC), Chris Froome (Sky), Dan Martin (Cannondale), Jelle Vanendert (Lotto) eta Wouter Poels (Sky).

Etapa hastearekin batera zazpi laguneko ihesaldia sortu ondoren, 28 kilometro falta zirela mugimendu serioa egin zuten Astanak eta Movistarrek, Luis Leon Sanchez eta Giovanni Visconti aurrera bidalita. Cherave gogorrean gora iritsi zen, ordea, mugimendurik indartsuena, Tim Wellemsena (Lotto). Etxetik gertu, flandriarra lasterketa buruan iritsi zen Huyko azken igoerara, baina tropelak ia oharkabean utzi zuen ezerezean Lottokoaren ahalegina. Erritmo aldaketarik egin gabe, faborito gehienak elkarren ondoan iritsi ziren azken 200 metroetara. «Baina hor jada banekien nik irabaziko nuela».

Indarrez soberan, Valverde lotsagabe jarri zen tropel buruan, eta, faborito izaera berretsita, nagusitasunez irabazi zuen bere hirugarren Fleche Wallone klasikoa. Julian Alaphillippe (Etixx) eta Michael Albasini (Orica) igo ziren podiumera. Gorka Izagirrek (Movistar) 44. postuan amaitu zuen proba, eta Imanol Erbitik (Movistar) erretiroa hartu zuen behin lanak amaituta.

Van der Breggen, urrutitik

Gizonezkoetan bezala, emakumezkoetan ere min egin zuen Cheraveko igoerak. Annemiek van Vleuten (Bigla) eta Roxane Knetemann (Rabo) ihes eginda iritsi ziren bertara, baina Anna Van der Breggen (Rabo) mugitu zen atzean, eta hark irabazi zuen proba, Van Vleuten eta Megan Guarnierri (Boels-Dolmans) aurrea hartuta. 67. amaitu zuen Ane Santestebanek (I. S. Giusfredi), 78. Dorleta Eskamendik (Bizkaia), eta 93. Lierni Lekuonak (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.