Batzuk erraz, besteak estuago

Arrate Bergara eta Nora Mendizabal dira Berria txapelketako lehen garaileak emakumezkoetan. Oberenak 2-1 irabazi dio Tolosari gizonezkoen finalean, eta iazko arantza kendu ahal izan du

Pilotariak, eta klubetako zein Berriako ordezkariak, atzo, sari banaketa ekitaldia eta gero. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
Hernani
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Arrate Bergara eta Nora Mendizabal emakumezkoetan eta Oberena gizonezkoetan. Horiexek dira aurtengo Berria pilota txapelketako garaileak. Bi kasuetan merezita jantzi zituzten txapelak. Bergararen eta Mendizabalen kasuan errazago, 22-10 hartu baitzituzten mendean Miriam Arraiza eta Amaia Aldai. Oberenaren kasuan, estuago. Hirugarren partidan erabaki zen Tolosaren aurkako lehia, eta hor nafarrak hobeak izan ziren. Hala, iazko arantza kendu zuten. Izan ere, finala berdina izan zen. Baina orduan Tolosak lortu zuen txapela.

Jaialdia emakumezkoen finalarekin hasi zen. Hamasei urtean lehen aldiz jokatu zen. Beraz, Bergara eta Mendizabal lehen txapeldunak dira. Kolore gorria izan zuen finalak hasieratik. Txapeldunek jo handiagoa zutela erakutsi zuten. Garaileen estrategia argia izan zen: atzean Aldai nekatzea. Arraiza gutxitan sartu zen jokoan, nahiz eta egin zuenetan aurrelariak erakutsi zuen etorkizun handiko pilotaria izan daitekeela, bizi eta abiaduraz jotzen baitu pilota aurreko koadroetan.

Hasierako 4 eta 4ko berdinketa eta gero, Mendizabalek eta Bergarak sei tanto egin zituzten erreskadan, horietatik lau sakez. Hor hautsi zuten partida. Hortik aurrera serio jokatzen segitu zuten. Arraizak eta Aldaik, berriz, tantaka baino ez zituzten egin tantoak, eta ezin izan zuten aldea murriztu. 15 eta 9tik aurrera, gainera, ezintasunaren poderioz akats gehiago egiten hasi ziren, eta22-10 amaitu zen norgehiagoka.

Gizonezkoen finala kadete mailarekin hasi zen. Euskal Herriko txapeldunak zergatik diren erakutsi zuten Tolosako Amianok eta Sodupek. 22-8 nagusitu ziren, Laso-Illarregi Iruñeko bikotearen kontra. Lehen tantoak ondoren gertatuko zenaren isla izan ziren. Amiano eta Sodupe 8-0 aurreratu ziren. Bost tanto Amianok egin zituen, sakez.

Bera izan zen partidako onena, sakez tantoa lortzen ez bazuen, airez sartuta min handia egiten baitzuen. Laso-Illarregi kontrakarrean aritu ziren neurketa guztian. Garaileak aldea handituz joan ziren amaiera arte. Handiena 21-5ekoarekin izan zuten.

Nafarrak hobeto

Parekatuagoa espero zen gazteen arteko lehia. Baina ez zen hala izan. Nafarrak gailendu ziren, Oskoz eta Ganboa, 22-11. Lehen partida galdu eta gero, Oberenakoek ezin zuten huts egin, eta hasieratik hartu zuten lehiaren aginte makila. Bi partzial oni esker,8-1eta 15-4 egon ziren aurretik, eta horrek lasaitasuna eman zien.

Tolosako Altunari eta Etxeberriari, haatik, lotuta ikusi zitzaien. Batez ere Etxeberriak behartu gabeko akats asko egin zituen, eta tantoak amaitu ezinik aritu zen, aukera zuenean. Oskozek, aldiz, min handia egin zien tolosarrei sake-errestoan. Hori saihesteko jokoa atzean kargatzen ahalegindu ziren, baina ez zuten lortu. Azken txanpan lauzpabost tanto egin zituzten erreskadan gipuzkoarrek, eta emaitza apur bat txukuntzea lortu zuten.

Dena, beraz, azken partidan erabaki zen, nagusiek jokatutakoan. Hor, Oberenako bikotea hobea izan zen. Lehiaren lehen zatia jaialdiko parekatuena izan zen. Tolosako bikotea zen aurretik, Elola-Telletxea, baina gehienez bi tantoko aldeaz.

Pilotakada askoko tantoak ikusi ziren, eta bizi joan zen partida. Batez ere aurreko koadroetan tanto politak ikusi ziren. Baina atzetik joan arren, Oberenako Kanabalek eta Aldabek ondo eutsi zioten, eta 10-9 jarri ziren aurretik. 7-2ko partzial batekin erabakigarria izan zen zuloa ireki zuten: 17-11. Kolpea izan zen hori tolosarrentzat, eta hortik aurrera nahi eta ezin aritu ziren. Amorruz, baina eraginkortasunik gabe. Hala, 22-15 amaitu zen lehia, eta txapela Iruñean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.