Izotz Hockeya

«Batzuetan, huts egiteari beldurra galdu behar zaio gauzak ondo atera daitezen»

Txuri-Urdinek bigarrenez irabazi du liga. Irene Senac jokalaria zen aurreko liga irabazi zutenean, eta, orain, aulkian ari zela lortu du garaikurra.

(ID_13696294) (/EZEZAGUNA) senac
Irene Senac ligako garaikurra eskuetan duela. BERRIA
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 14a
05:10
Entzun

Finaleko bost partidetatik hiru irabazi behar zituen Txuri-Urdinek ligako txapeldun izateko. Eta bide azkarrena aukeratu dute. Lehen hiru neurketak irabazita, ligako txapeldun izendatu dituzte asteburuan. Irene Senac prestatzailea pozez txoratzen dago, galtzetan ezin kabitu. Jokalari zenean hainbat liga irabazi zituen, baina erretiroa hartu eta bi urtera irabazi du lehenengoa entrenatzaile gisa. Sasoiaren nondik norakoez aritu da.

Asteburuan irabazi duzue liga. Denbora izan duzue lortutakoa asimilatzeko?

Ez dugu denborarik izan asimilatzeko. Lehen partidan garaikurrarekin itzuli nahi genuen Madrildik. Baina emozioak oso biziak dira, eta oso denbora laburrean. Egun batetik bestera ez dago astirik asimilatzeko.

Ohi baino urduriago sumatu zenituen jokalariak azken partidan?

Ez zegoen urduritasunik. Aste osoan oso ondo entrenatu ginen, eta, Majadahondaren aurkako lehen partidaren ondoren, jokalariek sinetsi zuten irabaz genezakeela. Majadahondak zerbait psikologikoa du, final askotan egon dira. Beti izan dira faboritoak, eta guk ez genuen uste lehen aldiz faboritoak izan gintezkeenik. Baina azken partidara oso lasai joan ziren jokalariak, hirugarren partidan lana amaitu nahi zutela sinetsita. Kostatu zitzaigun golak sartzea, baina ez ginen urduritu. Jokalariek argi izan zuten estrategia, eta bagenekien hirugarren zatira ondo iritsiz gero neurketa gurea izan zitekeela.

Majadahondak sona handia du izotz hockeyan. Ez da edozein aurkari, ezta?

Ezbairik gabe. Kontrakoa esatea gezurra litzateke. Puigcerda aurten talde hobea izan dela uste dut, baina Majadahondak badu zerbait berezia, eta finalak bereganatzea lortzen dute. Segur aski, Puigcerdak gauzak are zailago jarriko lizkiguke, baina Majadahondari aurre egiteak duen faktore psikologikoa talde horrek bakarrik dauka.

Finaleko lehen hiru partidak irabazita lortu duzue ligan gailentzea. Argi dago ligako talderik onena izan zaretela, ezta?

Hori da. Liga oso luzea da, eta partida asko ditu, askotariko aurkarien aurka, gainera. Maila apalagoko aurkarien aurkako partidak entrenamendu bat balira bezala hartu behar izaten ditugu, partidan bertan helburu asko jarrita. Ezin da banakako jokaldirik egin, helburua ez baita aurkaria desagertzea. Gutxi bagara, ezin dugu beste inor galdu. Gure hasierako helburua ligan ahalik eta konstanteenak izatea zen, eta hori lortu dugu. Eta final hau pastelaren ginga baino ez da izan.

Liga irabaztea helburu zenuten sasoi hasieran?

Ez horixe. Beste helburu batzuk genituen. Partida eta txapelketa bakoitza aprobetxatzeko baliatu nahi izan dugu denboraldia. 17-18 urterekin ikasten baduzu zure tresnarik onenak egun garrantzitsuetan erabiltzen, energia eta sufrimendu asko aurreztu dezakezu. Ikasketa horrek hobetzen laguntzen die jokalariei.

Zein izan dira denboraldiko gakoak liga irabazteko?

Lanari presioa kentzea izan da gakoetako bat. Kirolean gehiegizko kezka dago irabazteko. Eta horrek antsietatea, presioa eta halako faktoreak agertzea eragiten du. Nerbio txarrak, oro har. Gure kasuan, lagunarteko jolas bat balitz bezala hartu dugu ia. Batzuetan, huts egiteari beldurra galdu behar zaio gauzak ondo atera daitezen. Baliteke partida batean huts egin eta horren ondorioz aurkariak gol bat sartzea edo taldeak partida galtzea, baina hori ere ez da oso esanguratsua bizitzan. Hau baino testuinguru hoberik ez dago ausarta izateko, eta huts eginez gero momentuan zuzentzeko. Huts bera bost aldiz egitea litzateke arazoa, ikasi nahi ez den seinale baita. Baina hori ez da gertatu, eta arrakastaren erakusgarri da, emaitza gorabehera.

Iazkoa urte gogorra izan zen. Donostian gelditu ziren jokalarientzat zer esan nahi du aurten liga irabazteak?

Uste dut liga galduta ere orain bezain pozik egongo liratekeela. Eta horrek asko esan nahi du. Trantsizio garai horretan geratu ziren jokalariek argi zuten zergatik aritzen diren kirol honetan eta zergatik egiten dituzten egiten dituzten sakrifizioak.

Aurreneko garaikurra duzu entrenatzaile moduan.

Oso pozik nago. Lehia utzi izana asimilatzeko dolua konplexua izan da. Bizitza osoa daramat goi mailako lehiaketetan, eta ohitu egiten zara zenbait errutinatara. Eta erretiratzen zarenean, hutsune horiek beste emozio batzuekin bete behar dituzu. Zaila izan da. Erretiroa hartu behar nuela esan nuenean, esan zidaten gehiago luza nezakeela. Nik, berriz, uste nuen beste modu batera egin nezakeela ekarpena. Eta esaten zidaten: «Izotz hockeyko entrenatzailea? Mundu hori gizonena da, eta ez duzu lekurik izango. Bilatu beste lan bat». Zaila zitzaidan nire etorkizuna izotzetik kanpo imajinatzea. Zoroak ziruditen erabakiak hartu nituen, eta oso pozik nago orain.

Askotan galdetzen da ea non sufritzen den gehiago, jokoan edo aulkian. Galderari buelta emanda, non gozatzen da gehiago?

Oso desberdina da. Jokalari gisa, gaitasun fisikoa, heldutasuna eta gaitasun teknikoak dituzunean, oso dibertigarria da liga irabaztea. Sentsazio hori ikaragarria da. Baina aurten entrenatzaile gisa bizi dezakedan guztia bizi izan dut. Batzuetan, entrenamendu batzuetatik haserre edo triste ateratzen zara gauzak ez direlako nahi bezala joan, eta, ohera joaten zarenean, mila buelta ematen dizkiozu entrenamenduko ariketei. Gero, ordea, ikusten duzu jokalariek zugan konfiantza dutela denboraldiko une garrantzitsuenetan, eta aurrera eramaten dituzte gaizki atera zirela uste zenuen gauzak. Orduan pentsatzen duzu: «Ez da hain gaizki joan!».

Kopa dator orain. Bi garaikurrak lortzea izango da hurrengo helburua?

Aurrena deskantsatu, eta aste honen bigarren erdian hasiko gara Kopan pentsatzen. Jokalariei aukera eman nien asteartean edo ostiralean deskantsatzeko, baina kapitainek eskatu zidaten izotzera lehenbailehen itzultzeko. Horrek esan nahi du gogotsu daudela. Oraindik ez dakigu zeinen aurka ariko garen, baina beti egin daiteke zerbait, teknika indibiduala bada ere. Ostiralean ere elkartuko gara, baina entrenatzeko ez, baizik eta beste zerbaitetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.