Batzuen onura, besteen kaltea

Gazteak Jokoetara erakarri nahian, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak zenbait kirolen alde egin du: skateboarda, surfa eta kirol eskalada olinpiar kirolak izango dira Tokion, eta breakinga, 2024an, Parisen. Haiei tokia uzteko, beste batzuk utzi ditu kanpoan: karatea eta 50 kilometroko ibilketa.

Mikel Odriozola, 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan. FRANK ROBICHON / EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Aro Modernokoak: halaxe deitzen diete 1896tik hona jokatzen diren Olinpiar Jokoei. Baina, 125 urte dituztela kontuan hartuta, aspaldi utzi zioten modernoak izateari. Askorentzat, batez ere gazteentzat, zaharkituak daude. Horren jakitun dago NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordea, eta, irudi hori aldatzeko eta gazteak erakartzeko asmoz, zenbait kirol berriren alde egin du. Hala, aurten, Tokion, surfa, kirol eskalada eta skateboarda jokatuko dira lehen aldiz, eta, hiru urte barru, Parisen, breakinga.

Baina kirol berri horiei tokia egiteko, beste batzuei kendu die lekua NOBk: karatea eta 50 kilometro ibilketa dira horietako bi. Sartu direnak pozik daude; kanpoan geratu direnak, ordea, triste.

ENEKO REDONDOBreakingeko kirolaria

«Pozik gaude, baina argi dugu gure esentziari eutsi nahi diogula»

NOBk bultzatutako kirol berrien artean batek zeresana eman badu, hori breakinga izan da. Zalaparta handia sortu da haren inguruan, eta kritika zehatza egin zaio NOBri: ez dela kirol bat. «Ni ez naiz horretan sartzen. Bakoitzak bere iritzia du, eta denak dira errespetagarriak, baina eskatzen dudana da iritzia koherentziaz eta ezagutzaz ematea. Niretzat breakinga artea da, espresio eta lengoaia artistiko bat, baina baita kirola ere, ahalegin fisikoa egiten baitugu. Karatea kendu dutela breakinga sartzeko? Pena da, niretzat karateak ere asko baitu artetik eta kiroletik», dio Eneko Redondo breaker eta The Serious Side elkarteko kideak (Bilbo, 1991).

Haren iritziz, Olinpiar Jokoetan tokia izatea «berri ona» da breakingarentzat: «Aukera bikaina da breakinga ezagutarazteko eta babes handiagoa lortzeko, orain arte ez baitugu izan. Gainera, balio dezake erakusteko zenbat lan egin behar den kanpotik horren erraza dirudiena egiteko». Sinetsita dago breakinga sartzeak «buelta bat» emango diela Olinpiar Jokoei: «Freskatu egingo ditu. Olinpiar Jokoak ezin dira bizi gizartean gertatzen ari diren aldaketei bizkarra emanda. Gauza batzuk indar handia hartzen ari dira, eta Olinpiar Jokoek aprobetxatu egin behar dituzte».

Pozik egonagatik ere, aitortu du «kezka» dutela ea breakinga nola txertatuko den Olinpiar Jokoetan. Enekok argi du: «Orain egiten denari eutsi behar zaio: esentziari eutsi behar zaio». Baina «zalantzak» ditu zenbait konturekin: «Breakingean keinu itsusiak eta imitazioak egiten dira; adibidez, pistola batekin tiro egiten duzula antzeztu. Hori ez dute baimenduko Jokoetan. Ikusteko dago zer hartuko duten kontuan: musika, espresioa, estiloa, akrobaziak... Nire iritziz, dena hartu behar da aintzat. Azkenik, breakingean funtsezko elementua da biribil bat egitea (cypher) eta inguruan elkarrekin dantzatzea eta partekatzea. Ez dugu nahi hori galtzerik. Ez dugu nahi dena lehia izatea eta festa ukitu hori galtzea».

Azaldu duenez, breakingaren barruan «askotariko iritziak» daude Olinpiar Jokoen parte izatearen inguruan: «Askorentzat, breakinga bizitzeko era bat da. Ez du mugarik, ez adinik, ezta arrazarik ere. Unibertsala da. Edozeinek egin dezake, eta partekatu, partekatzea funtsezkoa baita. Badago kezka Jokoetan sartuta agian belaunaldi berriek lehiari eta ospeari bakarrik ematea garrantzia, eta breakingaren oinarriak bazter batean uztea».

Redondok ez du bere burua Jokoetan ikusten: «Batetik, Europa ekialdean sekulako maila dago: 11 urterekin jada sekulakoak egiten dituzte. Bestetik, Bilbon, ia ez da egon breaking kulturarik, ezta transmisiorik ere. Lau katu besterik ez gara, eta gure kasa aritu behar izan dugu beti, bozgorailu eskas batekin. Madrilen eta Bartzelonan askoz kultura handiagoa dago. Gasteizen ere mugimendu dezente dago. Ea Olinpiar Jokoek hori hauspotu dezaketen. Ni prest nago gazteekin lan egiteko, baina argi izan behar dute Olinpiar Jokoak hitz potoloa direla, eta ahalegin handia eskatzen dutela».

ALAIN GOIKOETXEASkateboardeko kirolaria 

«Gure eta gure babesleen beharra izan dute Olinpiar Jokoei eusteko»

Kalapita gutxiago egon da skateboardaren inguruan. Alain Goikoetxea (Getxo, Bizkaia, 1977) skaterra da pasioz, eta Espainiako hautatzailea ofizioz. «Pozik» dago skateboardak Jokoetan tokia lortu duelako, baina aitortu du «ezustea» izan zela NOBk haren alde egin izana. «Guretzat skatboarda artea da, kirola baino gehiago. Kirola da, ariketa fisikoa egiten baitugu, baina, zerbait baldin bada, espresio artistiko bat da; gure irudimena lantzen dugu une oro skatearen gainean. Babesleek ere alor artistikoari erreparatzen diote».

«Oso argi» du skateboardak «haize freskoa» ekarriko diela Olinpiar Jokoei: «Erabat zaharkituak daude. Adin bat dugunok ikusten ditugu, baina gazteek ez. 'Olinpiar zer? Zer Tiktoketan ageri da hori?': ziur naiz gazte batek baino gehiagok halaxe erantzungo lukeela Jokoez galdetuz gero, eta haiek dira etorkizuna; haiek dira etorkizuneko kontsumitzaileak. Ezin zaie bizkarra eman. Aintzat hartu behar dira».

Azpimarratu du horren aurrean NOBk skateboardari tokia egin «beste aukerarik» ez duela izan. «Olinpiar Jokoen inguruko jende gehiena oso garbizalea da: denbora eta puntuazio zehatz batekin neurtzen du dena. Baina skateboarda ezin da horrela neurtu; ez da zerbait zehatza. Eta honetan dabiltzanak hori azaldu diote hasieratik NOBri. Erakunde horretako arduradunei kostatu zaie hori ulertzea, eta buruhauste bilakatu zaie skateboarda, baina ez dute beste aukerarik izan. Gure eta gure inguruko babesleen beharra izan dute Jokoei eusteko».

Ez du uste Jokoetan egotearen truke skateboardak bere funtsa galduko duenik. «Egongo da jendea nahiago duena skateboarda Jokoetatik kanpo egotea, eta alderantziz, baina ez dut uste Jokoetan egoteagatik skateboardaren funtsa galduko denik. Hau beti izan da skaterrengandik eta skaterrentzat: hori da gure leloa. Kalean egongo da beti».

Kaleko eta parkeko lehiaketa izango da Tokion, eta munduko hogei gizonezko eta emakumezko onenak ariko dira batean eta bestean. Euskal herritarrik ez da lehiatuko. Ian Ponciano (Bermeo, Bizkaia, 2007) eta Alain Kortabitarte (Donostia, 2005) nabarmentzen dira Euskal Herriko skaterren artean, baina, Goikoetxeak azaldu duenez, «goizegi» datorkie Tokio. Hala ere, «oso itxaropentsu» dago etorkizunari begira: «Harrobi oso ona dugu. Skater gazte eta oso onak ditugu. Proiektu oso polita dago hemen [Basque Teamek eta Euskadiko Irristatze Federazioak abian jarritakoa]».

LAURA URRAKarateka 

«Ez digute aukerarik eman zer eskain dezakegun erakusteko»

Kaixo eta agur esango du karateak Olinpiar Jokoetan: aurreneko aldiz egongo da Tokion, kirol gonbidatu gisa —Japonian sortu zen—, baina badaki gero tokirik gabe geratuko dela. Horregatik, «etsita eta amorratuta» dago Laura Urra (Iruñea, 1999), egungo euskal karateka onenetako bat: «Oraindik ez dugu estreinakoa egin; ez dugu aukerarik izan ezer erakusteko, eta jada esan digute Parisen ez garela lehiatuko. Oso injustua da. Ez digute aukerarik eman zer eskain dezakegun erakusteko ere».

Urrak azaldu duenez, Nazioarteko Karate Federazioak «aldaketa eta moldaketa pila bat» egin ditu azken urteetan, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko, baina «lan gogor» hori guztia «alferrikakoa» izan da. «Azkenean, ez du ezertarako balio izan. Argi utzi digute ez dugula tokirik Jokoetan».

Haren ustez, eurek ez dakizkiten «interesak» daude NOBk hartutako erabakiaren atzean, baina «nahiko argi» du dirua dela arrazoi nagusia: «Sartu dituzten kirol berri horiek babesle asko dituzte atzean, dirua jartzeko prest, eta pentsatzen dut hori aprobetxatu nahi izan dutela erabakia hartzeko orduan».

Urrak ez du ulertzen zergatik judoak eta taekwondoak tokia duten Olinpiar Jokoetan, eta karateak ez: «Bitxia da, munduan jende gehiagok egiten baitu karatea, judoa edo taekwondoa baino. Ez dakit zergatik garen ahate itsusia, eta zergatik daukaten halako jarrera kirol honekiko. Benetan, ez dut ulertzen».

«Kolpe gogorra» jaso izanagatik ere, Urrak dio badutela «itxaropena» 2028ko Los Angelesko Olinpiar Jokoei begira NOBk iritzia aldatzeko. «Ez dugu etsi nahi. Tokioko Jokoak erakusleiho ederra izan daitezke gure kirola erakusteko eta NOBk iritzia aldatzeko. Ea lortzen dugun».

MIKEL ODRIOZOLAIbilketako atleta ohia

«Arriskua dago Olinpiar Jokoak Eurovision bilakatzeko»

Makina bat nazioarteko txapelketen artean, bi Olinpiar Jokotan parte hartu zuen Mikel Odriozolak (Errenteria, Gipuzkoa, 1973): 2000n, Sydneyn (Australia), eta 2008an, Pekinen; beti 50 kilometroko ibilketan. Pena ematen dio haren proba kutunena tokirik gabe geratzeak. «Ia lau orduko proba da, eta agian telebistarentzat ez da erakargarria halako lasterketa luze bat ematea, baina pena da».

Odriozolak argi du NOBren asmoen atzean gazteak erakartzea dagoela. «Ados» dago asmo horrekin, baina «oreka» topatu behar dela dio. «XXI. mendean gaude, eta teknologiek sekulako garrantzia dute; gazteek beste zaletasun batzuk dituzte, eta haiei bide eman behar zaie, baina Olinpiar Jokoen oinarriak, historia eta funtsa kontuan hartuta». Borrokaren adibidea jarri du. «Saiatu ziren hura kentzen ere, Olinpiar Jokoen historian zeresan handia duen kirola izan arren. Azkenean, ez zuten kendu, baina agerian geratu zen haien asmoa».

Mikelen ustez, diruak eta ikuskizunak «garrantzia» izan behar dute, «baina tamainan». «Oreka bilatu behar da: kirol berriak barneratu behar dira, baina poliki-poliki, ez kolpe batez eta zentzurik gabe. Arriskua dago Olinpiar Jokoak Eurovision bilakatzeko, baita zirku bat ere. Dirua lortzea bada garrantzitsuena, alda diezaietela izena Olinpiar Jokoei, eta jar diezaietela dirua ematen duen babeslearen izena, eta kito».

Azpimarratu duenez, «esfortzuaren kultura gutxiesteko beste urrats bat» da, eta, hori eginda, ez da mezu aproposa zabaltzen ari gizartean, eta batez ere gazteengan. «Bizitzan, eta kirolean, esfortzuak egin behar dira, eta lana egin. Gauzak ez dira lortzen kolpe batez eta lanik egin gabe. Zer mezu zabaldu nahi dute horrela?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.