Batzuek ikasi, besteek irakatsi

Sopela taldeak gazteen eta beteranoen arteko nahasketa egin du, iazko emaitza onei segida eman nahian. Ziklista garrantzitsuek taldea utzi dute, baina Naia Amondarain txirrindulariak azaldu du fitxaketek «oreka» ekarri dutela.

Nahia Amondarain txirrindularia, ahalegin betean. SOPELA.
enaut agirrebengoa
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Sopela taldeak hamalaugarren denboraldia hasi du UCI mailan. Aurrekoan, zazpi garaipen lortu zituen, eta, goiari eusteko asmoz, eraldatu egin du taldea. Zortzi txirrindulari fitxatu ditu, eta iazko taldetik bost besterik ez dira gelditu. Naia Amondarain (Ibarra, Gipuzkoa, 2001) da horietako bat, eta, haren ustez, bide onetik doa egokitzapena: «Oso talde polita dugula iruditzen zait. Hamahiru txirrindularitik zortzi berriak izatea asko da, baina lehen sentsazioak oso onak izan dira. Gogoz beterik gaude elkar hobeto ezagutu eta urte eder bat osatzeko».

Irakasle ikasketak egiten ari da Amondarain, eta bizikleta gainean ere ikaslea da oraindik. Nolanahi ere, ez da taldeko hasiberri bakarra, 23 urtez azpiko beste sei txirrindulari baitaude. Badute irakaspenak norengandik jaso, gainontzeko ziklistek 30 urte edo gehiago dituzte eta. Haien artean daude Nadine Gill, Agnieta Francke eta Patricia Ortega iritsi berriak. Sofia Rodriguezek eta Ines Canterak utzitako hutsuneak betetzeaz landa, taldeari «oreka» emango diotela uste du Amondarainek: «Falta zaigun eskarmentua emango digute gazteoi. Sofia eta Ines oso garrantzitsuak ziren guretzat, baina zaildu gabe zeuden. Nadinek, adibidez, emaitza txukunak lortu ditu Giroaren gisako lasterketa handi batean. Asko ikasiko dugu haiengandik».

Gazteak eta beteranoak nahastuta, berriz ere urte arrakastatsua osatzen saiatuko da Francisco Plak zuzenduriko taldea. Euskaldun torneoa irabaztea izango da helburuetako bat, eta lehen urratsa egin du jada: Claire Steelsek besoak altxatu zituen estreinako proban, Zaldibarren (Gipuzkoa). Espainiako Kopan ere, garaipenak pilatu eta bukaerako sailkapena irabazten saiatuko dira. Iazko aldia Ortegak irabazi zuen, Massi-Tactic taldean, eta, orain, beste horrenbeste egiten saiatuko da Sopelaren elastikoarekin. UCI mailako lasterketetan zeresana ematea izango da taldearen beste erronka, Amondarainek azaldu duenez. «Maiatza nazioarteko lasterketez betea dugu. Garbi dago bertan emaitzak lortzea etxeko probetan baino askoz ere zailagoa dela. Horietan, guk hartzen dugu ekimena. Nazioartean, ordea, onenekin gabiltza. Baina gogotsu gaude maila txukuna emateko».

Proba nagusien artean, Euskal Herriko Itzuliak egiten dio ilusiorik handiena. Maiatzaren 13tik 15era jokatuko da. «Betidanik jarraitu izan dudan lasterketa bat da, eta irteeran egote soila ohorea izango litzateke. Bazen garaia behingoz emakumezkook ere lehiatzeko aukera izan genezan». Oraindik ez daki parte hartuko duen ala ez. Behintzat, garai horretan ez du azterketarik izango. Lezioak etxeko errepideetan ikasi nahi ditu, talderik indartsuenekin lehian. «Burgosko eta Andaluziako itzuliak ere badaude, eta hitz egiten ari gara bakoitza nora joango den. Batzuek azterketak ere izango dituzte, eta dena antolatu behar dugu. Ni libre egongo naiz, eta Itzulira joatea espero dut».

Hirugarren urtea du Sopelan, eta «hazten eta ikasten jarraitzea» da haren helbururik behinena. «Hasiera ez zen samurra izan, konfinamendua tarteko. Kosta egin zitzaidan mailara egokitzea. Pixkanaka, erritmoa hartzen eta seguruago sentitzen ari naiz, eta, atzera begiratuta, ikusten dut garatzen ari naizela txirrindulari gisa. Hala jarraitu nahi dut». Sopela talde «txikia» eta «gertukoa» dela esan du, eta bertan «oso eroso» sentitzen dela. «Arduradunak beti daude entzuteko prest, eta ez digute inolako trabarik jartzen txirrindularitza ikasketekin bateratzeko. Hori oso garrantzitsua da. Azterketak ditugunean, askatasuna ematen digute».

Emaitzarik onenak, pistan

Modalitate ezberdinak egiteko ere ez diote arazorik jartzen. Errepidea pistarekin uztartzen du kadetea zenetik, eta «oso gustura» egiten ditu biak ala biak. «Ez dut lehentasunik bien artean. Ezingo nuke bat aukeratu, eta beharrik ere ez dut bata edo bestea aukeratzeko. Elkarren osagarriak dira». Emaitzarik onenak belodromoan lortu izan ditu orain arte. Adibidez, duela hiru aste Espainiako txapeldun izan zen Madison proban, Tania Calvo gasteiztarrarekin batera. «Errepidean ere maila horretara iristea gustatuko litzaidake. Ikusiko da gai naizen ala ez, baina gogor egingo dut lan hori lortzeko».

Etorkizunera begira, irakasle izatea da haren lehentasuna, baina txirrindularitzan ere bidea egin nahiko luke: «Amesten jarraituta, handia litzateke elite mailako Munduko Txapelketan parte hartzea». Ametsetan handiena, dena den, «profesional bilakatzea» litzateke. «Ikaragarria litzateke txirrindularitzatik bizi ahal izatea. Ez dut ezinezkotzat, baina errealista naiz: badakit oso zaila dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.