Battitta Ducassou da faborito etzi, buruz buruko trinket finalean

Mathieu Ospitalen aurka jokatuko du, Hazparnen. Pilotaleku berria da, beirazko eskuin paretaduna, eta nahiko bizia

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Battitta Ducassouk (Itsasu, Lapurdi, 1991) eta Mathieu Ospitalek (Hazparne, Lapurdi, 1993) buruz buruko trinket finala jokatuko dute etzi, Hazparnen, Berria trinketean (11:00). Bien garaipen zerrendari eta elkarren aurkako partidei erreparatuta, Ducassou da faborito garbia, baina Ospital trebea da buruz buruko lehian. Berritasunik handiena, dena den, pilotalekua da, Frantziako Federazioak finala Baionatik Hazparnera eraman baitu. Pilotalekua goitik behera berritu dute, eta beirazko eskuin pareta du orain. 1.000 ikusle inguru sartzen dira, eta etzi bete egingo da.

Buruz buruko txapelketa iraupen proba bat izan da aurten, eta ligaxkara iritsi eta min hartu ez duten bi pilotariek jokatuko dute finala. Peio Larralde eta Bixintxo Bilbao ziren beste biak, baina ligaxka bertan behera utzi behar izan zuten, arazo fisikoen ondorioz. Osasuntsu bakarrak direla esatea ez da erabat zuzena, Ospitalek ligaxkako lehen partida, Ducassouren aurka jokatu beharrekoa hain zuzen, atzeratu eginbehar izan baitzuen, sorbaldako arazo batengatik. Hiru aste pasatu dira geroztik, eta, Ospitalek iragan astearteko pilota aukeraketan esan zuenez, erabat osatu da.

Ducassouren eta Ospitalen artean ez dago sekreturik. Lagun minak dira, eta elkarrekin entrenatzen dira, Panpi Ladutxeren aginduetara. Horretaz gain, makina bat aldiz jokatu dute elkarren aurka buruz buru, eta partida garrantzitsuenak Ducassouk irabazi ditu. Esaterako, 2017ko finalean elkarren aurka aritu ziren, eta Ducassouk buruz buruko bere bigarren txapela irabazi zuen egun hartan (40-27) —hirugarren finala du—. Ospitalek, berriz, buruz buruko hirugarren finala du jarraian, eta aurreko biak galdu egin zituen. Txapelketa da buruz buruko lehia handiena, eta Superprestige torneoa bigarrena; bada, Donibane Garaziko torneoko azken bi finaletan ere elkarren aurka jokatu dute, eta bietan Ducassou gailendu da: 40-22, 2018an eta 40-34, 2017an.

Finala bi estiloren arteko talka izango da. Ducassou atzelari indartsu eta gotorra da; Ospital, berriz, aurrelari bizia. Beren arteko aurrekariek argi uzten dute Ducassou trebeagoa dela buruz buruz, eta zailduagoa dagoela fisikoki. Dena den, hobe du ez erlaxatzea, Ospital gai baita buruz buru edozeini ezustekoa emateko. Pilotalekuari dagokionez, berria da, baina bi pilotariek bertan jokatu eta entrenatzeko aukera izan dute. Lurra bizia da, eta eskuin pareta ere bai, Moderneren trazakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.