Batez ere errebeldea

Igor Susaeta.
2010eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Laurent Fignon bere autoa gidatzen ari zen Parisko kaleetatik, eta bat-batean medikuak deitu zion sakelako telefonora. «Lepoan dauzkazun gurintxoak minbizi-eragileak dira». 2009ko maiatza zen. Fignonek Nous etions jeunes et insouciants (Gazteak eta arduragabeak ginen) autobiografia idatzi berria zeukan; argitara emateko prest. Baina bi aste geroago beste zerbait plazaratu behar izan zuen. Frantziako telebista kate bateko saio batean izan zen. «Minbizia garatu egin da. Hesteei eta pankreari eragiten die», aitortu zuen. «Albiste txarra da». Baina beldurrik gabe aurre egin zion gaitzari. Lanean jarraitu zuen. Sutsuki. Pasioz, ohi bezala. «Ez daukat hiltzeko beldurrik». Minbiziak, ordea, ez dio beti bezain errebelde izaten jarraitzeko aukerarik eman. Errebeldeena ere akabatu dezake. Fignon bera ere aurretik eraman du. Parisko ospitale batean hil zen atzo, 50 urterekin.

1982an egin zuen debuta, eta erretiratu arte, 1993ra arte, 70 garaipen baino gehiago bildu zituen. Tartean, Milan San Remo eta Fleche Wallone klasikoak, Nazioen Sari Nagusia erlojupeko lasterketa luzea, etapak Paris-Niza, Dauphine Liberen, Tirreno-Adriatikon... Eta itzuli handiak, noski. Behin irabazi zuen Italiako Giroa, eta birritan Frantziako Tourra. Orduan, lasterketarik entzutetsuena bigarrenez irabazi zuenean, 23 urte baino ez zeuzkan artean. Askoz ere gehiago irabaz zitzakeela zirudien. Izan ere, txirrindulari bikaina zen. Erlojupekoetan espezialista handia izan gabe, bakarkako saioak irabazten zituena, eta igotzaile petoen gorpuzkera izan ez arren, denak atzean uzteko gai zena. Oldarkorra, gainera.

Baina 1989ra arte ez zen berriro Tourraren sailkapen nagusiaren lehian sartzeko gauza izan. Lesioak eta zorte txarra tarteko, ezin gehien maite zuen lasterketan, loriara eraman zuen proban, bete-betean jardun. 28 urterekin, baina, esku-eskura eduki zuen Tourra hirugarrenez irabaztea. Azken etapa zen jokatzekoa, 24,5 kilometroko erlojupekoa, Versailles eta Paris artean. Fignon zen liderra, eta Greg Lemond bere taldekide izandakoa -halere, ez zioten elkarri hitz ere egiten-, bigarren, 50 segundora. Bezperan, garaipena ospatu zuen hotelean bere taldekideekin batera. Baina bakarkako lanean 58 segundoren aldea atera zion Lemondek, eta akabo.

Estatubatuarrak triatloilarien heldulekua erabili zuen, eta kasko aerodinamiko bat jantzi. Adituen esanetan, teknologiak baliatutako aurrerapenak erabili zituelako irabazi zituen Lemondek erlojupeko eta Tour hura. Fignonek, ordea, erabateko konfiantza zuen bere indarrengan. Baina Fignonek berak aitortu zuen autobiografian «arduragabea» zela.

Hartara, txirrindulari izan zen bitartean dopatu egin zela aitortu zuen liburuan: anfetaminak eta kortisona. «Mundu guztiak hartzen zituen». Medikuen arabera, baina, substantzia horiek, horien etengabeko kontsumoa, ez ziren izan minbizia eragin ziotenak. Beste substantzia batzuekin ere esperimentatu zuen. 1984ko RCN Klasikoan, Kolonbian, azken etapa kokainaren eraginpean korritu zuela esan zuen. Behin 1987ko Espainiako Vuelta bukatuta, gainera, Lucho Herrera irabazleak, kolonbiarra bera, kokaina hartzera gonbidatu zuen, Fignonen hitzetan. Frantziarrak ez zituen hango ziklistak atsegin. Horren harira, beste aitorpen bat: 1987ko Vueltan Cafe de Colombia Herreraren taldeak Fignon eta haren taldekideak erosi zituela, azken hiru etapetan erasorik jo ez zezaten. Garai bateko 30.000 franko -1.500 bat euro- bakoitzari. Herrerak dena gezurtatu zuen, eta zera gehitu: «Egia balitz Tourra erosiko genion».

Polemikoa izan zen Fignon. Beti. Errebeldea, gaizki hezitakoa batzuetan, 1989ko Tourrean telebista kamera bati txistua bota zionean bezala. Azken urteotan, lasterketak antolatzen ibili eta gero, telebistan ere lan egin du probak komentatzen; eta epelak bota. Sutsuki, pasioz. Bere azken lasterketa, esaterako, pasio horren, gizon errebelde horren irudi garbia. 1993ko Tourra zen, eta jada ez zegoen aurrekoekin borrokatzeko. Hortaz, La Bonnette erraldoia bakarrik, azken tokian, igo zuen. «Inork lapurtuko ez zidan une triste baina polit harekin gozatu nahi nuen». Agur intimoa. Orduan ere errebelde, bere erara jokatuz.

IGOR SUSAETA

Nortasun agiria

Izena: Laurent Fignon.

Jaioteguna: 1960ko abuztuaren 12a.

Jaiolekua: Paris (Frantzia).

Ibilbidea: Renault-Elf-Gitane (1982-1985), Systeme U (1986-1989), Castorama (1990-1991) eta Gatorade (1992-1993).

Lorpen garrantzitsuenak: Nazioarteko Kriteriuma 1982an; Frantziako Tourreko sailkapen nagusia eta etapa bat, eta Espainiako Vueltako etapa bat 1983an; Frantziako Tourreko nagusia eta bost etapa, eta Frantziako txapelduna errepideko proban 1984an; Fleche Wallone 1986an; Paris-Nizako bi etapa, hirugarren Espainiako Vueltako nagusian eta etapa bat 1987an; Milan-San Remo 1988an; Milan-San Remo, Italiako Giroko nagusia eta etapa bat, bigarren Frantziako Tourreko nagusian eta etapa bat, eta Nazioen Sari Nagusia 1989an; Nazioarteko Kriteriuma 1990an; eta Frantziako Tourreko etapa bat 1992an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.