Golak: 1-0: C. Ronaldok (6. min.); 2-0: C. Ronaldok (51. min.); 3-0: Sergio Ramosek (59. min.); 4-0: Carvajalek (83. min.).Epailea: F. Teixeira Vitienes. Bi taldeetako inori ez zion atera txartelik. Bestelakoak: 69.854 ikusle inguru Bernabeun. Tito Vilanovaren omenez, minutuko isilunea egin zuten hasieran.
Zelai zail batera joanagatik, puntu premia handiarekin zegoen Osasuna, baina gorritxoek ez zuten sinetsi Real Madrili min egin ziezaioketenik. Kemenik gabe, aurkariari kosk egin gabe, grinarik gabe, zail dute nafarrek partidak irabaztea, eta are eta zailago Real Madrilen aurka. Etzi Munichen jokatu beharreko Txapeldunen Ligako partida izango zuten buruan Carlo Ancelottiren jokalariek, eta indar askorik xahutu gabe lortu nahiko zituzten atzo hiru puntuak. Bada, erabat bete ziren haien nahiak. Osasunak ez zien eragin inolako arazorik, amore emanda zelairatu ziren jokalariak, eta amore emanda aritu ziren 90 minutuetan.
Hori hala izanik, ez da zaila markagailua ulertzea (4-0). Premia izan balu, zortzi gol ere sartuko zituen atzo Real Madrilek, baina lau golekin konformatu ziren. Zorionez. Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, jaisteko postuetatik oso gertu da Osasuna, eta atzo erakutsitako kemen faltarekin jarraituz gero, ez dago salbatzeko itxaropenik. Etxean eta aurkari samurragoen aurka beste grina bat erakutsi beharko dute nafarrek.
Osasunak ez zuen sinetsi ezustekoa eman eta Santiago Bernabeun punturen bat lor zezakeenik. Partida hasi eta berehala Cristiano Ronaldok aurretik jarri zuen Real Madril, area kanpotik bidalitako ezkerkada batekin —jokoz kanpo zegoen portugaldarra jokaldiaren hasieran—. Jokaldi horren ondoren, esnatu zen Javi Graciaren taldea, eta ahalegindu zen Diego Lopezen ate ingurura hurbiltzen. Baina ez zuten asmatu Real Madrileko atezainari lana ematen. Hiru korner izan zituen alde minutu gutxiko tartean, baina ezin minik egin.
Real Madril eroso zegoen berdegunean. Osasunak ez zuen zurien erauntsirik jasan beharrik, baina falta alerik ez zuten egiten eta entrenamendu batean bezain eroso ari zen futbolean aurkaria. Flaño eta Arribas erdiko atzelariek baloi arriskutsu ugari urrundu zuten, eta Andres Fernandez ere txukun aritu zen Real Madrilen erremateetan. Baina beste ezer ez zuen egiten Osasunak. Presioan kemenik ez zitzaien nabaritzen. Real Madrileko jokalariei ez zieten kosk egiten. Atzean ondo kokatu eta Ancelottiren jokalarien zain geratzen ziren, minutuak pasa ahala aukera argiren bat sortzeko gai izango zirela sinetsi nahian.
Aldageletatik bueltan, akabo
Baina, atsedenalditik bueltan, Cristiano Ronaldok berehala egin zuen 2-0koa. Area ertzean metro bat eman zioten gorritxoek, eta portugaldarrak ez zuen bitan pentsatu; eskuinkada dotorearekin, zutoinak eta langak bat egiten duten tokian jarri zuen baloia. Ezinezkoa Andres Fernandezentzat. Aurrez amaituta ez baldin bazegoen, hor amaitu zen norgehiagoka. Sergio Ramosek buruz hirugarrena egin zuen zortzi minutu geroago, eta aldaketak egiten hasi zen Ancelotti, Bayern Munichen aurkako partida ahaztu gabe. Gazte-gazteak aterata ere berdin irabaziko zuten atzo. Osasuna denbora pasa joan zen Madrilera. Derrigortuta.
83. minutuan Carvajalek egin zuen laugarrena, buruz. Osasunak Celtaren aurkako partida erabakigarria zuen buruan. Real Madrilekoek Munichekoa. Ea hurrengo partidarako gorde dituzten nafarrek atzo erakutsi ez zituen grina, gogoa eta kemena.
Real Madril 4. Osasuna 0
Batere federik gabe
Osasunak ez du sinetsi Real Madrilen zelaian ezustekoa eman zezakeenik, eta porrot mingarria jaso du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu