Trinketak urteko egunik handiena biziko du etzi. Azken urteetan tradizio den bezala, Baionako Moderne pilotalekuko beirazko pareten artean jokatuko da buruz buruko finala. Mathieu Ospitalek (Urepele, Nafarroa Beherea, 1993) eta Peio Larraldek (Hazparne, Lapurdi, 1993) jokatuko dute, gaur egungo bi aurrelari indartsuenek. Txapelketari erreparatuta ,Ospitalek beharko luke faborito garbi, baina Moderne pilotalekuan jokatze horrek Larralderen aukerak handitu ditu. Horiek hala, parioak orekatu xamar irtengo direla dirudi, edo Urepelekoaren aldeko joera txikiarekin.
Bi aurrelariek atzo egin zuten pilota aukeraketa. Bina pilota aukeratu zituzten, eta trinketean ohikoa den bezala, pilotekin ez zen arazorik egon. Bien aldetik gehiago izan zen presio aldentze ariketa bat saskiarekin bete beharreko protokoloa baino. «Bai, bai, argi dago bera dela faboritoa, sasoi oso onean dago, eta, logikoki, ligaxka lehen postuan bukatu baldin badu, bera da faborito», nabarmendu zuen Larraldek. Ospitalek, aldiz, garrantzia kendu zien parioei. «Faborito izateak ez du ezer aldatzen. Sasoiko nago, egia da, baina finala partida ezberdina da».
Ospitalen faborito izaera aurreko partidek ezartzen dute. Iaz, esaterako, txapeldunorde izan zen buruz buruko txapelketan eta Superprestige torneoan. Ezustekoa eman, eta beste izen bat gehitu zuen belaunaldi berriko trinket pilotarien zerrendara. Urte honetan, haren jokoak gora egin du—Panpi Ladutxeren pilotari multzoan entrenatzen da—, eta berriz ere sartu da finalean. «Urte honetan indar pixka bat irabazi dut, baina iaz, Ducassouren aurka finala galdu nuenean, ondo nengoen, eta orain ere bai». Ligaxkan hiru partidak irabazi ditu —40-37 Blbaori, 40-22 Larralderi eta 40-20 Ximun Lanberti—, eta konfiantzaz lepo iritsi da finalera.
Azken bi hilabeteetan, gainera, bi aldiz irabazi dio Larralderi buruz buru. Ligaxkako hori, eta, abenduan, Superprestige torneoko finalerdietan (40-35). Bi partida horiek, baina, Donibane Garazin irabazi zituen. Hura harrizko trinketa da, motela, eta egokiagoa da Ospitalentzat. «Finala beste pilotaleku batean jokatuko da, Larralderen bolea jokoari mesede egiten diona, baina tira, niri ere gustatzen zait».
Ospitalek, baina, iaz jokaturiko bi finalak galdu zituen, eta horrek zalantza sortu du presioari eusteko bere ahalaren inguruan. Larraldek, berriz, eskarmentu handiagoa du. Adin berekoak izan arren, ohituago dago finalak jokatu eta irabaztera. Berak badaki zer den buruz buruko txapeldun izatea (2016), eta bi aldiz irabazi du Super Prestige. Trinket aldaketak ilusioa piztu dio, baina badaki pilotalekuak bakarrik ez dituela tantoak egiten. «Modernen gauzak asko alda daitezke, trinket diferentea da, baina irabazi didanean ondo merezita irabazi dit». Iragan astean konfiantza bultzada hartu zuen, 40-20 irabazi baitzion Bixintxo Bilbaori, Modernen.
Bien artean ez dago sekreturik, eta txapeldun ohiak ondo daki zeintzuk diren aurkariaren bertuteak. «Defentsan asko jokatzen du, baina badaki tantoa trinkatzen, igandean sasoi hoberenean dagoenak irabaziko du». Ospitalek antzeko analisia egin zuen, eta berak argi du zein den gakoa: «Final ederra izango dela uste dut; sasoi onean gaude biok. Nire ustez, fisikokoki besteari gaina hartzen dionak irabaziko du». Finalak ikuskizuna sortu du, baina Moderne —1.100 ikusle— ez da beteko. Eskuineko harmaila bete egingo da; ezkerrekoa, aldiz, zailagoa da, bertatik ez delako ondo ikusten. Igandean eros daitezke sarrerak, hogei edo hamar euroan.
Iturbe, binakakora
Buruz burukoaren ondoren, binakako txapelketaren txanda iritsiko da. Martxoaren erdi aldera hasiko da, eta Frantziako Federazioak jada osatu ditu parte hartuko duten bost bikoteak: Peio Larralde-Ion Iturbe, Waltary Agusti-Peio Gixandut, Julien Etxegarai-Bixintxo Bilbao, Alexis Intxauspe-Batita Doucassou eta Mathieu Ospital-Ximun Lanbert.
Ezustekorik handiena Iturbe gaztea da. Iaz hasi zen berezkoekin jokatzen, eta txukun aritu da. Bigarren Mailako buruz burukoa jokatzen ari da egun, eta finalerako sailkatu da. Hilaren 26an jokatuko du, Donibane Garazin, Laurent Lanberten aurka.
Baten eskarmentua, bestearen sasoia
Mathieu Ospitalek eta Peio Larraldek buruz buruko trinket finala jokatuko dute etzi, Baionan. Ospitalek 40-22 irabazi zuen ligaxkan, baina Moderne pilotalekuak Larralderi egiten dio mesede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu