Arrauna

‘Batelerak’, aurten lehorrean

Harrobiko gutxieneko arraunlari kopurura ez dira iritsi, eta horregatik ez da traineru arrosarik egongo udan uretan. Arraunlariek behin-behineko irtenbideak aurkitu dituzte.

2022ko martxoaren 4a
17:24
Entzun

2014tik 2018ra bitartean, Bizkaiko golkoko ontzirik loriatsuena izan zen Batelerak trainerua. San Juan Koxtape arraun elkarteko emakumeen traineruak bost Emakumeen Traineru Liga poltsikoratu zituen, bata bestearen atzetik, eta urte horietan guztietan Kontxako Bandera ere eskuratu zuten. Sanjuandarren emakumeen trainerua sortu eta hamabi urtera, ordea, ez da elastiko arrosarik ikusiko aurtengo udan.

Parte hartzeko araudiaren baldintzetako bat ez betetzea izan da arrazoia: harrobiko arraunlarien gutxieneko kopurua ez zuten betetzen, eta horrek ontzia biltegian uztera behartu ditu Pasaiako bokaleko ekialdeko barrutikoak. Klubak berak komunikatua atera zuen duela bi aste: etxeko arraunlarien kopurua ezin betetzea «pena izugarriz» hartu zutela adierazi dute klubaren kudeaketa batzordeko kideek.

Lapurdi Arraun Elkarteko arraunlariekin traineru bateratua sortzea zen aurtengo denboraldira begirako asmoa, baina bermerik ez zegoen horretarako. «Eta ez ateratzera behartu gaitu egoerak. Araudia dagoena da, eta ez dago besterik. Gu ez gara iritsi hori betetzera». Ia ezustean harrapatu ditu lehorrean geratu behar izateak. «Denboraldi hasieran ez genuen pentsatuko ez ginela aterako, baina horrela suertatu da». Iragarri dutenez, datorren urtean gauza bera ez gertatzeko lanean ari dira.

«Pena handia»

Traineru arrosako tostetan esertzen direnentzat «kolpe gogorra» izan da. Maddi Puy Sorondo arraunlariak adierazi duenez, «pena handiz» bizitzen ari dira kluba itsasora ez ateratzea. «Urri-azarotik ari gara prestatzen denboraldia, eta ondoren ezin dugula atera entzutea… Ezintasuna sentitzen dugu, berez taldea badagoelako eta lana egin dugulako hori ateratzeko, baina hor geratu gara denok zintzilik».

Iaz kide askok egin zuten alde, eta bospasei arraunlari geratu ziren taldean. «Ez genekien bateletan aterako ginen, entrenatuko ginen, ontzi txikietarako bakarrik arituko ginen jende gehiago ez zegoelako…», gaineratu du Puyk. Jakinarazi zieten Lapurdirekin elkartuko zirela, trainerua ateratzeko. «Ilusioz» jaso zuten albistea, eta denboraldia hasteko entrenatzen hasi ziren udazkenean, baina plan aldaketa iritsi zen gero. «Azken finean, nahi edo nahi ez, gure bizitzaren parte oso garrantzitsua da arrauna; ia ez dakit nola erreakzionatu zintzilik geratu garela ikusita», esan du Puyk.

Ontzi txikietan aritu dira, pare bat estropadatan, baina gehiagorako ez du eman ibilbideak. Izan ere, batel bat betetzeko lau arraunlari behar dira, eta San Juanek bost zituen. «Ezin izan dugu gauza handirik egin. Gutako batek min hartu zuen, eta, lana zela edo dena delakoa zela, astean zehar ez genuen entrenamendu saiorik egiten. Eta entrenatu gabe ezin ginen besteen mailan egon». Gainera, trainerua osatu behar zuten pasaitar eta lohizundarrek bakoitzak beren aldetik aritu behar izan dute. Izan ere, lapurtarrak maila bat beheragokoak dira, gazte mailakoak.

San Juan Koxtape arraun elkarteko zuzendaritzak esan zien irtenbide bat bilatzen saiatuko zirela, eta hainbat klubekin hitz egingo zutela. Puyk azaldu du bakoitzak zein bide hartu duen: «Zumaiako arraun elkarteak eskaini zigun beraiekin arraun egitea. Bizpahiru arraunlari hara joan dira, beste pare batek ez zuten arraunarekin jarraitzeko gogorik, eta niri Donostiarratik deitu didate». Lapurdiko arraunlariei dagokienez, Hernaniko trainerua indartuko dute. Iaz kontrakoa izan zen: hernaniarrak joan ziren Donibane Lohizunera.

2023ari begira

Puyk Donostiarraren arraunkerara, entrenamenduetara eta ezberdinak diren beste hainbat kontzeptutara moldatu beharko du orain. Haren esanetan, ez da gauza bera orain traineru berri batera iristea edo udazkenetik hastea. «Taldera egokitzearena prozesu bat da. Donostiarran, exijentzia maila beste bat da. ETE ligan aritzen ginen San Juanekin, eta orain Donostiarra Euskotren liga irabazteko lehian dabil». Uste du lehen asteak «gogorrak» egingo zaizkiola, baina «gogo biziz» dagoela ziurtatu du.

Etorkizunari begira daude bai kluba eta bai arraunlaria bera. Hala azaldu dute klubaren kudeaketa batzordeko iturriek: «Datorren denboraldia, konturatzen garenerako, hor dago. Gu hasi gara datorren urtean pentsatzen. Aurtengo denboraldia bukatu egin behar da oraindik, baina 2023koa prestatzen hasi behar dugu. Aurten ez ateratzeak ez du esan nahi aurrera egin behar ez dugunik, alderantziz baizik».

Puy gustura bueltatuko litzateke 2023an Batelerak ontzira: «San Juan izan da betidanik nire kluba, eta, gainera, harrobiko arraunlariaren fitxa daukat. San Juanek trainerua aterako balu, gustura asko joango nintzateke ikusten badut proiektuak baduela etorkizuna eta ez garela ibiliko aurten ibili garen moduan». Izan ere, berretsi du berriro duda-mudatan ibiltzeak «gogoa kendu» eta «psikologikoki eragiten» duela. Aurtengo denboraldian, beraz, Batelerak ontziak lehorrean geratu beharko du. Batelerak, baina, palakadak ematen arituko dira, 2023a ortzi mugan dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.