Pilotarientzat eguneroko lana da garrantzitsua. Frontoiko entrenamenduak, gimnasioko ordu luzeak, partida bakoitza... baina horiek ez dira ametsetan agertzen. Finalekin egiten dute amets pilotariek umetan, eta zaleen oroimenean ere txapelak gelditu ohi dira. Txapel beltzaren gerizpean lo egiteko aukera izango dute gaur Julen Egigurenek (Azpeitia, Gipuzkoa, 2000) eta Iraitz Zubizarretak (Ataun, Gipuzkoa, 1999). Tolosako Beotibar frontoian (Gipuzkoa) ariko dira Promozio Mailako lau eta erdikoan (17:15, ETB1).
Finalari aurre egiteko prest daude bi pilotariak. Gainera, bietako batentzat, behintzat, final berezia izango da. Promozio Mailan banaka txapelik jantzi gabeak dira bata zein bestea. Lau aldiz aritu da finaletan Egiguren V.a, horietako hirutan lau eta erdian. Zubizarreta III.ak, berriz, bigarrena du gaurkoa. Esperientzia badaukate, baina ez txapelik. Final denak galdu baitituzte biek. Hortaz, Tolosan 22ra iristen denak lehen aldiz jantziko du txapel beltza.
Lehen aldiz jokatuko dute final bat elkarren aurka. Hala ere, askotan neurtu dituzte indarrak bi aurrelariek; azkenekoz, aurtengo txapelketako ligaxkakoan bertan. Orduan aise irabazi zuen Zubizarreta III.ak: 22-7. Baina asteartean egindako pilota aukeraketan nabarmendu zuten emaitza horrek ez duela ezertarako balio, eta hutsetik hasiko dela final handia. Finalaren zailtasunen jakitun da Egiguren V.a, eta oinak lurrean dituela iritsiko da Tolosara: «Zaila da final batera iristea, baina are zailagoa da irabaztea. Ditudan aukerak aprobetxatzen saiatuko naiz».
Zubizarretak duela bi urte galdu zuen lau eta erdian jokatu duen final bakarra, eta gogotsu iritsiko da bigarren finalera: «Partida zail bat espero dut. Julen oso pilotari ona da, eta diziplina askotan bere onena emateko gai da». Lehen txapela irabazteko nahiaren presioa kontuan hartuta, partida ikusgarria espero da.
Binakakoa osatuz doa
Atzo jakinarazi zuen Baikok Binakako Txapelketarako aukeratu dituzten pilotarien zerrenda. Erik Jaka, Unai Laso, Iñaki Artola eta eta Jon Ander Peña izango dira enpresaren aurrelariak. Atzelariak, berriz, Jon Mariezkurrena, Ander Imaz, Aitor Aranguren eta Jon Ander Albisu izango dira.
Laso ez da lehen partidetan ariko, eta ikusteko dago nork ordezkatuko duen. Iazkoarekin alderatuta, Artola da iaz aritu ez zen bakarra. Mikel Urrutikoetxearen tokia hartu du. Printzipioz, hilaren 24an hasiko da txapelketa.
Batek soilik lortuko du lehena
Gaur jokatuko dute Egiguren V.ak eta Zubizarreta III.ak Promozio Mailako lau eta erdiko finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu