Batek presioa, besteak ilusioa

Larunbateko banakako finalerako pilotak aukeratu dituzte Javier Urrizak eta Xanti Utergak. Txapeldunak erraz irabazi zion ligaxkan, baina biek esan dute ez dela aintzat hartzekoa

Xanti Uterga eta Javier Urriza, atzo, Galarreta pilotalekuan, etziko finaleko material aukeraketa amaitutakoan. ORIAMENDI 2010.
Julen Etxeberria.
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Bolada kontua da erremontea, bai behintzat, banakako txapeldunei dagokienez. Garaipen zerrendari erreparatu besterik ez dago. Manuel Agirrezabala Matxin II.a-k lau txapel irabazi zituen 1989tik 1994ra. Koteto Ezkurrak eten zuen haren nagusitasuna, eta diktadura baten parekoa ezarri, 11 txapel irabazi baitzituen 1995etik 2011ra. Baina ezer ez da betiko, ezta historiako erremontelari onenarentzat ere. Belaunaldi berri bat iritsi zen frontoietara, Javier Urriza buru zuela. Hark hartu zuen aginte makila, eta oraindik ere eusten dio, jokatu diren azkeneko lau txapelketak irabazi baititu.

Aurrelari iruindarrak etzi irabazi nahi du bosgarrena erreskadan. Faborito nagusia da berriz ere. Xanti Uterga aurrelari doneztebarra izango du aurkari finalean (16:00, ETB1). Bi jokalariok elkarren aurka jokatu dute jadanik ligaxkan, eta Urrizak nagusitasun handiz irabazi zuen: 30-15 hartu zuen mendean Uterga. Jakina da ligaxkako partidek eta finalak ez dutela batere antzik, baina hain handia izan zen bien arteko aldea, ezen ezusteko galanta izango baita etziko partida amaitutakoan txapela ez egotea Urrizaren buruan. Atzerago eginez gero, gainera, are faboritoagoa da. Orain bi urte elkarren aurka aritu ziren ere finalean, eta orduko hartan ere Urriza nagusitu zen, erraz antzean: 30-20.

Txapelduna, hala ere, ez da fidatzen. «Ligaxkan nagusitasunez irabazi nion, baina horrek ez du ezertarako balio. Finala beste kontu bat da, beste mundu bat. Ziur naiz partida ona jokatuko duela, eta irabazi egin nahi badut nire onena eman beharko dudala», aitortu zuen atzo, Galarretan eginiko pilota aukeraketan.

Makina bat txapel irabazi izanagatik, oraindik eusten dio goseari. «Ez naiz irabazteaz nekatzen. Aitzitik, entrenatzeko eta prestatzeko akuilua da». Horren harira, esan zuen akuilu dela ere bosgarrena irabaziz gero Ezkurraren atzetik txapel gehien irabazi duena izatea. «Ez diot garrantzirik ematen, halere».

Finalean da Urriza, baina ez zitzaion asko falta izan txapelketa jokatzeari uko egin behar izateko, min hartu baitzuen lehiaketa hasi bezperan. «Arriskatu egin nuen, eta ondo atera zait».

Argi du bere egitekoa finalean: «Piloteoan moldatzen naiz ondoen, eta, beraz, saiatu beharko dut Uterga ez dadila egon gustura, eta korri egin dezala batetik bestera. Hori jo zuen irabazteko «gakotzat», baita sakea ere. «Aurrelariak izan arren, biok ondo sakatzen dugu. Buruz burukoan gero eta garrantzi handiagoa dauka sakearekin asmatzeak».

Baikor da Uterga

Urrizaren zuhurtasunak Utergaren baikortasuna izango du parean. Finalerdian Endika Barrenetxeari 30-15 irabazita, konfiantzaz gainezka iritsi da bigarrenez finalera. «Oso gustura ari naiz, eta badut irabazteko aukera. Barrenetxearen aurka bezala jokatzen badut, sufritu egingo du Urrizak». Hark ere garrantzia kendu zion ligaxkari. «Oso erraz irabazi zidan, baina behin irabazi diot. Oso jokalari osoa da, txapeldun handia eta bikain defenditzen dena, baina, halere, sinetsita nago irabaz diezaiokedala». Presioa aipatu zuen. «Nik ez dut ezer galtzeko. Urrizak du presioa».

Nahi gabe hasi zaio burua ametsetan Utergari. «Irabazteko falta zaidan txapel bakarra da. Garrantzitsuena da, eta denok nahi dugu irabazi. Duela hogei urte erremontean hasi nintzenean estelarrak jokatzea zen nire helburua, baina urteak joan ahala, gora egin dute aurreikuspenek. Txapel hau irabaztea da orain nire ametsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.