Binakako Txapelketako bi partida jokatu dira gaur arratsaldean. Markina-Xemeinen (Bizkaia), Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena nagusitu dira Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren aurka, partida lehiatu batean: 22-18. Iruñean, berriz, Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak aise irabazi dute Erik Jakaren eta Ander Imazen aurka: 22-13.
Horiek horrela, 11 partida jokatuta, zazpigarren garaipena lortu dute Artolak eta Mariezkurrena II.ak, eta sailkapenean berdindu dituzte gaurko haien aurkariak: Elordi eta Zabaleta. Haien arteko lehia, gainera, irabazia dute, joanekoan ere 22-12 nagusitu baitziren.
Partida hasiera gogorra izan da Bizkaikoa. Bikote ahaltsuak dira biak ala biak, eta neurrikoa izan da partida ere. Luzeak izan dira lehen tantoak, biziak, eta atzelariek pilotakada asko jo dituzte.
Gorriak hasi dira, ordea, agintzen. Maila onean ekin dio bereziki Marriezkurrena II.ak, pilotari zartateko handiak emanez. 5-1 aurretik zirela, baina, min hartu du Baikoko atzelariak. Pilotakada bat bueltatu nahian irrist egin, eta ezker orkatila bihurritu du. Herrenka utzi du kantxa, baina sustoa izan da azkenean. Handik minutu batzuetara, korrika itzuli da aldageletatik. Halere, kostatu zaio berriro lehiari neurria hartzea; huts batzuk jarraian egin ditu. Aspeko bikoteak aprobetxatu du aukera, markagailuan aurretik jartzeraino: 8-9.
Azkar itzuli da bere onera, ordea, Mariezkurrena II.a, eta konfiantza berreskuratu ahala, kantxaren jabe izaten segitu du. Hainbat pilota galdu ditu, baina ondo emandakoak ere asko izan dira. Hala, markagailuan pareko iritsi dira atsedenaldira: 12-10. Bueltan, erasokorrago aritu da Artola, eta asmatu du tantoak egiten. Lau-bost punturen aldea lortu du Baikoko bikoteak, baina ez diete utzi ihes egiten Elordik eta Zabaletak: 15-11, 17-13 eta 19-14 joan ondoren, 19-17ra gerturatu dira. Gero, bi tanto jarraian eskuratu dituzte gorriek, erabakigarriak, eta bideratuta utzi dute partida. Azkenean, 22-18 bukatu da.
Estu hasi da eguneko beste partida, Ezkurdia eta Rezusta bikotearen eta Jakaren eta Imazen artekoa: 5-5 eta 11-11. Hortik aurrera, baina, nagusi izan da Aspeko bikotea, eta erraz irabazi dute: 22-13. Bederatzigarren garaipena eskuratuta, eta hiru jardunaldiren faltan, sailkapenaren buru dira Ezkurdia eta Rezusta, eta eskura dute finalerdietarako sailkatzea. Jakari eta Imazi, berriz, korapilatu egin zaie txapelketa.
11. jardunaldia ixteko, gaur jokatuko dute azken partida: Altuna III.ak eta Arangurenek parean izango dituzte Laso eta Iztueta. Eibarren izango da lehia, 18:00ak aldera hasita. Jokatutako hamar partidetatik zortzi irabazi ditu Baikoko bikoteak, eta hiru besterik ez Altunak eta Arangurenek. Erdizka egongo da, gainera, amezketarra, gastroenteritis bat pasatu berri. Ez du partida galdu nahi izan, ordea, jokoan puntu baliotsua izango dutela jakinda.
Lehia estuak
Ados klubaren binakakoan, berriz, garaipena garesti egon da. Lehen Mailako partidan, 22-21 nagusitu dira Barrokal eta Arrastia Iturriagaren eta Mendibururen kontra. Irurtzunen (Nafarroa) jokatu dute. Bigarren Mailakoan, berriz, Insaustik eta Bertizek irabazi dute Cresporen eta Perezen kontra: 22-20. Lamadriden ordez jokatu du Crespok.
Bihar beste bi partida jokatuko dituzte; Azpeitian (Gipuzkoa) izango dira, 11:30ean hasita. Bigarren Mailan, Oskoz eta Agirre bikotea Arrietaren eta Galeanoren aurka lehiatuko da, eta jarraian, Lehen Mailan, Ruiz de Infante eta Orbegozo Barrokalen eta Arrastiaren kontra.