Batek ilusioa, besteak presioa

Osasunak eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Sadarren (21:30, Movistar), Konferentzia liga jomugan. Tiko jokalari ohia bi taldeen egoeraz mintzatu da.

Osasunak eta Athleticek Sadarren jokatutako azken partida. Martxoan izan zen, Espainiako Kopako finalerdietan. IÑIGO URIZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
San Mames. Kopako finalerdiak. 116. minutua da, eta Pablo Ibañezen eskuinkadak erabakita utzi du kanporaketa. Loria Osasunarentzat, zauria Athleticentzat. Momentu hori gogoan iltzatuta geratu zaie bi taldeei, onerako alde batean, txarrerako bestean. Ia bi hilabete igaro dira ordutik, baina lehia hura oso presente izango dute gaur Sadarren, elkarren aurka jokatuko duten derbian. Finalaren ordez, Konferentzia liga dute orain begiz joa, eta baliteke gaurko emaitzak bi taldeen patua argitzea. Athleticek beste urrats handi bat egin nahi du, etxean Celtari irabazi ostean; nafarrek, berriz, Ernesto Valverderen taldea harrapa dezakete sailkapenean, hiru puntura baitute. Golen aldea ere erabakiko da; hutsean berdindu zuten San Mamesen.

Partida ikusteko irrikaz dago Roberto Martinez Ripodas Tiko (Iruñea, Nafarroa, 1976), eta ez du zalantzarik: Kopako finalaurrekoetan gertatu zenak eragina izango du gaurko norgehiagokan. «Alor emozionala aintzat hartu behar da beti derbietan, baina, oraingoan, are eta gehiago. Athletici muturren aurrean gelditu zitzaion saria, eta ez du sasoia esku hutsik bukatu nahi. Behartuta dago irabaztera». Osasunari ere ez zaio akuilurik falta. Duela hamasei urte aritu zen azkenekoz Europan. Halere, «lasaiago» joka dezake Athleticek baino, «sekulakoa baita dagoeneko egin duena». «Presioa baino gehiago, ilusioa izango dute».

Bi taldeei «onena» opa die, baina noren alde lerratuko da gaur? Zeharka erantzun du. «Bi klubak maite ditut. Osasunan egin nintzen futbolari, baina urte gehienak Athleticen eman nituen. Gero, gainera, sei urtez egin nuen lan Lezamako harrobian». Umetan Osasunaren zalea zela aitortu du. «Harrobian sei urterekin sartu nintzen, eta, gainera, osaba [Patxi Ripodas] lehen taldean zebilen. Maiz joaten nintzen Sadarrera, eta Taxoarera ere bai, entrenamenduak ikustera». Haatik, 1989an Athleticera joan zen Ripodas, eta zuri-gorriei begi onez begiratzen hasi zen Tiko.

Haiekin bilakatu zen Tiko Lehen Mailako jokalari. Aurrez, baina, hiru denboraldi egin zituen Osasunaren talde nagusian. Talde gorritxoa harrobiko jokalariz josita zegoen orduan ere; besteak beste, Orbaiz, Puñal, Krutxaga, Josetxo, Lopez Vallejo eta Palaciosekin egin zuen bat Tikok. Alabaina, haztegiaren aldeko apustua sendoagoa omen da orain. «Nire garaian, ezohiko egoeretan begiratzen zuten harrobira. Niri, adibidez, sasoiko azken bost partidetan eman zidaten aukera, taldea Bigarren B Mailara jaisteko zorian zela. Orain, berriz, konfiantzaz ari dira gazteekin, jakinez berme osoa eskaintzen dutela». Laudatu egin du lehen taldeko teknikariak izaten ari diren jokabidea. Bittor Alkizaren taldekide ohia eta lagun mina da Tiko, eta uste du hark eta Jagoba Arrasatek Osasunaren esentzia barneratu dutela. «Harrobiak Osasunan duen garrantziaz jabetu dira, eta hori indartzen ari dira. Bat egin dute klubaren filosofiarekin, eta ikaragarria da azken urte hauetan zer lortu duten».

Valverderen esanetara

Gorritxo gisa, behin bakarrik aritu zen Athleticen aurka: 1999ko udaran izan zen, lagunarteko batean. Hortik gutxira, maletak hartu, eta Bilborantz jo zuen. Utzita atera zen, baina Athleticek bere egin zuen hilabete gutxiren buruan. Hortik aurrera, «presio handiko partidak» jokatu zituen Sadarren. «Osasunan tokirik gabe gelditu nintzen, eta Athleticek sekulako aukera eskaini zidan. Ez zen ezer gertatuko beste talde batera joan izan banintz, baina, geroztik, ika-mika izan zen nire inguruan». Halere, ez zien beldurrik Sadarreko neurketei. «Tentsio handiko partidak oso gustuko nituen, eta Sadarreko derbiek osagai hori izaten zuten beti. Halakoetan ikasten da gehien futbolari gisa».

Ia hamarkada batez jantzi zuen elastiko zuri-gorria, eta oso estu aritu zen bi urtez, taldeak doi-doi eutsi baitzion mailari. Dena den, gorantz ere begiratu zuen Athleticek, eta Europarako sailkatu zen 2004an; noren eta Valverderen eskutik. «Bigarren taldetik igo zen. Oso pertsona argia eta azkarra iruditu zitzaidan. Maisua zen kudeaketan, asko hitz egiten zuen gurekin, eta konfiantzaz betetzen gintuen. Hasiberria izan arren, sekulako lana egin zuen», gogoratu du Tikok. Eta, hogei urteren ondoren, asko aldatu da teknikari zuri-gorriaren jokamoldea? «Erritmo eta bizitasun handia eskatzen du orain ere, baina egia da talde honek kontrol handiagoa duela jokoan. Gure jokatzeko modua kaotikoagoa zen, hori baitzen gure esentzia».

Taldearen gaur egungo jarduna goratu du jokalari ohiak. «Askotan errazegi kritikatzen du jendeak. Sasoi honetan, emaitza batzuk ez dira merezi bezain onak izan. Emaitzek agintzen dute, baina nik asko begiratzen diot helmugara iristeko egiten den bideari. Eta, alde horretatik, oso baikorra naiz». Golegile emankor baten hutsunea du taldeak, baina Tiko ez dago kezkatuta. Gorka Guruzeta prest ikusten du hutsunea betetzeko. Haren ordezkaria da gaur egun. Asier Villalibre ere goraipatu du. «Jokalari gisa ezberdinak diren arren, argi daukat gol asko sar ditzaketela Athleticen. Pazientzia izan behar da: Aduriz ere ez zen berehala loratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.