Futbola

Batek hautsi, besteak eutsi

Alavesek eta Athleticek derbia jokatuko dute gaur Mendizorrotzan. Ibai Gomez bi taldeetako jokalari ohiak ez du galduko partida. «Izugarri maite ditut bi taldeak».

Carlos Protesoni eta Oihan Sancet, lehian, aurreko denboraldian Athleticek eta Alavesek San Mamesen jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Carlos Protesoni eta Oihan Sancet, lehian, joan den denboraldian Athleticek eta Alavesek San Mamesen jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2024ko abenduaren 15a
05:10
Entzun

Joera erabat ezberdina dutela neurtuko dituzte indarrak gaur Alavesek eta Athleticek, Mendizorrotzako derbian (18:30, Movistar). Lurrikara gogor samarrak astindu du Gasteiz azken boladan, entrenatzaile aldaketa tarteko. Jaitsiera postuetan egoteko bi punturen tartea izanagatik ere, Luis Garcia Plaza kargugabetzea erabaki zuen klubeko zuzendaritzak, eta zaleen aurrean gaur izango du estreinakoa Eduardo Coudetek. 

Bada, egoera bideratzen hasteko baliatu nahi du partida entrenatzaile argentinarrak. Aitzitik, horixe eragozten ahaleginduko da Athletic, eta azkenaldiko bolada onari jarraipena ematea izango du helburu. Bi hilabetetik gora daramatzate zuri-gorriek neurketarik galdu gabe, eta, hiru puntuak batuta, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko postuetan egonkortu nahi dute. 

Hain zuzen, Alaves eta Athletic ondo baino hobeto ezagutzen ditu Ibai Gomez jokalari ohiak (Bilbo, 1989). Lezamako harrobian hazi ondotik, bederatzi urte egin zituen Athleticen lehen taldean —bi alditan banatuta—, eta beste hiru urte Alavesen. «Bi klubak maite ditut izugarri; bihotzean ditut», aitortu du. 

Parisko Olinpiar Jokoetan Dominikar Errepublikako 23 urtez azpiko selekzioa zuzendu ondotik, Getxoko Arenas taldean dihardu gaur egun entrenatzaile lanetan, eta ez edozein modutan: lider dauka taldea, Espainiako Federazioaren Bigarren Mailan. Futbola «odolean» daramanez, partida «asko» ikusten ditu, baita Alaves eta Athleticenak ere. «Derbian Athletic da faborito, berme handiko taldea bihurtu baita. Halere, Mendizorrotza beti da zelai deserosoa aurkarientzat; zaleek ere asko bultzatzen dute, eta horrek berdindu egingo du lehia».

«Athletic da faborito, berme handiko taldea bihurtu baita. Halere, Alaves etxean ariko da, eta horrek berdindu egingo du lehia»

IBAI GOMEZAthleticeko eta Alaveseko jokalari ohia

Talde guztiak entrenatzailearen betaurrekoak jantzita aztertzen ditu Ibai Gomezek. «Txikitatik jakin izan dut aulkiren batean egongo nintzela futboletik erretiratu ondoren. Betidanik izan dut pasio hori. Maite dudan lana da». Oraingoz, bikain doazkio kontuak. «Kontzeptuen eta jokatzeko eraren gainetik, futbolari multzoarekin harreman ona izatea da gakoa, haiek kudeatzen jakitea, eta atsedena eta nutrizioa hartzen ditut oinarri. Gozatzen ari naiz». 

Oraindik ez baitzaio bizitzea egokitu entrenatzaile bati gerta dakiokeen gauza txarrena: kargugabetzea. «Unean-unean bizitzea tokatzen zaigu. Adibidez, Alavesek kargutik kendu berri du Luis Garcia Plaza, eta pena handia hartu dut. Badakigu taldea gaizki doanean nork ordaintzen duen». 

Horren harira, ez da ausartzen baloraziorik egitera. «Alavesek hartu duen erabakiari buruz iritzi bat emateko behar adinako informaziorik ez daukat. Kanpotik ikusita ezin da objektibotasunez baloratu. Baina esan dezaket uste dudala Luis Garcia Plazak lan ona egin duela eta kontzientzia lasai izango duela». Haren ustez, zorte txarrak eragina izan du. «Egia da emaitzak ez direla onak izan azkenaldian, baina epaileen erabakiek ere ez diote askorik lagundu Alavesi». Orain, Coudet babestu eta taldeak eta zaleek norabide berean arraun egitea da gakoa. «Atmosfera atsegin bat sortu behar du berriz ere klubak. Coudet entrenatzaile erakargarria iruditzen zait, eta asko gustatzen zait jokatzeko daukan era: intentsitatean eta presioan oinarritutakoa. Ea funtzionatzen duen». 

Valverde, «lider isila»

Coudet gustuko izanagatik ere, Ernesto Valverde da Ibai Gomezen erreferentzia. «Hiru urtez aritu nintzen haren aginduetara, eta distiratsua iruditzen zait haren lana. Kontzeptuen aldetik oso da aberatsa, eta, hitz gutxirekin, jokalariekin modu egokian komunikatzeko gaitasuna dauka. Errespetua jartzen du, liderra da, baina isilean». 

Valverde gidari hartuta, Europako talderik onenetakoa iruditzen zaio Athletic. «Jon Uriarte presidentearen zuzendaritzak hauteskundeak irabazi zituenean, zera esan nuen: loraldia zetorrela Athleticen. Gaur egun, futbolean ondoen jokatzen duten taldeetako bat da Europan Athletic, oso jokalari gazteekin gainera, eta etorkizun ona bermatuta dauka». 

Ordea, noiz arte iraungo die erregaiak zuri-gorriei? «Lehiaketa asko jokatzeak hori dakar: hiruzpalau egunean behin lehiakorra izatea ez dela erraza. Baina oraingoz taldea ongi ari da erantzuten, edonork jokatzen duela ere ez baita asko igartzen».

2011-2012ko denboraldia datorkio gogora. Orduko hartan, Marcelo Bielsaren aginduetara, Europa ligako finala galdu zuen Athleticek Bukaresten, Atletico Madrilen aurka, eta taldeak nekea nabaritu zuen sasoi amaieran. «Bielsari beti egongo natzaio eskertuta, izugarri ikasi bainuen harekin. Baina egia da luze egin zitzaigula sasoia, gehienez hamahiru jokalari erabiltzen zituelako, eta Valverde aberatsagoa da alde horretatik». Mendizorrotzan irabazten badu, Ibai Gomezen esanetan, Athleticek Txapeldunen Ligan amaituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.