Esteban Gaubeka eta Battitta Ducassou

Batek berreskuratu, besteak eutsi

Esteban Gaubekak jantzi du buruz buruko palako txapela, seigarrenez, finalean Xabier Ibargarai 3-0 mendean hartuta. Battitta Ducassouk, berriz, trinketeko banakakoa irabazi du laugarrenez, Peio Gixanduti 40-34 nagusituta.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Urteko egunik handiena bizi berri dute palak eta trinketak. Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatu berri dute bi diziplina horietan: joan den ostiralean, Bilboko Miribilla frontoian, Esteban Gaubekak (Armintza, Bizkaia, 1977) palako txapela jantzi zuen, finalean Xabier Ibargarairi 3-0 irabazita: 10-8, 10-4 eta 10-7. Igandean, berriz, Hazparneko (Lapurdi) trinketean, Battitta Ducassou (Itsasu, Lapurdi, 1991) nagusitu zen buruz burukoan, finalean, Peio Gixanduti 40-34 gailenduta.

«Oso txapel berezia da, barruraino sartu nuen arantza atera baitut», dio Gaubekak. Iazko finalaz ari da. Irabazteko tanto bakar batera egon zen, baina ez zuen aukera aprobetxatu, eta Ibargaraik buelta eman zion norgehiagokari. Oraingoan, ordea, ez dio aukerari ihes egiten utzi. «Lehen bi setetan aurretik izan zen Xabi, baina bietan lortu nuen behetik gora eginda seta irabaztea. Lehen seta eskuratzeak indar handia eman zidan». Sakez egin zituen tanto erabakigarri horietako bat baino gehiago, eta horren garrantzia nabarmendu du. «Banekien, aukeraren bat izan nahi banuen, sakearekin ondo aritu beharko nuela, piloteoan oso arerio indartsua baita Xabi. Oso gogor jotzen dio pilotari bi eskuekin. Zorionez, Fustoren aurkako finalerdian egin bezala, asmatu egin nuen sakearekin, eta horrek abantaila polita eman zidan».

Sei txapela ditu honekin, Fustok adina. Oscar Insausti baino ez dute gainetik, zazpirekin. Finala jokatu bezperan, esan zuen horrek ez ziola loa kentzen, baina, seigarren txapela buruan duela, aitortu du «ilusio handia» egingo liokeela zazpigarrena lortzeak. «Nire idoloa izan da Oscar, eta sekulakoa litzateke haren marka berdintzea. Halere, ez dut neure burua horrekin presionatu nahi. Uste dut badudala jada palmares oso on bat».

Azken hiru finalak jokatu ditu, 40, 41 eta 42 urterekin, eta bi txapel jantzi. Horrek «meritu handia» duela dio. Meritu handiagoa du atzera begiratuz gero, duela hamasei urte izan baitzen lehen aldiz banakako txapeldun, 2004an. Beraz, hamasei urte daramatza punta-puntan. «Makina bat urte daramatzat maila gorenean, eta tarte horretan oso palista onak egon dira: Fusto, Lujan, Imanol [Ibañez], Xabi [Ibargarai]... Ezin naiz kexatu. Sorbaldak buruhauste bat baino gehiago eragin dit, baina azken urteetan oso gustura ari naiz. Hastapenetako ilusioari eusten diot, baita irabazteko grinari ere. Ez zait gustatzen galtzea. Gainera, asko zaintzen eta entrenatzen naiz. Gozatzen ari naiz. Ea horrela jarrai dezakedan hainbat urtetan».

Lau txapelbost urtean

Gaubeka bezala, Ducassou ere ari da garaipen zerrenda ederra osatzen: laugarren txapela du buruz burukoan, laugarrena azken bost urteetan. Gixandutek ez zuen aukerarik izan haren bolada eteteko. Hala ere, ligaxkan baino lan gehiago eman zizkion: sei tanto besterik ez zizkion egin ligaxkan. «Nik banekien Peio ligaxkan erakutsi zuen baino askoz hobea dela, eta finalean erakutsi zuen. Oso ondo jokatu zuen, eta estu hartu ninduen, batez ere hasieran. Faboritoa izanik, nik nuen presio osoa, eta horrek kalte egin zidan hasieran. Baina, pixkanaka-pixkanaka, gainetik kendu nuen tentsioa, eta nire jokoa egiten hasi nintzen. Horri esker irabazi nuen».

«Oso pozik» dago azkeneko bost urteetan lau txapela irabazita. «Biziki maite dut buruz burukoa. Nire jokatzeko erara eta dohainetara ondoen egokitzen den diziplina da. Lan asko egin dut azken urteetan, eta oso pozik nago, lan horrek fruitua eman baitu». «Baina» bakarra jarri dio txapelketari: iaz gertatu bezala, lesioen ondorioz, partida gutxi jokatu dituztela: Peio Larraldek eta Mathieu Ospitalek min hartu zuten finalerdietako ligaxkan. «Pena da. Ea hurrengo urteetan ez den halakorik gertatzen. Horrek agerian uzten du zein gogorra den diziplina honetan aritzea».

Atseden hartzeko apenas izango duen astirik, aste honetan bertan hasiko baita binakakoa. «Arantza» atera nahi du txapelketa horretan, lautan jokatu baitu finala, eta inoiz ez baitu txapela irabazi. «Ea aurtengoan behingoz lor dezakedan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.