Batek badu oinarria; besteak eraiki nahi du

Gaur hasiko da Frantziako Bigarren Mailako Liga, eta hor ariko dira Miarritze eta Baiona. Biek dute helburu goian egotea, baina miarriztarrek abantaila dute, mailara egokituta baitaude

Miarritzeko eta Baionako jokalariak, elkar besarkatuta, denboraldi-aurre honetan. BERRIA.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Denbora gutxi egon dira Baiona eta Miarritze bakoitza maila batean. Iragan sasoian, Baionak Frantziako Top 14an jokatu zuen, eta Miarritzek Bigarren Mailan. Xuri-urdinek maila galdu zuten, eta xuri-gorriak ez ziren igo. Beraz, berriz ere derbiak izango dira. Zorigaitzez, hori bai, ez maila nagusian, koska bat beherago baizik. Gaur hasiko da liga. Miarritzek Mont-de-Marsan jasoko du Agileran (20:30). Baiona, berriz, Perpinyan (Herrialde Katalanak) ariko da, bihar (20 :45).

Euskal kostaldeko bi taldeek helburu desberdinekin ekingo diote sasoi berriari. Miarritzek, 2013-2014ko denboraldian maila galdu eta gero, laugarren sasoia izanen du jarraian zilarrezko mailan. Baionak, berriz, 2014-2015eko sasoian maila galdu, eta berehala igo zen berriro. Iragan sasoian, baina, Top 14ari neurria hartu ezinik ibili zen.

Bi taldeek sailkapeneko aitzineko postuetan egotea dute helburu, baina pronostikoek Miarritzeren alde egiten dute Baionaren alde baino. Hiru sasoi han pasatu ondoren, Bigarren Mailan eskarmentu handia dute Agilerakoek. Urtez urte, gainera, hobeto ari da, eta talde polita osatu du.

Iragan sasoian, Top 14ra igotzeko ligaxka jokatu zuen, baina, azkenean, mailaz igo den Agenen aurka amore eman behar izan zuen. Emaitza ona lortu zuen talde horri segida ematea lortu du Nicolas Brusque klubeko presidenteak. Iragan sasoian, txukun aritu ziren harrobiko gazteen artean, Yohan Le Bourhis (Castres), Alexandre Roumat (Bordele) eta Tim Giresse (Oyonnax) bakarrik joan dira, denak Top 14ra.

Horrez gain, zaleei ilusioa pizteko moduko jokalariak fitxatu ditu presidenteak. Izenik ospetsuena aulkian egonen da. Gonzalo Quesada, Argentinako jokalari, Frantziako selekzioko laguntzaile eta Stade Français taldeko entrenatzaile ohia ekarri du Brusquek. Sona handiko fitxaketa da, kontuan hartuta atzerriko zenbait selekzio eta Top 14ko talde batzuk ere haren atzetik ibili direla.

Bi talde, bi egoera

Argentinarrarekin batera, ospe handiko jokalari batzuk etorri dira ere Miarritzera. Pierre Bernard, garaian Baionan ibilitako eta Frantziako selekzioan jokatutako irekitzailea da haietarik bat. Aipatzekoa da ere Thibault Dubarry hirugarren lerroaren itzulera. Dubarryk Miarritze utzi zuen taldeak maila galdu zuenean. Racing handian aritu ondoren, Euskal Herrira itzuli da 30 urte bete berritan.

Eskarmentua ekarriko du BJ Botha harroin hegoafrikarrak ere. Europan Munsterren eta Ulsterren aritu ondotik, Hegoafrikako Sharks taldetik etorriko da 37 urteko jokalaria. Haren ondoan, hego hemisferioko uharteetako jokalari gazte batzuk ere,etorri dira, Nephi Leatigaga, Uwa Tawalo eta Luke Burton, baita Top 14an lekua topatu ez duten Yohann Artru eta Lucas De Coninck gazteak ere. Iazko blokearekin batera, goian ibiltzeko taldea eraiki du Miarritzek. Gauzak alde jarriz geroz, mailaz igotzeko hautagaia izan daiteke.

Baionak beste gisako testuingurua bizi izan du. Maila galdu ohi denean, ohikoa da jokalarien joan-etorria handia izatea. Aturri eta Errobi aldean salbuespenik ez da egon, eta iragan sasoian maila txukuna eman zuten anitzek taldea utzi dute, Top 14an jokatzen jarraitzeko: Jean Monribot, Romain Martial, Gabiriele Lovobalavu, Pierre Gayraud eta Richard Choiratek, besteak beste. Harrobiko Baptiste Chouzenouxen kasua da mingarriena. Taldean hazi eta gero, Racingera joan da.

Zuloak betetzeko, jokalari anitz etorri dira. Aipagarrienak Juan Pablo Orlandi harroinarena eta Matt Graham hirugarren lerroarenak dira. Baina aldaketa handiena aulkian egonen da. Pierre Berbizier Frantziako hautatzaile eta Racingeko kirol zuzendari ohia ekarri du klubak. Haren inguruan proiektu berria eraiki nahi da. Horretarako ez da soberan izanen iragan sasoiko jokalari garrantzitsuen ekarpena: Iginiz, Jaulhac, Poki, Bustos Moyano, Arganese, Van Lill... denek taldean segiko dute.

Haien ondoan, harrobiko gazteek garrantzia izango dute. Top 14an zaildu eta gero, anitz esperoko da Tisseron, Laveau, Duhau, Ducat edo Rouetez. Horren guztiaren nahasketa ondo ateraz gero, Baiona goian egon daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.