Roland Garros torneoak tenisaren egoera indartu besterik ez du egin. Emakumezkoetan, Iga Swiatekek dauka aginte makila. Tenislari poloniarra nagusi da aspaldian, eta diktadura baten pareko egoera ezarri du. Gizonezkoetan, ordea, anarkia kutsua du egoerak: inork ez dauka aginte makila, eta sekulako lehia dago haren jabe egiteko.
Datu batek azaltzen du ondoen zein nagusi den Swiatek: 107 aste daramatza munduko sailkapenaren buruan. 75 egin zituen 2022ko apiriletik 2023ko irailera; eta 32 daramatza abendutik. Beste zortzi jokalari besterik ez dira egon ehun aste baino gehiago lehen postuan. Erretiroa hartuta daude denak. Ondo bidean, Swiatekek askoz aste gehiago egingo ditu gailurrean, alde handia ateratzen baitie aurkariei: 11.695 puntu ditu berak, eta ia 4.000 puntu ateratzen dizkio hurrengo bi sailkatuei, Coco Gauffi eta Arina Sabalenkari, hurrenez hurren. Justine Henin (117 aste) eta Ashleigh Barty (121) ditu gertuen lehen postuan aste gehien egon direnen zerrendan. Steffi Graff dago sailkapenaren buruan, kopuru ikusgarriarekin: 377 aste.
Poloniarra abiada bizian ari da betetzen palmaresa: 23 urte egin berri ditu, eta jada Grand Slameko bost torneo irabazi ditu. Lur harrotuan nabarmendu da, bost titulu horietatik lau Roland Garrosen lortu baititu. Azken lau urteetan eskuratu ditu. 2021ekoak bakarrik egin zion ihes. Pista azkarrean irabazi du beste titulu handia: AEBetako Irekia, 2022an. Beste bi torneo handietan, aldiz, ezin izan du kopa altxatu: Australiako Irekian, gehienez finalerdietara iritsi da; eta, Wimbledonen, final-laurdenetara. Londresko belarrean dauka hurrengo erronka.
Maila guztietakoak kontuan hartuta, 22 torneo irabazi ditu. Mila puntuko mastersak dira gehiengo horien artean, hamarretan gailendu baita. Seigarrena da gehien irabazi dituztenen sailkapenean, baina aurretik dituen bostak aspaldi erretiratu ziren: Serena Williams (23 torneo), Martina Hingis (hamazazpi), Graff (hamabost), Maria Xarapova (hamalau) eta Lindsay Davenport (11). Daraman bolada kontuan hartuta, aurki harrapatuko ditu batzuk. Aurten jokatu dituzten sei torneoetatik lau irabazi ditu: Dohakoa, Indian Wellsekoa, Madrilgoa eta Erromakoa. Beste lau falta dira jokatzeko.
Belaunaldi aldaketa
Gizonezkoetan dagoen egoera nahasiak, berriz, belaunaldi aldaketarekin du zerikusia. Roger Federer duela bi urte erretiratu zen. Rafa Nadal (38 urte), berriz, ezinean dabil duela urtebete pasatxo. Novak Djokovicek (37 urte), azkenik, goitik behera egin du azken urtean, lesioak direla eta. Hiru tenislariok historia egin dute. Erreleboka aritu dira marka guztiak hausten. 66 Grand Slam irabazi dituzte hiruren artean: Djokovicek 24, Nadalek 22 eta Federerrek hogei. Sekulako zuloa dago haien eta hurrengoen artean: Pete Sampras da laugarrena sailkapen horretan, hamalaurekin besterik ez.
Itxuraz, Nadal onenak emanda dago, eta Djokovici kosta egingo zaio lehengora itzultzea. Orduan, nork hartuko die lekukoa? Bi hautagai nabarmentzen dira: Jannik Sinner eta Carlos Alcaraz. Italiarrak 23 urte beteko ditu aurki. Espainiarrak, berriz, 21 egin berri ditu. Lehen eta bigarren dira munduko sailkapenean, biak ala biak Djokovicen aurretik: Sinner astelehenetik dago lidergoan, lehen aldiz; Alcarazek, berriz, jada 36 aste egin ditu buruan.
Irabazitako torneoetan ere aurretik dago espainiarra: hamalau eskuratu ditu, italiarrak baino bat gehiago. Alde handiagoa dago batek eta besteak dauzkan Grand Slametan: Alcarazek hiru irabazi ditu, hiru zoru ezberdinetan: pista azkarrean, AEBetako Irekia, 2022an; belarrean, Wimbledon, iaz; eta, lur harrotuan, Roland Garros, joan den igandean. Sinnerrek, berriz, torneo handi bakarra irabazi du: pista azkarrean, Australiako Irekia, urtarril amaieran.
Haiek bi dira azken belaunaldiaren ikurrak. Aurrekoarenak dira Alexander Zverev, Daniil Medvedev, Andrei Rublev, Casper Rudd eta Stefanos Tsitsipas, besteak beste. Guztiek jokatuko dute hiru aste barru Wimbledonen. Djokovic ez da ariko, lesioa baitu eskuin belaunean. Helduko dio norbaitek tinko aginte makilari?