PILOTA

Bat itzuli da, bestea beti hor dago

Jokin Altunak eta Unai Lasok jokatuko dute buruz buruko finala, ekainaren 2an, Bilbon. Aspekoak bosgarrena du. Baikokoak, berriz, bigarrena.

Jokin Altuna eta Unai Laso, final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jokin Altuna eta Unai Laso, final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 20a
12:26
Entzun

Klasikoak beti daude boladan. Ez dute xarmarik galtzen. Eta, azken urteetan pilota profesionalean klasikorik baldin badago, Jokin Altunaren eta Unai Lasoren artekoa dago. Amezketakoak (Gipuzkoa) eta Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa) hainbat alditan neurtu dituzte indarrak. Ia beti izan da partida garrantzitsuetan, jokoan sari handia zegoela. Gainera, bi pilotari handiren arteko lehiaz harago, bi enpresen arteko lehia ere bada: Altuna III.a da Asperen izarra, eta Laso Baikorena.

Lehia horrek goia joko du ekainaren 2an, Bilboko Bizkaia frontoian. Bi pilotari horiek elkarren aurka jokatuko dute EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Buruz Buruko Txapelketako finala. Asteburuan sailkatu dira, biak ere nagusitasunez. Larunbatean, Iruñeko Labriten, Lasok 22-12 irabazi zion Javier Zabalari lehen finalerdian. Igandean, berriz, Donostiako Atano III.ean, Altuna III.ak 22-10 hartu zuen mendean Iñaki Artola bigarrengoan.

Bueltan da Laso. Baikokoa urte erdi baino gehiago egon zen jokatu gabe, iazko maiatz amaieratik abendu hasierara: lehenbizi, apendizea kendu zioten, eta, gero, ebakuntza egin zioten eskuin aldakan. Uda osoa galdu zuen, eta ez zen aritu lau eta erdikoan. Binakakoan itzuli zen lehiara, baina, sasoi betean jarri ezinda, hainbestean aritu zen Aitor Arangurenekin. Hala ere, pixkanaka, gora egiteko balio izan zion, sasoiz, jokoz eta buruz.

Sinetsita zegoen egunen batean aterako zela barruan zuen jokoa. Pentsatu, eta gertatu. Bikain ari da buruz burukoan. Jokatu dituen bost partidak irabazi ditu, guztiak nagusitasunez. Inor ez da gai izan hari hamabi tanto baino gehiago egiteko: zazpian utzi zuen Altuna III.a; bederatzian Joanes Bakaikoa; hamarrean Jose Javier Zabaleta; 11n Dario Gomez; eta hamabian Zabala. Horri esker, bigarrenez ariko da finalean, azkenekoz aritu eta bi urte geroago. Txapela irabazi zuen orduan, Joseba Ezkurdiaren aurka: 22-7. Hura da irabazi duen bakarra duela zortzi urte profesional denetik—bi final galdu ditu binaka, eta bat lau eta erdian—. Zaila da esatea orduan bezainbeste jokatzen ari den edo ez, baina zalantza egitea jada asko da.

Altunaren hamabosgarren finala

Laso itzuli egin da. Altuna III.a, ordea, beti dago hor. Ez du huts egiten. Kolpe latza hartu zuen hasteko, Lasok zazpian utzi baitzuen Bilbon, final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan. Aspaldi ez zuela halako ezina sentitu kantxan: 20-3 joan zen galtzen. Kinka larrian geratu zen, gelditzen zitzaizkion bi partidak irabazi beharrean. Baina Altuna Altuna da, egungo pilotaririk onena, eta berriro erakutsi du. Lehenbizi, nagusitasunez irabazi zion Zabaletari: 22-6; gero, gogotik sufritu zuen Dariori gailendu eta finalerdietarako sailkatzeko: 22-19. Artola zuen zain finalaren aurrekoan, zeina ordu arte ikusgarri ari zen. Aspaldiko partez, amezketarra ez zen faborito. Parean zeuden apustuak. Baina dantzan ibili zuen. Txapelketako partidarik onena jokatu zuen.

Amezketarra bosgarrenez ariko da finalean, bosgarrenez azken zazpi urteetan. Ikusgarriak dira haren zenbakiak banakako txapelketetan. Izan ere, ekainaren 2koa kontuan hartuta, azken hamabostetatik hamahirutan izan da finalean: zortzi aldiz lau eta erdian, eta bost aldiz buruz buru. Binakako beste bi final jokatu ditu. Hamabost dira guztira maila nagusian. Inork ez du halakorik haren adinarekin: 27 urte. Zazpi txapel ditu: lau lau eta erdian, bi buruz buru, eta bat binaka. Zortzigarrena nahi du. Irabaziko balu, opari ederra egingo lioke bere buruari, hilabete barru beteko baititu hamar urte profesionaletan.

Buruz buruko eta lau erdiko txapelketa ofizialak eta ez-ofizialak kontuan hartuta, zortzi aldiz jokatu dute elkarren aurka Altuna III.ak eta Lasok. Amezketarra da nagusi, seitan gailendu baita. Buruz buruko nagusian, ordea, Laso dago gainetik: hirutan jokatu dute, eta bitan irabazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.