Igandean finala eta txapela irabazteko errebotera bidali zuen pilotakadak laburbiltzen du ondoen zenbatekoa den azkeneko urteetan Jose Javier Zabaletak (Etxarren, Nafarroa, 1991) Binakako Txapelketan darabilen nagusitasuna. Horri esker irabazi ditu bost txapel, eta handienen pare jarri: Julian Retegi, Antxon Maiz, Juan Martinez de Irujo eta Zabaleta bera dira binaka txapel gehien dituztenak. Hura eta Maiz II.a dira atzelari bakarrak laukote horretan. Arantzakoak (Nafarroa) 31 urte egin ditu bakarrik, Zabaletak harrapatu duen arte.
Baina badago berdindu berri dituen hiru pilotari handi horien aldean Etxarrengo atzelaria bakarra egiten duen datu bat, bost bikotekide ezberdinekin izan baita txapeldun: Irujorekin 2013an, binakakoa jokatu zuen lehen aldian; Joseba Ezkurdiarekin 2018an, Danel Elezkanorekin 2021ean, Aitor Elordirekin iaz, eta Peio Etxeberriarekin aurten. Sekulako marka da, baina baliteke txiki geratzea. 33 urte ditu oraindik. Azkeneko urteetako sasoiari eusten badio, eta bikotekideek laguntzen badiote, dena dauka alde marka hobea lortzeko.
«Historiako pilotaririk onenetakoak dira Maiz, Retegi eta Irujo, onenak ez badira. Ilusio handia pizten dit palmaresean haien pare egoteak», esan zuen Zabaletak finala bukatu berritan, eta uste horri eutsi dio biharamunean, Peio Etxeberriarekin Ultzamako (Nafarroa) Bentan egindako agerraldian.
https://www.berria.eus/kirola/mila-esker-jose_2123045_102.html
Nabarmen geratu dena baieztatu dute: «oso gustura» aritu direla elkarrekin. «Konfiantza handia izan dugu elkarrengan txapelketa osoan. Hori izan da txapela irabazteko gakoa», esan du Zabaletak. Adibidez, finalean 21-14 irabazten ari zirela Jokin Altuna eta Julen Martija 21-20 hurbildu zirenean.
Arantza atera du
Hain nagusi da Zabaleta, ezen txiki uzten baitu ondoan duen edonor. Hori egin du oraingoan ere. Peio Etxeberriak (Zenotz, Nafarroa, 1998) beste aurrerapauso bat eman du, eta aurreneko txapela irabazi du Lehen Mailan —Bigarren Mailako buruz burukoa irabazi zuen 2021ean—. Baina haren lan ona itzalpean geratu da hein batean, bikotekidea izugarri distiratsu aritu baita.
Ez zaio batere axola hori Zenozko aurrelariari. «Pozarren» dago. «Oso polita da hau guztia bizitzea. Pilotari guztiok lan handia egiten dugu, asko entrenatzen gara, eta horrelako zerbait iristea sekulako saria da. Nik, gainera, ez nekien zer zen Lehen Mailako txapel bat irabaztea. Aho zapore gozo-gozoa utzi dit».
Binakakoa irabazita, gainera, Peio Etxeberriak duela lau hilabete Jokin Altunaren aurka galdu zuen lau eta erdiko finalaren arantza atera du. Ezinean aritu zen orduan. Igandean, ordea, askoz hobeto ibili zen. Horrek konfiantza emango dio hurrengo txapelketetarako.
urrutikoetxeak mariezkurrena II.a ordezkatuko du buruz burukoan
Jon Mariezkurrenak ez du jokatuko buruz burukoa, ez baitzaio osatu eskuin eskua. Beraz, ez da ariko txapelketan —lehen aldia zukeen—. Mikel Urrutikoetxeak ordezkatuko du. Zaratamoarrak beste aukera bat izango du, kanpoan geratu baitzen larunbatean Joanes Bakaikoaren aurka galdu eta gero.