Ez du Banakako Erremonte Txapelketaren xarma, baina buruz buruko jokoa berez da erakargarria. Are gehiago txapel bat badago jokoan, eta are gehiago horren lehian azken banakakoaren erremontista onenak badabiltza. Halakoxea da Mastersa, eta gaur jokatuko dute haren finala. Imanol Ansa (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) eta Xabier Azpiroz (Uitzi, Nafarroa, 1994) ariko dira Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta frontoian, 15:15ean (ETB1).
Inor ez du ezustean hartu Ansa II.a aritzea finalean. Hirugarrena du jarraian Mastersean. Galdu egin zuen aurrenekoa, Endika Barrenetxearen aurka, baina iaz arantza atera zuen, aurkari berari irabazita. Lehen txapela zuen txapelketa nagusi batean, eta hark esana da horrek haren buruarengan gehiago sinisteko balio izan diola. Geroztik, txapeldun izan da buruz buru, eta txapeldunorde binaka. Finkoa da jada final nagusietan.
«Aspaldi eusten diot pentsaera berari: ahalik eta ondoen aritu nahi dut, ahalik eta lehiakorren, finalari edo txapelari erreparatu gabe», azaldu du. Halaxe jokatu du Mastersean, eta saria jaso du berriro: finalean dago. Azkar eta ondo egin du bidea. Bi partida jokatu, eta biak irabazi ditu: lehenbizikoan, 30-22 hartu zuen mendean Aritz Juanenea, eta, bigarrengoan 30-23 Azpiroz.
«Espero dut Ansak irabazteko beharra sentitzea. Nik ere irabazi nahi dut, eta itxaropentsu nago».
XABIER AZPIROZ Oriamendiko erremontista
«Nahiko pozik» dago egin duen lanarekin. «Lehen jardunaldian, Masterseko partidarik onena jokatu genuen Juaneneak eta biok. Hark oso ondo jokatu zuen, eta gai izan nintzen lehia aurrera ateratzeko. Oso gustura bukatu nuen. Azpirozen aurka, ordea, ez hura, ez ni, ez ginen aritu bete-betean. Baina kontzentrazioari eutsita irabazi nuen».
Mugarriz mugarri
Azpirozek, ordea, lehen finala du buruz buru. Binaka nabarmendu da orain arte. Bitan izan da txapeldun: 2018an, Xanti Utergarekin; eta duela bi hilabete eskas, Javier Urrizarekin. Hain zuzen, Urrizak Mastersa jokatzeari uko egin ziolako ari da lehen aldiz txapelketa honetan. Baina mugarriz mugarri dabil. Lehenbizi, ezustekoa eman zuen atarikoan Barrenetxea IV.a kanporatuta (30-23) eta ligaxkarako sailkatuta. Barrenetxea IV.a bikain moldatzen da buru: bitan irabazi du banakakoa, eta beste bitan Mastersa. Azpirozek galdu egin zuen Ansa II.aren aurka lehen jardunaldian, baina, azken partida erabakigarrian, irabazi egin zion Juaneneari (30-27), eta finalerako sailkatu zen.
«Aurreko enpresan [eRemonte], bitan jokatu nuen banakakoa, eta bitan irabazi nuen txapela. Frontoi motzean jokatzen genuen, eta horretan ez da horrenbesteko indarra behar. Baina luzean ere gustura aritzen naiz», esan du. Azpimarratu duenez, «indarra» eman zion Barrenetxea IV.ari irabazi izanak. «Oso ongi aritu nintzen: ongi sakatu nuen, eta pilotari indarrarekin eman nion».
Pixkanaka, tokia egiten dabil. Azken hiru txapelketetako finalak jokatu ditu: Jai Alai Summer Season torneoarena, binakakoarena eta Mastersarena. Hala ere, ez du uste aurrerapausoa eman duenik. «Agian, exijenteegia naiz neure buruarekin, baina ez dut uste zerbaitetan hobetu dudanik. Emaitza onak lortzen ari naiz, baina ez dut horren azalpenik».
«Partida gogorra izango da. Azpirozek ia inoiz ez du erraz galtzen: oso erregularra da, eta defentsa bikaina du».
IMANOL ANSAOriamendiko erremontista
Ansa II.ak, ordea, badu horren azalpena. «Azpirozek lau urte daramatza hiru atzelari onenen artean, baina kosta egin zaio frontoi laburretik luzera aldaketa egitea; are gehiago atzelaria izanik. Baina jada egokitu da, eta buruz indartsuago dabil. Gainera, betidanik moldatu da ondo buruz buru. Ezustekoa izan zen Barrenetxeari irabaztea, baina ez ligaxkan aurrera egitea».
Ansa II.a da faboritoa, eta hori aprobetxatu nahi du Azpirozek. «Espero dut Ansak irabazteko beharra sentitzea. Nik ere irabazi nahi dut, eta itxaropentsu nago: buruarekin jokatuz gero, irabaz diezaioket». Ansa II.arentzat, ordea, «presioa baino gehiago, pizgarri» da faborito izatea. «Partida gogorra izango da. Azpirozek ia inoiz ez du erraz galtzen: oso erregularra da, eta defentsa bikaina du. Partida luzatzen bada, oso aurkari gogorra izango da».