Aizkora

Bat espero zena, bestea ustekabekoa

Nahiz eta lesioek bidea zaildu dioten, Mikel Larrañagak irabazi du aurten Sherpa Ai txapelketa, lehen aldiz. Nerea Arrutik berriz, menderaezin jarraitzen du, eta bigarrenez gailendu da.

Mikel Larrañaga eta Nerea Arruti Sherpa.ai
Larrañaga eta Arruti, txapela jantzita. MARISOL RAMIREZ / FOKU
pettan uralde
2023ko abenduaren 12a
05:10
Entzun

Mikel Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1990) eta Nerea Arrutik (Urnieta, Gipuzkoa, 1990) irabazi zuten Sherpa Ai aizkolari txapelketa ostiralean. Larrañagak eskura izan zuen garaipena aurreko aldietan, baina ihes egin zion. Ostiralean, ordea, ez zion alde egiten utzi, eta «oso pozik» dago behingoz txapela jantzita. Arrutik, bestalde, bigarrenez irabazi du txapelketa, jarraian. Urnietarra bolada bikainean dago, eta azaldu du prozesuaz «gozatzen» ari dela.

Azpeitiarrak zer eman dezakeen erakutsi zuen azkenean, orain arte lesioek hamaika buruko min eragin baitiote, eta banakako txapelketetan nabarmentzea galarazi. «Gogo handiz nengoen irabazteko. Urte batzuez, bigarren eta hirugarren izan naiz, eta neure buruari esaten nion noizbait irabazi behar nuela. Azkenean, aurten izan da, eta oso gustura nago». Hala ere, ez du lortu arantza guztiz kentzea. Izan ere, azken urteetan haren aurkaririk handiena izan dena, Iker Vicente, ez zen ostiraleko finalean izan. «Gai izango banintz hari ere irabazteko, arantza guztiz kenduko nuke, baina, hala ere, oso pozik nago».

Emakumezkoetan, Nerea Arrutik nagusitasunari eutsi zion, eta onena dela erakutsi. Baina nagusitasuna gorabehera, gauzak ahalik eta hobekien egiten ahalegintzen da Arruti, eta horrela egin zuen ostiralean ere. «Lasai egon nintzen, urduritasunik gabe, eta gozatzera atera nintzen. Beste txapelketetan urduriago ateratzen naiz agian, eta mozketak okerrago egiten ditut. Ez nintzen hain ondo ibili, baina gustura nago egindakoarekin».

Azken urteetan, parekorik ez duela berretsi du Arrutik, baina, ostiralean, Karmele Gisasola izan zuen aurrean, Bizkaiko txapelduna. Ikusmina zegoen ikusteko Zelaia III.a gai izango ote zen Arruti estu hartzeko, eta gainera, ez ziren aurrez aurre arituak Arrutiren lehen aizkora saiotik. «Aurkariei ez diet askorik erreparatzen, eta ez naiz konturatzen nola ari diren lanean. Baina bukaeran konturatu nintzen aldea aterea niela besteei. Gisasola eta Barrenetxearekin beti gustura. Harreman polita daukat biekin, eta plazera izan zen hain aurka lehiatzea».

Bataren eta bestearen joerak oso desberdinak izan dira azken urtean. Larrañagak arazo fisikoak izan ditu, eta ezin izan du bere onena erakutsi. Ekainean, bigarren izan zen Urrezko Kopan, eta, orain, buelta ematen ari zaio bolada txarrari. «Urte erdia eman dut gerriko minez, eta ez zitzaidan joaten. Badirudi zertxobait hobetzen ari naizela, eta, bete-betean ez egon arren, baikor naiz».

Ostiralean, minak ahaztu, eta irabaztera irten zen aizkolari azpeitiarra. Kinielek Julen Alberdi jotzen zuten irabazletzat, baina Larrañagak sinetsi zuen bazituela aukerak. «Banekien hasieratik jo behar nuela, Txikiari arnasa hartzen uzten badiozu asko egiten du eta. Banekien aurrea hartu behar niola, eta eutsi egin beharko niola horri. Ondo atera zitzaidan, eta merezita irabazi nuen».

Lehiakideak parekatuago egotea espero zen Bizkaia pilotalekuan, baina Larrañagaren aurkariek zail izan zuten azpeitiarrak jarritako erritmoari eustea. Hasieratik «oso argi» izan zuen nola jokatu behar zuen. «Nahiz eta tarte handia lortu, ezinezkoa zen lasaitzea. Atzetik segika nituen eta. Hasierako erritmoari eustea izan zen gakoa, eta horrek eman zidan lasai bukatzeko aukera». Bete-betean aritu zen Larrañaga, eta, hain zuzen, horren erakusgarri da 40 minutuetatik jaitsi izana. Horrekin ere oso pozik dago azpeitiarra. «Esaten da 40 minututik gora egiten ditugula, eta gogoa nuen erakusteko langa hori hautsi zitekeela. Buruan neukan jaistea, eta ahal nuen beste eman nuen horretarako».

Arruti, berriz, bolada benetan gozoan dago. Euskal Herriko txapeldun izan zen duela hilabete, eta Sherpa Ai txapelketa irabazteak oraindik ere indar handiagoa eman dio urnietarrari. Azken lehiaketetan, emozioak kontrolatzeko ardura hartzen ari da, eta halaxe egin zuen oraingoan. «Lasai nagoenean, nahiz eta adarrak egon, gai naiz nire lana ondo egiteko. Ondo ikusi nuen neure burua, eta gozatu egin nuen askotan».

Hiru minutuko hobekuntza

Bilakaera bikaina izan du azken urtean, eta horrela berretsi zuen amaieran markatutako denborak. Aurreko urteko denbora hiru minutu hobetu zuen Urnietakoak. «Lanaren fruituak» direla nabarmendu du. «Prozesu honetaz gozatzen ari naiz, eta irakasten didaten guztiarekin hobetzeko gai naiz. Gainera, hobetzeko tartea dudala ikusten dut, batez ere teknikoki, eta horren ondorio da denborak hobetzea ere».

Erronka berrien zain dago Arruti, baina, bitartean, jomugan dauka abenduaren 21a. Urrezko Kopa jokatuko du Donostian, San Tomas egunean, eta gogo handiz dago hura irabazteko. «Niretzat oso berezia da Trinitate plazan jokatzea, San Tomas egunean eta etxean. Espero dut oso urduri ez jartzea, eta uste dut gozatuko dudala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.