Eskubaloia. Krisia Asobal Ligan

Bat ari da; besteak ezin du

San Antoniok ez du ia zorrik. Arratek, ordea, 1,6 milioi eurokoa du, eta gaur-gaurkoz ez dago argi datorren sasoian maila nagusian ariko den.

Julen Etxeberria.
Donostia
2011ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Zoritxarrez, Asobal ligako bi euskal taldeek ez diote krisiari izkin egin. Hori bai, ez ditu berdin jo biak. San Antoniok, joan zen denboraldian abian jarritako egokitze planari esker, ia ez du zorrik, eta duena aurki espero du kitatzea. Oso bestelako egoeran da Arrate. Eibarko taldeak 1,6 milioi euro inguruko zorra pilatu du, horietatik milioi bat euro taldeko kide eta kide ohiekin.

«1,6 milioi euroko zorrarekin ez goaz inora. Nola edo hala murriztu behar dugu, bestela Arrateren iraupena kinka larrian egongo da». Gordin hitz egiten du Alex Escribano Arrateko Kudeaketa Batzordeko kideak, gordina baita Eibarko taldearen egoera. Ari dira zuloa nola edo hala estaltzen, baina zulo handiegia da, eta egin dizkioten promesak egi bihur daitezen behar dute, «hitzetatik ekintzetara pasatzea».

Escribanok baztertu egin du Asobal ligari uko egitea. «Talde hau bakarrik Asobal ligan izan daiteke bideragarria; koska bat behera eginez gero, diru laguntzak izugarri murriztuko lirateke, %80 inguru».

Zorra noraino murrizten duten, horren araberakoa izango da taldearen aurrekontua. Ez dute erokeriarik egingo. «Ez dugu Liga hasiko 1,6 milioi euroko zorrarekin, jasanezina litzateke. Ez gaude prest sasoia hasi eta lehiaketa utzi behar izateko. Liga hasten badugu, gutxieneko berme batekin izango da, bestela ez». Ez dute denboraldi honetakoa berriro gertatzerik nahi, «oso larria» izan baita taldeko kideek bizi izan duten egoera, «jasanezina» zenbait unetan. «Egoera pertsonal oso larriak egon dira».

Horregatik du Escribanoren ustez horrenbesteko meritua taldeak egindakoak, hots, mailari eutsi izanak. «Zorretan» daude haiekin. «Arazoa konpontzeko ahal dugun guztia eta gehiago egitea zor diegu. Guretzat heroiak dira. Eredugarria da nola egin duten borroka, nola defenditu duten Arrateren elastikoa. Baina benetan gorriak ikusi dituzte. Horregatik ere ulertuko genuke gehienek taldea uztea. Profesionalak dira, eta profesional orok soldata bat jaso nahi du lan egiteagatik».

'Belaustegi auziaren' eragina

Eibarren baino askoz buruko min gutxiago dituzte Iruñean. Jon Belaustegiauziaren epaiak —epaileak ebatzi zuen klubak 180.000 euro inguru ordaindu behar zizkiola ordainketa bakarrean taldeko jokalari ohiari, haren irudi eskubideengatik— desorekatu egin ditu San Antonioren hasierako aurreikuspen ekonomikoak, baina nola edo hala egin dio aurre, eta egun, ia ez du zorrik, eta duena aurki espero du kitatzea. «Egunean gaude. Jokalariei diru kopuru bat zor diegu irudi eskubideengatik, baina aurki ordainduko diegu. Amaya Sport gure babesleak gurekin jarraituko du, eta uste dut beste babesleren bat ere lotuko dugula», azaldu du Jose Ignacio San Miguel San Antonioko gerenteak.

Iruñeko taldeak aurreko bi denboraldietan sufritu zuen gehienbat krisiaren eragina, eta neurri zorrotzak hartu zituen. Lehena, aurrekontua jaistea. «Lehen, bi milioi euro pasatxoko aurrekontua zuen taldeak, eta, orain, 800.000 eurokoa». Aurrekontuaren murrizketak, noski, izan du ondoriorik: jada ez dago izar distiratsurik. Aldaketa handia da, eta asko ez dira egokitu. «Jendea erraz ohitzen da onera, baina jendeak argi izan behar du amaitu dela Portlanden garaia. Orain, Ligako talderik gazteena gara, eta, halere, oso lan ona egin dugu. Benetako zaleak badaki».

Sasoi honetan gertatu dena «oso tristea» dela aitortu du San Miguelek. «Gertatu denak min handia egin dio eskubaloiari, eta haren irudia itsustu du. Nola edo hala konpondu behar dugu hau, baina denok egin behar dugu zerbait. Kirol honek merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.