Joxean Etxeberria eta Jokin Urretabizkaia Basozabal aizkolariek apustua itxi zuten atzo, Tolosako Kantabriko tabernan. Bakoitzak hamabi kana-erdiko eta sei 60 ontzako moztu beharko ditu, eta 4.000 euro jarriko ditu bietako bakoitzak. Nafarrak, Etxeberriak, izango du kana-erdikoak eramateko ardura, eta gipuzkoarrak, Urretabizkaiak, 60 ontzakoak eramango ditu. 2025eko martxoaren 8an ezarri dute apustuaren eguna, 18:00etan, Doneztebeko Ezkurra frontoian (Nafarroa).
Etxeberriak erronka bota zien Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi, Eneko Otaño edo Hodei Ezpeleta ez beste aizkolari guztiei berarekin apustu bat egiteko. Bada, atzo, Basozabal soilik agertu zen Tolosako Kantabriko tabernan. Bertan ordu eta erdiz egon ziren bilduta bi aizkolariak erronkako xehetasun guztiak ixteko lanetan, eta, azkenean, akordio bat erdietsi zuten biek.
Etxeberriak eta Basozabalek badaukate elkarren berri. Orain dela gutxi aritu ziren elkarren aurka, Euskal Herriko Aizkora Txapelketan. Orduan, Basozabalek ia minutu baten aldearekin hartu zion aurrea Etxeberriari.
Nafarrari dagokionez, duela hilabete batzuk ere ahalegindu zen erronka bat adosten, baina ordu hartan Iker Vicente ez beste Nafarroako aizkolari guztiei jo zien. Hala ere, ez zen inorekin ados jarri.