2000ko urriaren 18a. Baskoniaren lehen norgehiagoka Euroligan. Bartzelonak, Olympiakosek eta Baskoniak bakarrik esan dezakete edizio guztiak jokatu dituztela. «Harrigarria da hasiera horren parte izatea. Orduan Baskoniak ez zeukan historia hori. Lehen urte hartako mila oroitzapen ditut. Zerbait garrantzitsuaren hasiera izan zen. Finala jokatu genuen, eta hori gauza handia da», adierazi du, hunkituta, taldeko jokalari kutunenetako batek, Luis Scolak. Dokumentalean jasotako pasarteak gogoratuz, egungo taldearen aurrean mintzatu da.
Saskibaloiaren historia sorberritu da Gasteizko Ondare eraikineko auditoriumean. Baskoniak eta Euroligak elkarrekin idatzitako 25 urteko historia ospatu dute, mahai inguru eta dokumental berezi baten estreinaldia tarteko. Ekitaldiak ikusmin handia sortu du, eta bertan izan dira Europako saskibaloiaren izen handiak: Dejan Bodiroga, Euroligako presidentea; Pablo Laso, Baskoniako egungo entrenatzailea; eta Luis Scola eta Igor Rakocevic, klubeko jokalari mitikoak. Dokumentalean, berriz, Baskoniaren hazkundea eta Euroligako ibilbide garrantzitsuak errepasatu dituzte. Josean Kerejeta klubeko presidenteak, Alfredo Salazar idazkari teknikoak, Felix Fernandez kirol zuzendariak, Tadas Sedekerskis taldeko kapitainak eta Markus Howardek 25 urte hauetan izandako mugarri handiei erreparatu diete, baita lehiaketaren orainaz eta etorkizunaz hausnartu ere.
Hain justu, dagoeneko ikusgai dagoen dokumentalarekin hasi dute omenaldia. Txapelketaren lehen urteak gogoratu ditu presidenteak, ez baitziren «batere errazak izan: klubek kezka zuten lehiaketa berri bat sortzeko orduan». Baina Baskoniak bere patuaren jabe izan nahi zuen hasieratik: «Gure lehiaketen jabe izan behar genuen. Europan sendotzen ari zen proiektu bat ginen, eta aurrera atera nahi genuen».
Horretan jarraitzen du. Fernandezek ez du ezkutatzen taldeak daukan «gosea» Europako onenen artean jarraitzeko. Era berean, Salazarrek nabarmendu du helburua beti asmatu nahi izatea dela, nahiz eta batzuetan huts egitea saihestezina izan: «Baskoniaren proiektua beti izan da Europako onenekin lehiatzea. Talentua, esfortzua eta kalitatea nahi izan ditugu beti, eta hori Argentina bezalako herrialdeetan aurkitu genuen, Scola bezalako jokalariekin».
Gasteiz saskibaloia bizi duen hiri bat da, eta horrek erakargarri egiten du kluba jokalarientzat, Fernandezek nabarmendu duenez. Baina Gasteizkoa bakarrik ez, «Baskonia Euskal Herriko saskibaloi kluba» dela azpimarratu du Kerejetak dokumentalean: «Arriskutsua izan arren, arriskatzera ausartu ginen, eta horrek saskibaloiaren inguruan biziberritu zuen Gasteizko hiria».
Urteotan proiektua izan da garrantzitsuena. Baskonia bezalako taldeentzat denboraldi onak edo txarrak egitea baino garrantzitsuagoa da proiektuak irautea. Klubak beharrezkotzat jotzen du haztea, baina bere balioak mantenduz. Horregatik, presidenteak argi hitz egin du txapelketaren orainari eta etorkizunari buruz: «Erdiko epera eta epe luzera, ekonomia indartsua duena goian egongo da. Fair play finantzario bat beharko litzateke; gaur egungoa baino saskibaloi iraunkorragoa behar dugu».
Dokumentalaren amaieran, taldeak orain duen garai korapilatsua erlatibizatu du presidenteak, haren izaera eta nortasuna azpimarratuz: «Gauzak zailtzen direnean, espabilatu beharra dago. Bolada hau horretarako da, zalantzarik gabe». Txalo artean amaitu da dokumentala, Baskoniak iraganean Euroligako gau zirraragarrietako irudiek lagunduta.
Lau izar oholtzan
Ikus-entzunezkoa amaituta, oholtzara igo dira mahai inguruan parte hartu duten lau protagonistak. Elkarrizketan aritu dira, taldearen eta Euroligaren urte oparoak goraipatuz. Entrenatzaileak hitz egin du lehenbizi; sentitu egiten du Baskonia, eta bi Euroliga irabazi ditu entrenatzaile denetik: «Euroliga zaila da, eta aurrera begiratu behar da beti. Real Madrilekin irabazitako lehen titulua dut gogoan, baina orain Baskoniarekin amesten dut: talde honek badu etorkizuna».
Jokalarien txanda iritsi da gero. «1997an sartu nintzenean, helburua Euroligan behin parte hartzea zen. Begira orain non dagoen kluba: lizentzia finkoa, pabiloi erraldoia eta Lauko Finalak behin eta berriz lehiatzen», mintzatu da Scola, harro. Ezin izan du aukeratu Baskoniarein jokatu dituen Euroligako Lauko Final bat: «CSKA Moskuren aurka lortutako garaipena oroitzen dut, haien etxean garaitu genituen. Taldea mundiala zen, oso dibertigarria jokatzeko. Baina zaila da une bakar bat aukeratzea, gehiegi dira».

Klubaren beste ikurretako batek hartu du hitza gero: klub asko ezagututakoa da Rakocevic, baina Baskonia «ezberdina» da harentzat: «Klubaren parte sentitzen naiz, nire bihotzeko taldea da. Indarra dauka, Balkanetako jendea eta euskaldunak batzen gaituen zerbait da». Gasteizera doan bakoitzean jendearen partetik jasotzen duen berotasuna nabarmendu du: «Gure garaiko Baskonia talde borrokalaria zen; sekulako grina eta nortasuna erakusten genuen. Jendeak maitatzen gintuen, eta hori oraindik sentitzen da Gasteizen. Garai zail baten ostean iritsi nintzen, eta jokalari moduan berpiztu egin nintzen Baskonian».
Rakocevicek eta Lasok harreman estua izan dute. «Entrenatzaile itzela da. Dusko eta Pablok badute zerbait berezia; giro paregabea sortzen dute eta diziplinaz lan egiten irakasten digute», goraipatu du serbiarrak. Esker onez erantzun du Lasok «baskonista» moduan, ondoan dituen jokalariei zuzenduz: «Baskonista naizen aldetik, ohorea da klubeko parte izan diren jokalari hauek taldearen historiaren parte izatea».
Gasteiztik pasatzen diren jokalariek azkar ikasten dute lezioa. Gauza guztien gainetik, «saskibaloia eta balioak» dira garrantzitsuenak Baskonian, hala argitu du Rakocevicek: «Teletovic, Prigioni, Scola... denok jokatu ditugu gure denboraldirik onenak Gasteizen. Semeari beti esaten diot: dirua eta fokuak Madril edo Atenasen aurkituko dituzu, baina saskibaloia sentitu eta jokalari modua hazi nahi baduzu, Gasteiz da saskibaloiaren hiria».
Publikoak txalo artean hartu du adierazpen hori, eta hala amaitu dute ekitaldia. «Etorkizun oparoa dauka Baskoniak, proiektua delako garrantzitsuena», Scolak adierazi duenez. «Onena opa diot Baskoniari», gaineratu du Bodirogak. Azkenik, Lasok itxi du saioa: «Garaipenen eta porroten gainetik, balioak daude, eta hori badauka Baskoniak. Horregatik egongo gara hemen 25 urte barru ere».
Garai haiek...
Baskoniaren 25 urteko ibilbideari aitortza egiteko, taldeak ekintza berezi bat prestatu zuen osteguneko Zalgiris Kaunasen aurkako partidarako —66-65 gailendu zen Baskonia—. Lasoren mutilek 2004-2005 denboraldiko kamiseta historikoa jantzi zuten, Scolak, Calderonek, Prigionik, Splitterrek eta Macijauskasek garai batean erabili zuten bera. Garaipenak ospatzeaz gain, zaleek historia ukitzeko aukera izan zuten. Denboraldi hartan, klubak Superkopa irabaztea lortu zuen, ACB Ligako finala eta Moskuko Lauko Finala jokatzeaz gain, eta Europako txapeldunordea izan zen.
2000. urtean, hainbat klub ausartek matxinada egin eta ULEB izenpean beste Euro League bat sortzea erabaki zuten, FIBA tradizionaletik bereizita. FIBAk CSKA, Maccabi eta Panathinaikos mantendu zituen bere babespean, baina talde urdin-gorria abentura berrian murgildu zen, sortzaileetako bat izanik. Garai hartan, Baskonia errebeldetzat jo zuten, Europako saskibaloiaren historian pisu handiagoa zuten klubekin parekatu nahian, hala nola ACBko bi erraldoiekin (Bartzelona eta Real Madril), Olympiakosekin, Virtus Bolognarekin eta Zalgiris Kaunasekin. Matxinada horrek Baskoniaren etorkizuna erabat markatu zuen, eta denboran zehar sendotu egin du haren lekua Europako elitean.

Ordutik, Baskoniak ez du hutsik egin Euroligan. 2023ko uztailean, Euroligako hamahiru klub jabeek lortutako akordioari esker, Baskoniak lehiaketa horren etorkizuna bermatu du: 2040ra arteko txartela ziurtatu du; beraz, 40 denboraldi jarraian betetzeko aukera izango du. Horrek argi uzten du Baskonia ez dela soilik iragan loriatsua duen klub bat, baizik eta etorkizun sendoa ere baduela, kontinente osoko lehiaketa handienetako batean lekua erabat finkatuta.
Ekitaldian argi geratu da Baskoniak ez duela iragana bakarrik ospatzen, etorkizuna ere eraikitzen ari dela. «Saskibaloia aldatu egin da, mundua aldatu den bezala. Euroliga eta Baskonia beste zerbait zen, baina hobera aldatu dela esango nuke. Garai izugarria da saskibaloian jokatzeko», adierazi du Scolak. Hor mantendu da Baskonia: beti borrokan, beti goi mailan eta beti zaleekin bat eginda. Hurrengo erronka, 25 urteko historia bikainari jarraipena ematea.