Saskibaloia

Baskoniak astea biribildu du Valentzia Basketi irabaziz etxean

ACB ligako hamargarren jardunaldian, bosgarren garaipena lortu du Velimir Perasovicen taldeak, aste honetan zaleen aurrean lortu duen hirugarrena segidan, Euroligako biak kontuan hartuta.

Fall defentsako lan ona eginez San Emeterioren sarrera oztopatuz, gaur. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 24a
15:34
Entzun

Nork esango zuen gaur zortzi Baskonia erabat suspertu eta bizituko zenik astebeteko epean, baina lortu du ia inork uste ez zuena, eta azkeneko hiru partidak irabazi egin ditu. Azkenekoa, gaur bertan, zaleen aurrean hau ere, Valentzia Basketen aurka. ACB ligako hamargarren jardunaldian izan da, eta bosgarren garaipena lortu du Velimir Perasovicen taldeak. 

Astea biribildu du, asteazkenean CSKA eta ostiralean Zenit gainditu eta gero Euroligan. Horrenbestez, irauli egin du hiru garaipen horien aurreko egoera, Macabbik Europako lehiaketan eta Fuenlabradak ACBn menderatu egin baitzuten Baskonia, Gasteizen. 

Lehen zatia berdindua izan bada ere, hirugarren laurdenean hautsi du partida etxeko taldeak. 33 puntu sartu dizkio Valentzia Basketi laurden horretan (33-20ko partziala), eta ondo kudeatu du alde hori, azkenera narrastu egin bada ere erasoan, baloia hainbat bider galduz. Dena dela, garaipena ez da arriskuan egon. 

Aste honetako beste bi garaipenetan bezala, defentsa ona egin du gaur ere Perasovicen taldeak, eta erasoan, erantzun ona eman dio Patricio Garinoren lesio larriari [eskuin belauneko aurreko lotailua hautsi zuen Zeniten aurka, eta denbora luzez ezingo du jokatu] Nik Stauskasen jardunak, 16 puntu sartu baititu jaurtitzaile kanadiarrak. Bat gehiago sartu du (17) Shavon Shieldsek, eta taldeko saskiratzaile onena izan da. 

Gaurko garaipenak badu beste balio bat ere. Tornike Shengeliak ez du partida onena izan saskiratzen, 10 puntu baino ez dituelak sartu, eta denboraldi honetan taldearen erasoko jokoan itsasargia denaren ekarpen handirik gabe irabazi izana nabarmentzekoa da. 

Baskoniak Atenasen jokatuko du hurrengo partida, Euroligakoa, Panathinaikosen etxean, datorren ostegunean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.