SASKIBALOIA. Euskal talde baten pozak beste baten samina eragin zuen atzo. Baskoniak63-81 irabazi zion Gipuzkoa Basketi, Illunben, eta, beraz, Donostiako taldeak maila galdu du, ACB ligako sasoi erregularra amaitzeko bi jardunaldi falta direla. Bosgarrenez galdu du maila azken hamar sasoietan. Nahi eta ezin ibili da sasoi honetan, batez ere azken txanpa erabakigarrian: bi garaipen besterik ez ditu lortu azken hamar partidetan. Atzo kontrakarrean aritu zen: oso gaizki hasi zen (7-29), suspertu egin zen (32-38), eta etsi egin zuen gero.
Baskonia, berriz, garaipenaren bidera itzuli da, eta, horri esker, Valentziarekin berdindu du laugarren postuan, partida bat gutxiago jokatuta. Postu hori nahi dute gasteiztarrek, final-laurdenetan kantxa faktorea izateko. Colomek eta Massenatek debuta egin zuten atzo. Polonara izan zen onena: 23 puntu.
Bilbo Basket ere kinka larrian dago, azken-aurrena baita, salbaziotik bi garaipenera. Estudiantes du aurretik, baina bizkaitarrek hiru partida gutxiago jokatu dituzte. Bihar, Fuenlabrada hartuko dute (20:45).
Baskonia nagusitu da Illunben; GBCk maila galdu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu