REAL MADRIL 101-90 BASKONIA

Baskonia ezinean aritu da berriro Real Madrilen aurka

Arabako taldeak 25 minutuz eutsi dio Espainiako taldeari, baina behera egin du gero, eta aurkariak gora. Final-laurdenetako lehen bi partidak galdu ondoren, Baskoniari izugarri zaildu zaio Euroligako Lauko Finalerako sailkatzea.

Guerschon Yabusele Real Madrileko jokalaria, saskia txikitzen, Baskoniako Tadas Sedekerskis begira duela. KIKO HUESCA / EFE
Guerschon Yabusele Real Madrileko jokalaria, saskia txikitzen, Baskoniako Tadas Sedekerskis begira duela. KIKO HUESCA / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko apirilaren 25a
22:54
Entzun

Baskoniak mirari kutsuko balentria egin beharko du Euroligako Lauko Finalerako sailkatu nahi badu. Mirari kutsukoa, galdu egin baititu final-laurdenetako lehen bi partidak. Real Madrilek ezin hobeto baliatu du etxean jokatu duela, eta bietan irabazi dio Arabako taldeari. Nagusitasunez gailendu da bietan: asteartean, 90-74 ; eta, gaur, 101-90.

Euroligaren historian behin bakarrik sailkatu da talde bat kanporaketako aurreneko bi neurketak galdu eta gero: Real Madril izan zen, iaz. Beste inork ez du egin halakorik. Baskoniak bigarrena izan nahiko luke, baina, horretarako, sekulakoa egin beharko luke: bi aste eskasean hiru aldiz jarraian irabazi behar dio Euroligako egungo txapeldunari. Helburu errealistagoa jarri behar dio bere buruari. Hauxe lehena: datorren asteazkenean, Buesa Arenan, hirugarren partida irabaztea, eta etxean ere jokatuko lukeen laugarren neurketa behartzea. Gero, gerokoak. Ez du lan samurra izango.

Are gehiago aurreneko bi partidetan baino hobeto aritzen ez bada. Bietako bakar batean ere ez du izan benetako aukerarik Real Madril ezustean hartzeko. Estutu ere oso gutxi egin du; gaur, pixka bat, hasieran, baina ez nahikoa Espainiako taldea urduri jar dadin. Neurketak aurrera egin ahala, gero eta hobeto aritu da Chus Mateok entrenatutako taldea, eta azken txanpan nahieran aritu da. Horrek Baskoniaren ezintasuna areagotu du.  

Dusko Ivanovicek eskatu bezala, oldarkorrago aritu dira arabarrak hasieran. Horri esker, partidan sartuta egon dira 25. minutura arte: 58-54. Baina orduan jo du kolpe erabakigarria etxeko taldeak, 12-3ko partziala lortuta. Inoiz ez zuen horrenbesteko aldea izan neurketan. Kolpeak jota utzi du Baskonia, eta ez da gai izan suspertzeko.

Azken laurdenari 11 punturen desabantailarekin ekin dio, baina bikoiztu egin da hasi eta berehala, Real Madrilek sartu baititu lehen 11 puntuak. Zazpi minutu falta ziren oraindik partida bukatzeko, baina sobran zeuden. Erabakita zegoen neurketa. Etxekoak lasaitu egin dira, eta Baskoniak aprobetxatu egin du emaitza itxuratzeko.       

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.