Bartzelona 2 — 0 Lyon

Bartzelonak hirugarrenez irabazi du Txapeldunen Liga

Herrialde Katalanetako taldeak Europako talderik onena dela berretsi du, San Mamesen Lyon mendean hartuta. Emakumezkoen Txapeldunen Ligako final batean inoiz izan diren baino ikusle gehiago bildu dira: 50.827.

Bartzelonako jokalariak, garaipena ospatzen. LUIS TEJIDO / EFE
Bartzelonako jokalariak, garaipena ospatzen. LUIS TEJIDO / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 25a
20:32
Entzun

Bartzelonak bere piztia beltza irentsi du: Lyon. Txapeldunen Ligako bi final zituen jokatuak haren kontra, eta biak galduak. Europako talderik onena dela berresteko, Frantziako taldeari irabaztea falta zitzaion, hura baita garaikur gehien duen taldea: zortzi. Bada, gaur, arantza hori atera ahal izan du: mendekua hartu, eta joera aldaketa berretsi du Europako futbolean.

Bartzelonak 2-0 irabazi dio, eta hirugarrenez jaso du Txapeldunen Liga. Aitana Bommatik eta Alexia Putellasek sartu dituzte golak, azken bi Urrezko Baloien irabazleek. San Mamesen jokatu da finala, eta goi mailakoa izan da. Bi taldeak buruz buru lehiatu dira, eta oso bizia izan da neurketa, batez ere bigarren zatian.

Gainera, Emakumezkoen Txapeldunen Ligako final batean inoiz izan diren baino ikusle gehiago bildu dira: 50.827. Euskal Herriko bi jokalari aritu dira zelaian, eta, gaurko garaipenarekin, Irene Paredesek bigarrenez irabazi du Txapeldunen Liga. Damaris Egurrolak, berriz, bakarrarekin jarraituko du. Bartzelonak amestutako denboraldi bat biribildu du, jokatutako bost tituluak irabazita. 

Egun osoan giro paregabea izan da Bilbon. Bi taldeetako zaleek Bilboko kaleak bete dituzte. Partida handia espero zen, hala izan ohi da finaletan, baina askotan ez da esperotakoa betetzen. Gaur, ordea, bai. Europako talderik onenak direla berretsi dute Lyonek eta Bartzelonak.

Presio estua eginez ekin dio Frantziako taldeak. Baina Bartzelonak izan du norgehiagokako lehen abagunea, 5. minutuan. Parallueloren errematea Endlerrek geratu du. Jonathan Giraldezen taldeak argi erakutsi ditu bere asmoak hasieratik: baloia patxadaz mugitzea, zuloak topatzeko asmoz. Marionaren eta Hansenen bidez lortu dute hori batez ere, eta, bien arteko jokaldi on batekin, ia gola egin du Bartzelonak. Lyonek apenas eduki duen baloia.

Baina Frantziako taldea esnatu egin da korner pare baten ostean. Geldikako jokaldiei etekin handia ateratzen diete frantziarrek, eta Sonia Bompastorrenn taldeak gertu izan du gola. Zutoinera errematatu du 14. minutuan, eta azkenean Paredesek atera du baloia. Hurrengo minutuetan, norgehiagoka berdindu egin da, eta elkarri errespetu handia erakutsi diote bi taldeek. Ohi bezala, Bartzelona hegaletatik saiatu da min eginez. Hortik lortu du arriskua sortzea, baina atzetik jokalari gehiago iristea falta izan zaio hori baliatzeko. Paralluelo nahiko bakarrik egon da goian.

Lyon hasieran baino erosoago aritu da minutuek aurrera egin ahala, baloia eduki ez arren. Ondo egon da kokatua, eta, ahalmen fisikoari esker, ondo eutsi dio Bartzelonari. Ahal izan duenean, gainera, erasora atera da.

Dumornayrek deseroso sentiarazi du Bartzelonaren atzealdea, bizkarrez asko jokatuta, eta hegaletako jokalarien igoera ahalbidetuta. Pare bat aldiz gerturatu da arriskuz Cata Collen atera. Atezainak neurketa ikusgarria jokatu du, eta ondo aldendu ditu baloiak.

Parekotasuna kontuan hartuta, bazirudien aurretik jartzen zenak asko izango zuela irabazia. Lehen zatia ordu arteko aukerarik argienarekin amaitu da: Bartzelonako Hansenek ondo eraman du baloia, eta errematea gutxigatik joan zaio gurutzatua.

Hasiera bizia  

Talde batek zein besteak zirt edo zart egin behar zuten partida luzapenera edo penaltietara ez joateko, eta biek erasora jo dute bigarren zatian, bizi jokatuz. Alde batetik bestera joan da partida. Renard gola sartzear egon da Lyonentzat, buruz, 49. minutuan, korner batean. Baita Damaris Egurrola ere, erremate on batean, 60.ean. 

Sufritzen ari zen Bartzelona, Lyonek baloiarekin okerrak egitera behartu baitu. Baina orduan agertu da Aitana Bommati. Marionak, partidan lehen aldiz, zulo bat topatu du Lyonen atzealdearen ezker aldean. Aitana Bommati bizi sartu da hortik, eta zuzen joan da Endlerren aterantz. Ezkerrarekin egin du errematea, eta, Gillesi jo ostean, sarera joan da. 63. minutua zen.

Lyon saiatu da buelta ematen. Bompastorrek Majri, Becho eta Hegerberg zelairatu ditu. Majrik, batez ere, aukera pare bat izan ditu, baina Cata Collekin egin du topa. Dianiren errematea ere ondo atera du atezainak. Lyonek estutzen jarraitu du, baina Bartzelonak ondo kontrolatu du abantaila. Gainera, ahal izan duenean bizi atera da erasora. Jokaldi horietako batean, Alexia Putellasek gola sartu du, 93. minutuan, eta finala erabakita utzi du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.