Mirari Uria. Realeko jokalaria

«Bartzelona berriro ere estu hartzeko moduan gaude»

Espainiako Superkopako finala jokatuko du gaur Realak, Meridan, Bartzelonaren kontra (12:00, Tdp). Uriak argi du baloiaren jabetza izaten ahalegindu behar dutela.

REALA.
ainara arratibel gascon
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Azken partidetan jokatzeko aukera edukita, pozik dago Mirari Urari (Azpeitia, Gipuzkoa, 2003). Gaurkoa lehen finala izango du Realarekin, eta ilusioz mintzo da.

Aurreko astean hartutako bi kolpeen ostean, taldeak behar zuen asteazkenekoa bezalako garaipen bat eta poz bat, ezta?

Bolada txar batetik gentozen, eta igandeko [gaurko] finalerako sailkatzeak sekulako poza ekarri du multzora, datorrenari heltzeko.

Zama bat kendu al zenuten gainetik?

Ez nuke esango hainbesterako izan zenik. Baina Sporting Huelvaren aurkako partida garrantzitsua izan zen, gure bertsiorik onenetik gertu egon baikinen. Valentziaren aurkako neurketan ez bezala, baloia genuen, eta hortik abiatuta gure jokoa egin genuen. Partida erabat biribila izateko, agian, alde handiagoz irabaztea falta izan zitzaigun [1-0 izan zen emaitza]. Baina ziur nago hori ere ailegatuko dela.

Gaur Bartzelona izango duzue aurkari finalean. Luzapenean eta jokalari bat gutxiagorekin lortu zuen Real Madril menderatzea finalerdietan. Zer espero duzu finalaz?

Bartzelona sekulako taldea da, baina Ligan erakutsi genuen gai garela haien kontra buruz buru lehiatzeko, eta estu hartzeko. Prest eta gogoz gaude berriro ere hala egiteko, eta, lortzen badugu, aukerak izango ditugu finala irabazteko.

Partida hartan, gai izan zineten zuen jokatzeko modua ezartzeko. Hori berriz egitea izango da gakoa?

Baietz esango nuke. Azken batean, partida hartan gai izan ginen baloiaren jabetza izateko, eta hori oso zaila da Bartzelona bezalako talde baten kontra. Gu eroso gaude horrela; bestela, sufritu egiten dugu. Gainera, Bartzelonaren kontra, defentsarik onena baloi jabetza izatea da; bestela, asko sufritzen duzu. Abiadura handia ematen diote baloiari, eta gol aukera asko sortzen dituzte. Etengabe haien atzetik korrika ibili behar baduzu, galduta zaude. Fisikoki asko sufritzen da. Tokatzen zaigunean, hala ere, oso batuta egon beharko dugu, haiek oso trebeak baitira zuloak topatzen eta lerro artean jokatzen. Bestalde, funtsezkoa izango da partidako momentu funtsezkoetan golik ez jasotzea ere: neurketa hasieran, atsedenaldi aurreko minutuetan... Eta jasoz gero, eustea. Izan ere, haiek, golak sartu osteko minutuetan, aldea handitzen saiatzen dira. Bolada horiek oso ondo aprobetxatzen dituzte.

Final bat izanda, partida diferentea izango dela uste duzu?

Nik uste dut aldea izango dela bi taldeak are eta intentsitate handiagoz zelairatuko garela. Gainontzean, ez, zeren jokatzeko era oso argi dugun taldeak baikara, eta sinetsi egiten dugu horretan.

Bartzelonak goi mailako jokalariak ditu. Haietako baten batek finala ez jokatzeko aukera emango balizute, zein izango litzateke?

Aitana [Bommati].Sekulako talentua dauka, eta jokalari erabakigarria da. Oso zaila da hari baloia kentzea. Partidak oso ondo irakurtzen ditu, eta sekulako gaitasuna du paseak emateko.

Fisikoki eta mentalki ahalegin handia eskatu arren, gozatu egiten da halako taldeen kontra jokatzen?

Zalantzarik gabe. Gozatu eta ikasiere egiten da halako norgehiagoketan. Oso aberasgarriak dira jokalari baten hazkundean.

Aurreko finala haien aurka izan zen, eta 10-1 galdu zenuten. Buelta asko ematen zaio horri?

Hori iragana da, eta ez diogu bueltarik eman behar.

Realak jokatuko duen hirugarren finala izango da gaur. Finalak jokatzen ere ikasi egiten da, ezta?

Kluba izaten ari den hazkundearen adibide da hirugarren finala jokatzea. Eta zuk diozun moduan, finalak jokatzen ikasi egiten da. Eskarmentua hartuz zoaz, eta hobeto kudeatzen da halako partida bat jokatzeak dakarrena.

Denboraldian, ez dituzu izan jokatzeko aukera asko, baina, azken partidetan, minutu batzuk jokatzen ari zara. Gustura?

Bai. Denboraldiaurrean ez nuen ia taldearekin egoteko aukerarik izan, selekzio arteko txapelketak jokatu nituelako, eta hori beti antzematen da. Baina uste dut entrenamenduetan ondo aritu naizela lanean, eta entrenatzaileak emandako minutuak aprobetxatu egin ditudala. Horretan jarraitu nahi dut, jakitun bainago nire postuan lehia handia dela eta goi mailako jokalariak daudela.

Zertan hobetu behar duzu? Zer eskatzen dizu Natalia Arroyo entrenatzaileak?

Batez ere errematean gehiago ausartzeko eskatzen dit, jokaldiak amaitzeko. Izan ere, batzuetan, errematea egiteko aukera argia izan, eta ez dut egiten. Baina hori ere joango naiz hobetuz. Taldekide oso onak ditut inguruan, eta asko ikasten ari naiz haiekin.

Eta finala irabazteak zer esan nahi luke zuretzat?

Ufa... ez dakit zer egingo nukeen. Izugarria litzateke, amets bat betetzea. Granadako Espainiako Kopako finala etxean ikusi nuen, eta, irabazi zutenean, pentsatu nuen: «Egunen batean, nik ere halako zerbait nahiko nuke». Beraz, hemen egotea izugarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.