Barruraino sartu nahi du

Endika Barrenetxea eta Imanol Ansa Masterseko finalean ariko dira gaur. Binakakoan, txapelen usainean ibili izan da Ansa, eta banakakoan, gertu izan du finala jokatzea; baina erdibidean geratu da beti. Bolada aldatzeko «irrikan» dago.

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Imanol Ansak (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) denbora darama atea indartsu jo eta jo: binakakoan, azkeneko bi finalak jokatu ditu, eta banakakoan, finalerdietan aritu zen iaz. Atea indartsu jo eta jo, bai, baina ez da sartu barruraino. Ez du aitzakiarik jarri: «Gorenean, detaile txikiak handi bilakatzen dira, eta nik horietan huts egin dut. Azken pausoa ematea falta izan zait. Denbora daramat atarian, baina sartu ezinik. Sekulako gogoa dut behingoz txapel preziatua irabazteko».

Gaur aukera bat du bolada aldatzeko. Iparlur Masterseko finala jokatuko du, Endika Barrenetxearen kontra, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan (15:15, ETB1). Ez da buruz buruko txapelketa, baina ospe handia du: banakakoan ondoen sailkatutako erremontistek jokatzen dute. Txapel bat dago jokoan, eta hori nahikoa arrazoi da bete-betean aritzeko.

Partida bakarra jokatuta iritsi da finalera aurrelari urnietarra, Ander Goikoetxea herrikidearen aurkako atarikoa. Nagusitasunez irabazi zion: 30-17. Finalerdietan, Javier Urrizaren kontra jokatu behar zuen, baina hark uko egin zion jokatzeari, ez baitzuen osatua eskuin hankan eginiko zuntz haustura. Ansari «pena» eman zion Urrizaren aurka ez jokatzeak, nahiz eta horrek parez pare ireki zion finaleko atea: «Irabazi edo galdu, mesede egiten dit haren kontra aritzeak. Izugarri ikasten da».

Barrenetxea, «ikusgarri»

Hiru aste pasatu dira Ansak Masterseko partida jokatu zuenetik. Bi neurketa jokatu ditu tartean, biak binaka. Baina Ansak nahiagoko zuen buruz buruko «partida gogor» bat jokatu izana, nahiz eta Urriza parean eduki, eta kanpoan geratzeko arriskuan egon: «Sasoi ikusgarrian dago Endika, eta eskertuko nuen aurretik partida gogor bat jokatzea. Urrizaren aurkakoa ezin aproposagoa zen».

Hark azpimarratu du: «Ikusgarri dabil Barrenetxea IV.a». Finalerdian erakutsi zuen. Aukerarik ez zion eman Aritz Juaneneari: 30-14 irabazi zion. Nahieran aritu zen, batez ere sakearekin. Galarretako harmailatik ikusi zuen Ansak aurkariaren erakustaldia: «Ikaragarri sakatu zuen Endikak. Horrela sakatzen duenean, ez dago ezer egiterik errestoan; egon, besterik ez. Sekulako abiadura ematen dio pilotari, eta aurpegia jarri behar da hor. Hori gutxi balitz bezala, gurutzatuta dator pilota, eta horrek are eta gehiago zailtzen du egitekoa. Barneratua dut finalean horrela sakatzen badu tanto sorta bat baino gehiago lortuko dituela».

Indarrez «gainezka» ikusi du aurkaria: «Azpiko posturan, besoa luze-luze eginda ematen dio pilotari, eta sakean, ez du pilota bultzatzen; jo egiten du, eskuan pala bat balu bezala. Sekulako zartakoa ematen dio, eta pilotak mugimendu arraroak egiten ditu airean. Oso pilotari luzea ere bada, eta, nahiz eta justu iritsi, postura oso naturala du, eta nahi gabe ere errebotean jartzen du pilota. Sasoi ikusgarrian dago, eta izugarri ari da mugitzen pilota».

Itxaropena du Barrenetxea IV.a ez dela beti horren ikusgarri ariko: «Oso zaila da beti horrenbeste asmatzea, eta uste dut aukera izango dudala. Argi dut jokoa nahastu beharko dudala, eta Endika batera eta bestera mugiarazi. Orain duen kolpearekin, pilota geldirik harrapatzen baldin badu, puskatu egingo du partida».

Neurketa «nahastu» egin behar duela dio. Aukeraketan, pilotak seigarren koadrotik probatu ostean aukeratu zituen, eta horrek ezustean harrapatu zuen Barrenetxea IV.a. Baina, dioenez, ez zuen aurkaria aldrebesteko asmorik: «Aurrelaria izanik, ohituta nago seigarren eta zazpigarren koadroen artean jokatzera, eta entrenamenduetan ere bertatik aritzen naiz. Horregatik erabaki nuen halaxe egitea; gusturago aritzen naiz koadro horietan».

Ondo hasi nahiko luke, aurkariari «zalantzak» eragiteko: «Endikak finalerdia horren erraz irabazi izana ona eta arriskutsua da aldi berean. Ez zaude ohituta galtzen joatera, eta, zeure burua atzetik ikusita, agian, kosta egiten zaizu gora egitea. Hasieratik utzi nahi diot argi partida badagoela».

Bizilagunen arteko lehia izango da: urnietarra da Ansa, eta hernaniarra Barrenetxea IV.a. «Ziur» dago «giro polita» egongo dela Galarretan. Gertatzen dena gertatzen dela, afaria egingo dute erremontista guztiek Ansaren familiaren sagardotegian, Setienen. «Sekulakoa litzateke txapelarekin joatea, baina galduta ere saiatuko naiz gozatzen. Hori ere ikasi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.