Imanol Agirretxe. Realeko jokalaria

«Barruak esaten dit irabazi egingo dugula Valentzian»

Denboraldi honetako sasoirik onenean da usurbildarra, eta, olatua baliatuta, golak egiten jarraitu nahi du, «Realaren mesederako». Etxetik kanpoko estatistikak albo batera uzteko garaia heldu dela dio.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2015eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hogeita zortzi urte bete berritan, azkenaldiko sasoirik onenean da Imanol Agirretxe (Usurbil, Gipuzkoa, 1987). Lesio bat edo beste tarteko, orain arte oztopo batzuk gainditu behar izan ditu, baina azken hiru partidetan gol bana eginda, pozik dago. Oso pozik ere. «Uste dut nire egoerak islatzen duela Realaren osasuna. Denboraldi gorabeheratsua izan dugu orain arte, baina hobetzen ari gara». Horregatik, aurrerantzean emaitza hobeak lortuko dituztela uste du. «Konfiantza berreskuratzen ari gara, eta hori da gakoa».

Eskerrak Sevillari irabazi zenioten. Bestela...

Bestela ur handitan sartuko ginen, bai. Egoera zailean heldu ginen partidara; are zailagoan jarri ginen 2-3 galtzen ari ginela. Halere, kasta atera eta irabazi egin genuen. Akaso zorte pixka bat eduki genuen, baina garaipen hark arnasa eman digu, eta arnasak, bizitza. Astea bestelako lasaitasun batekin igaro dugu. Pentsa, sailkapenari ez diot begiratu ere egin, badakit-eta beheko postuetatik zerbait urrundu garela. Orain jarraitutasuna lortzea falta zaigu.

Jarraitutasuna da falta dena.

Zalantzarik gabe. Eta, behetik aldentzeko, segida lortu beharra daukagu derrigorrean. Partida handiak jokatu ditugu, baina txarrak ere bai. Ezer gutxirako balio du Bartzelona menderatzeak gero Rayoren aurka galtzen badugu. Ezin izan dugu orekarik topatu, eta arazo hori konpontzeko heldu da garaia.

Etxetik kanpo irabazteko garaia badela esan nahi duzu?

Bai. Autokritika egin nahi dut. Egia esan, nahiko lotsagarria da hainbeste denbora Anoetatik urrun irabazi gabe egotea. Bada garaia estatistika horiek albo batera uzteko. Ez dakit zein den arazoa, baina geure buruarengan sinetsi behar dugu etxetik at garaipena eskuratzeko gai garela azaltzeko. Bizpahiru aldiz gertu egon izan gara, baina alferrik. Sentipena dut Valentziari irabazi egingo diogula Mestallan.

Zergatik diozu hori?

Batetik, Sevillari irabazteak sekulako mesedea egin digulako. Atzetik joan ondoren, era horretan irabazteak konfiantza ematen du. Bestetik, Valentziaren aurka ongi konpondu izan garelako azken urteotan. Sasoi honetan fin ari dira, baina barruak esaten dit egingo diegula.

Galduz gero, ordea, berriz ere buruari bueltaka hasi behar.

Futbola halakoa da. Orain zuria dena bihar beltz bihur daiteke. Jaitsiera postuetatik hain gertu egoteak errespetua sortzen du, eta porrotek min egiten dute. Urduritasuna areagotzen dute. Jokalariok nahiko lasai gaude, ikusten dugulako gai garela gauzak hobeto egiteko. Hori bai, emaitzek laguntzen ez badute, zalantzak nagusitzen dira. Valentziari irabaztea izango dugu onena.

Gauzak hobeto egiteko gai bazarete, zergatik ez egin?

Galdera hori askotan planteatu izan diot neure buruari. Uste dut Realeko jokalari bakar batek ere ez duela bere maila onena eman. Ez dugu nahita egiten. Emaitzak izan daitezke hobeak edo okerragoak, baina beti lanerako prest gaude. Nik badakit zer-nolako zortea dudan Realean egonda. Txikitatik maite izan dut Reala, eta sekulako konpromisoa daukat. Beti emango dut dena.

Duela hiru urte, ligako talde onenetakoa zen Reala. Orain ez. Zer gertatu zaio?

Pentsatzen dut Realaren tokia erdibidean dagoela. Txapeldunen Ligara sailkatu ginenean sekulako lana egin genuen, baina ezinezkoa da beti hori lortzea. Ordea, oraingo egoera ere ez da gure taldeak merezi duena. Sasoi hasieran nolabaiteko gurpil batean murgildu ginen, eta bertatik atera ezinda gabiltza. Arazoa zein den ez dakit, baina konfiantza falta zaigula gauza jakina da. Lotuta jokatu ohi dugu. Beldurra etsai handiegia da. Egia esan, zorteak ere ez digu lagundu.

Zorte kontuagatik bakarrik al dago Jagoba Arrasate etxean?

Ez, noski. Sasoi hasiera zaila izan zen; batez ere, Krasnodarren jaso genuen kolpea. Taldeak igaro zituen bizpahiru hilabete krisian. Ez genuen ezertara jokatzen; beste taldeentzat aurkari erosoak ginen. Errudunak guztiok gara. Eta, bai, Arrasate etxean dagoelako errudunetako bat sentitzen naiz. Baina berriz diot: guk ere nahi genuke astebururo irabazi. Futbolak halako kontuak ditu, eta beti entrenatzaileak ordaindu ohi du.

David Moyesekin taldeak hobera egin al du?

Bistakoa da baietz. Horrekin ez dut esan nahi Moyesi esker hobetu dugunik. Uste dut jokalariok orain dela bost hilabete baino hobeto gaudela, eta horregatik egin dugula gora. Emaitza txukunak lortzen ari gara, baina oraindik asko falta zaigu. Moyesen metodologiara egokitzen ari gara, eta gustura gainera. Entrenatzaile jakintsua da, motibatzaile ona; bide onean ari gara lanean.

Zu ere bide onean ari zara, azken hiru partidatan gol bana sartuta.

Lehen Maila sekula lortu gabea nuen hori, eta pozik nago. Moyesek konfiantza du nigan, eta eskertzekoa da. Velaren faltan, bagenekien babak eltzetik atera behar genituela, eta ari gara. Vela dagoenean ere hala saiatzen gara, ez dezala inork gaizki ulertu. Sasoi honetako garairik onenean nago, eta horri eutsi nahi diot.

Zelai erdian Granero-Pardo bikotea jartzeak mesede egiten al dizu?

Ez dakit. Egia da bi jokalari horiek gora asko begiratzen dutela, eta aurrelariontzat egokiak direla. Dena den, Markel ere beharrezkoa da Realean, alferrik delako bi gol sartzea gero hiru jasotzeko. Guztiak dira garrantzitsuak; ni guztiekin sentitzen naiz gustura.

Berriz Agirretxe izaten ari da Realeko aurrelari titularra. Ez Seferovic, ez Finnbogason, ez inor.

Edozein taldetan aurrelariaren postua oso da garrantzitsua, eta onartuta daukat klubak lotuta eduki nahi duela postu hori. Denak dira ongietorriak. Nik badakit zein den nire lana, eta horretan jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.