Futbola nire bizitzaren zati bat gehiago da gaur egun; oso garrantzitsua, baina txikia. Beste lehentasun batzuk dauzkat». Hori ere bai baita Lehen Maila. Ustez handia den errealitate horretan, adibide bat gehiago da Itsaso Nabaskuesena (Donostia, 1990). Añorgan hazi zen jokalari gisa, eta 2006an eman zuen Realera pausoa. Koska bat gorago egin, eta tituluen borrokan sartu zen Athleticen, 2008tik 2012ra... Baina Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko ikasketei lehentasuna eman zien jarraian. «Gasteizen egin nituen ikasketak, eta Norvegiara eta Belgikara joan nintzen gero». Besteren artean, bi urteko master bat ikasi zuen Belgikan: «Jarduera Fisiko Egokitua; urritasuna duten pertsonentzat jarduera fisikoa». Eta 2014an iritsi zen Oiartzunera —aurretik Belgikako Lehen Mailako talde batean jokatzeko aukera izan zuen—. Lehen Mailara igoera, eta izarren artean gozatua. Horixe azken urte eta erdian kirol arloan futbolari atera dion etekina.
Baina donostiarrarentzat «barrua askatzeko terapia txiki bat» da futbola. Ohiko egun bat nolakoa duen galdetu, eta erantzuna barneratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Mindara dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko Gipuzkoako elkartean koordinatzaile lanetan ibiltzen da egunero goizez —eta arratsalde batez ere bai—, Oiartzualdean, «lanaldi erdiz»; «astean bitan eta asteburuetan» eskola kiroleko begirale lanetan ibiltzen da Lezoko herri eskolan; «keinu hizkuntzako ikastaro bat ere egiten ari naiz orain», astelehenetik ostegunera; eta arratsaldeetan, «astean bitan», Hegalak osasun kirol zentroan igerilekuko begirale gisa ibiltzen da haur txikiekin eta fibromialgia daukaten emakumeekin. «Arratsalde-gau partean ia indarrik gabe iristen naiz entrenamendura, baina burua lasaitzen laguntzen dit futbolak». Bi astez behin egin beharreko bidaia gehitu behar zaio entrenamenduari. «Kasu horretan, partida igandean bada, larunbatean egun-pasa egiten dugu autobusean».
Nabaskues bera ere jabetu da azken urteotan, bere burua definitzen hasitakoan, «aldaketa txiki bat» egin duela buruak. «Athleticen jokatzen nuenean, 'Itsaso futbolaria', horrela definitzen nuen neure burua. Lehen, futbola zen lehentasuna; baina, orain, ahal dudanetan egiten dudan kirola da futbola. Beste betebehar batzuk ere badauzkat». Donostian bizi da. «Eta diru sarrera bat eduki beharra dago». Diruarekin ordaindu ezin daitekeena aurkitu du, hala ere, Oiartzunen. «Talde giroa; lagun kuadrilla ederra. Bizipoz handia ematen du horrek». Joan den denboraldian, giro on horri helduta igo zen Oiartzun Lehen Mailara, eta, izaera horri eutsita, oso itxura polita ematen ari da maila nagusian.
Urrutira joan gabe, jokalariek eta entrenatzaileek lasaitu ederra hartu zuten hamar egun atzera, Granadillari 2-0 irabazi eta jaisteko postuak lau puntura urrunduta. «Partida asko galduta geunden jarraian, eta oso garrantzitsua izan zen garaipena. Konfiantza emango digu». Hiru partida irabazi, bat berdindu eta sei galduta, hamar punturekin Oiartzun 11. postuan dago lehen hamar jardunaldiak jokatuta. Atzetik dauzka Rayo (7), Oviedo (7), Albacete (7), Santa Teresa (6) eta Collerense (2). «Hala ere, ez naiz erotzen sailkapenari begira. Badakigu garrantzi berezia daukatela aurkari zuzenen kontrako partidek, baina pausoka joan beharra daukagu».
Sekreturik ez daukala, hori da Oiartzunen sekretua. «Oso jende umila dago klub honetan, oso gertukoa. Etxean bezala sentitzen laguntzen dizute hasieratik». Eta hori, noski, nabaritu egiten da gero. «Garai onetan eta ez hain onetan». Granadillari 2-0 irabazi aurreko lau asteetan, esaterako. Reala (3-0), Valentzia (8-0), Atletico Madril (0-5) eta Oviedo (3-1). Lau porrot mingarri jarraian. Eta burua bueltaka. «Baina errealitate ukitu polita jaso genuen. Azken urteotan partidak irabazi eta irabazi ibili da Oiartzun, baina Valentzian, bereziki, argi ikusi genuen zerekin topo egin dezakegun zelaian den-dena ematen ez badugu». Joan den asteburuan atseden hartu ondoren, errespetuz begiratzekoak dira hurrengo aurkariak ere: Levante —igandean, 12:15ean, kanpoan—, Athletic, Bartzelona, Transportes Alcaine...
Urte askoko lanaren saria
Baina partida jakin bat irabaztea edo galtzea ez, Nabaskuesen hitzetan, «partidaz partida xehetasun txikiak hobetuz joatea» da helburua. «Jokalari guztiok daukagun motibazioari helduta, gero eta talde sendoagoa izatea». Argi daukate Oiartzun baino «askoz talde landuagoak eta indartsuagoak» badaudela Lehen Mailan. «Baina mailari eustea da gure erronka. Urte askoko lanaren saria izan da Oiartzun Lehen Mailara igotzea, eta jende askori zor diogu proiektu honen alde egin duen lana». Fitxaketekin eta diru kontuekin erotu gabe, hori baita klubaren indargunea: behe-behetik sortutako proiektua izatea.
Eta bi astetik behin Karla Lekuonara gerturatu besterik ez dago horretaz jabetzeko. «Izugarria da zaleek ematen diguten babesa». Eta ez Oiartzunen bakarrik. «Berdin dio non jokatzen dugun; autobusean sartu eta gurekin egiten dute bidaia. Giro ona sortzen laguntzen dute, eta eskertzekoa da». Zaleek, jokalariek eta zelaiak berak bat eginda, ordea, etxean hazi egiten da Oiartzun. «Lehen Mailako talde askorentzat zelai zaila izango da Karla Lekuona. Jokalari asko ez daude ohituta belar naturalean jokatzera». Horrez gain, Euskal Herriko euri giroarekin, Oiartzunen zelaia «oso bigun eta pisutsu» jartzen dela aitortu du Nabaskuesek. «Lokatz asko pilatzen da, eta ez da erraza zelai horretan jokatzea».
Zaletasuna pasio bihurtuta, «egunerokoan futbolarekin gozatzea» da donostiarraren erronka. Denboraldi baterako kontratua dauka Oiartzunekin. «Eta, lan kontuak tarteko, ez dakit zer egingo dudan sei hilabete barru. Egunerokoan daukat burua». Lurrean dauzka bi oinak. «Ez daukat beharrik liga irabazteko edo batera edo bestera joateko. Egiten dudanarekin gozatzea eta, ahal dudan neurrian, ingurukoei laguntzea da nire helburua». Ez da bizi filosofia txarra.
Barrua askatzeko terapia
Añorgan, Realean eta Athleticen jokatu ondoren, Oiartzunen ari da egun Itsaso Nabaskues. Lehen Mailan jokatu arren, lan egun luze eta gogorraren azken kolpea izaten du entrenamendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu