Igor Anton

Barrua askatu beharra zeukan

2011ko irailaren 9an Bilbon Espainiako Vueltako 19. etapa irabazi zuenetik ia lau urtera, Asturiasko Itzulia bere egin du Igor Antonek, Amets Txurrukari aurrea hartuta. Bere buruarekin ondo sentitzeko beharra zeukala onartu du.

ALBERTO MORANTE / EFE.
unai zubeldia
2015eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Garrantzitsua izan da emaitza hau, eta ez garaipenagatik bakarrik». Asturiasko Itzulia irabazita, biharamun gozo-gozoarekin dago Igor Anton. «Ondo sentitu beharra neukan; neure burua aurreko borrokan ikusteko beharra neukan. Eta, tira, ez dut gezurrik esango, garaipenek beti egiten dute mesede». Galdakoztarra gustura geratu zen Euskal Herriko Itzulian egindako lanarekin. «Gaztela eta Leonen aurrean ibili nintzen gero, eta Asturiasen zerbait egin nezakeen sentipenarekin amaitu nuen lasterketa». Ez zebilen oker. «Lehen etapan arriskatu egin nuen jaitsieran, eta merezi izan zuen, amari etapa eskaintzeko modua izan nuelako helmugan —joan den urtean hil zen, gaixoaldi luze baten ondoren—».

Galdakoztarrak keinu polita izan zuen podiumean, garailearen lore sorta Amets Txurrukaren (Caja Rural) amari emanda —bizkaitarrak bigarren amaitu zuen bi etapetan, eta baita sailkapen nagusian ere—. «Iñaki Etxabe lehen entrenatzaile izan nuenari ere eskaini nion garaipena —joan den urtean hil zen—, eta baita Pablo Lastrasi ere, osatze lanean murgilduta dabilelako». Lau urte luze igaro dira Antonek azkenekoz bi besoak jaso zituenetik. Espainiako Vueltako 19. etapan izan zen, etxe ondoan, Bilbon. Bere buruari Vuelta irabazteko erronka jarri, mendiko lehen etapetan lehertu, eta azken astean dotore irauli zuen egoera. «Lehen garaipena izan da Movistarrekin; lortu nahi nuen horrelako zerbait Euskaltel-Euskadi ez zen beste talde batekin». Zentzu askotan zeukan askatu beharra buru hori.

Iaz «nahi baino maila apalagoan» ibili ondoren, «garaiz» ekin dio aurten lehiari. «Argentinan hasi nintzen, baina, osasun arazo batzuk zirela medio, behera egin nuen gero». Konfiantzaren argi gorria piztu zitzaion berriz. «Eta, konturatzerako, zuloan sartzen hasi nintzen». Baina martxoan «burua, gorputza eta den-dena askatu», eta ondorengo pauso txikiek eman dute beren fruitua. «Pisu handia kendu dut gainetik, eta bultzada handia jaso dut konfiantzari dagokionez. Hor nagoela erakutsi dut».

Bizkaitarrak gorabehera asko izan du azken urteotan. «Ilusioa galdu ere egin nuen». Aitortu du talde aldaketarekin kosta egin zitzaiola egitura berrian bere lekua aurkitzea. «Oso lider sendoak daude Movistarren, eta alde horretatik ez dut izan inolako arazorik. Iaz, esaterako, Italiako Girora joan eta lasterketa irabazten laguntzea... Oso esperientzia polita izan zen, eta beste txirrindularitza bat ezagutzeko aukera izaten ari naiz». Baina talde aldaketari etxeko arazoak gehituta, galdakoztarrari kosta egin zitzaion garai bateko pedal kolpe fresko hura berreskuratzea. «Nahi nuen, baina ez nintzen heltzen nahi nuen lekura. Frustrazioa sentitu dut tarteka».

Girora joateko deiaren zain

«Eta pedal kolpe hori lortuta, pena litzateke Italiako Girora joateko aukerarik ez izatea». Atzo arratsaldean hitz egin zuen Antonek BERRIArekin, eta taldearen deiaren zain zegoen artean. «Ez nengoen taldearen bederatzikoan, baina garaipen honekin akaso...». Azken unean taldean sartzea «zoragarria» litzatekeela aitortu zuen bizkaitarrak. «Hiru aldiz parte hartu dut, eta niretzat lasterketa egokia dela uste dut». Hori bai, Girora ez joatea porrota ez litzatekeela azpimarratu zuen. «Kasu horretan, egongo dira beste lasterketa batzuk ere».

Aurten amaituko zaio kontratua Movistarrekin. «Eta ez nau itsutzen kontu horrek», azaldu du. «Neure buruarekin ondo sentitu nahi nuen, eta lortu dut, baina pauso asko eman behar ditut oraindik». Barrua askatuta, garai batean izan zenera gerturatzeko erronka jarri dio orain Igor Antonek bere buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.