Aspe eta Asegarceko buruek esku pilota profesionalaren egungo egoeraren errepaso luze eta zabala egin zuten atzo. Kazetariekin bildu, eta pilotari, pilotaleku eta txapelketen berri eman zuten.
BARRIOLAREN AGURRA
Abel Barriolak maiatzaren 6an jokatuko du azken partida, Iruñean. Berak eskatu du bertan jokatzea. Horretarako, hilabete batez luzatuko diote kontratua, eta aurretik agur partida batzuk jokatuko ditu. Behin erretiroa hartuta, ez du Aspen jarraituko beste posturen batean.
IRUJO ETA ZUBIETA
Jokatu ezinda daude oraindik. Irujok urtebete darama geldirik bihotz arazoengatik, eta Zubietak sei, belaunekoengatik. Aspen, oraingoz, ez dute uste aurki itzuli ahalko direnik. Isiltasun klausulak direla eta, enpresako ordezkariek ez zuten xehetasun gehiago eman.
BENGOETXEA ETA RETEGI
Biei aurki bukatzen zaie kontratua, eta biei eskainiko dizkiete luzapenak. Bengoetxeari, «hainbat urterako», eta Asegarcek ez du espero arazorik. Retegiri, berriz, urte bat oraingoz, eta hurrengo astean hasiko dira harekin negoziatzen. Aspek enpresan jarrai dezala nahi du.
IKUSLEAK, GORA
2016an %7 igo zen pilotalekuetara joan zen ikusle kopurua. Bi enpresek antzeko datuak dituzte. Oro har, duela hamar urte joaten zirenak baino ikusle gehiago joaten dira egun. Labrit da jende gehien biltzen duen pilotalekua.
BILBOREKIN ARDURATUTA
Enpresek uste dute Bilboko Bizkaia pilotalekura joandako ikusle kopurua «nabarmen» jaitsi dela. Pilotalekua suspertzeko neurriak hartuko dituzte, eta Bizkaiko Aldundiarekin adosturiko jaialdi kopurua murrizten saiatuko dira. Egun, hamazazpi dira urtean.
FINALA, BERRIZ ERE BILBORA
Ikusle gutxiago joan arren, binakako finala Bilbon jokatuko da zazpigarren urtez jarraian. Apirilaren 9an jokatuko da.
ATANO BERRITZEKO PREMIA
Aspek eta Asegarcek beharrezko ikusten dute Atano III.a Donostiako pilotalekua berritzea: kantxako lurra aldatu, eta harmailak egokitzea. Finalen bat hara eramateko funtsezkoa iruditzen zaie. Udalari jakinarazi diote. Aldiz, oso pozik daude Tolosakoak Beotibarren egingo dituen berritze lan sakonekin. Hurrengo urtean egingo ditu. Gasteizko Ogetan ere lanak egingo dituzte.
CODERE RANKINGA
Codere apustu etxeak babestuta, urteko pilotarien rankinga bat egingo dute, eta lau onenek torneo bat jokatuko dute udazkenean. Hori bai, txapelketetako parte hartzaileak ez dituzte rankingaren arabera aukeratuko.
KLUBEKIN HARREMANA
Azken bi urteetan, hamasei pilotarik egin dute debuta. Formazio eskubiderik ez dute ordaintzen, baina enpresek uste dute klubei «nahikotxo» laguntzen dietela. Materiala, ikastaroak eta zozketetarako sariak ematen dizkiete.