Barrez ari da berriz

Urte oso txarra pasatu du sorbaldako lesio baten erruz, baina Waltary Agusti itzuli da puntara. 36 urterekin, sasoi harrigarrian dago, eta bihar binakako finala jokatuko du.

Waltary Agusti, Baionako trinketarenfrontisaren aurka. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Imanol Magro Eizmendi.
Baiona
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Aurkariek badakite ni alai nagoenean oso zaila dela niri irabaztea. Kantxa gainean ondo pasatzen badut, albiste txarra haientzat». Waltary Agustiren (Habana, 1979) aldartea goitik behera aldatu da urte batean. Desagertua zirudien irribarrea itzuli zaio. «Bigarren semea izatear nago, eta horrek asko lagundu dit. Gauzak asko aldatzen dira; harengatik borrokatu behar dut». Iraganean mintzatu da zorigaitzaz, urte oso txarra pasatu baitu sorbaldako lesio larri baten erruz, baina berriz sasoi betean dago, eta bihar txapela jantzi nahi du.

«Lur jota egon nintzen. Pilota bukatu zela ere pentsatu nuen», gogoratu du. «Etxekoek asko lagundu ninduten; emazteak, batez ere, lagunek, Jean Marc Charriton eta haren familiak... Babesleak baino askoz gehiago dira. Aitona-amonekin ere asko oroitu naiz, zerutik lagundu naute, eta jaungoikoak ere bai. Katolikoa naiz, eta errezatzen diot», azaldu du. Hala ere, hutsuneak ere sumatu zituen: «Ondo zaudenean, mundu guztia inguratzen da, baina, gaizki zaudenean, gutxi batzuk».

2014ko otsailaren 17an jo zuen hondoa Waltaryk, Ezkurra II.aren aurkako buruz buruko finalean. Aurretik zuen sorbaldako mina, paretaren aurkako kolpe baten ondoren, baina, jokatzen jarraitzearen poderioz, okerrera egin zuen. «Finala kalbarioa izan zen. Negarrez bukatu nuen, minarengatik. Ezin nuen pilota astindu ere egin». Diagnostikoa berehalakoa izan zen zen, eta aste hartan bertan egin zioten ebakuntza.

Bide onetik zihoan sendabidea, baina presek traizio egin zioten. «Goizegi itzuli nintzen; nire errua izan zen, nirea bakar-bakarrik», onartu du. «Mundu guztiak ez jokatzeko esaten zidan: fisioak, babesleek... Baina harroa naiz, eta hedabideetan 'Waltary hil da', 'Waltaryrenak egin du' eta halakoak irakurtzen nituen, eta amorratuta nengoen. Harrotasunak partida asko irabazarazi dizkit—sei aldiz izan da buruz buruko txapeldun eta hirutan binakako—, baina udan kalte egin zidan».

Ondorioa? Lau hilabete gehiago geldirik, eta azaroan berrindartzearekin hasi behar, orain arte. «Kuban diogun bezala: 'Berandu iritsi naiz, baina iritsi naiz'. Horrelako ebakuntza konplexu baten ondoren, zaila da maila hartzea, eta, gainera, nire jokamoldearekin, sasoi betean ez banago, ezin dut jokatu». Ondo baliatu du denbora gorputza sendotzeko, eta bost kilo puztu du beso eta sorbaldetako giharreria: «89 kiloan nago [1,81 metro da luze], eta gustura. Gazteen kolpeari eusteko hobeto nago horrela. Nire burua motelago ikusiko banu, galduko nituzke, baina orain primeran sentitzen naiz».

Primeran, baina ez sasoi bete-betean: «%90ean nago; erritmo pixka bat hartzea falta zait. Txapelketak aurrera egin ahala, hobera egin dut, eta finalerdietan jokatu nuen hobekien [16 tanto egin zituen saketik]. Txapeldun izan nahi duenak final eta finalerdietan eman behar du bere maila». Bera da, hain zuzen, finaleko gakoa. Waltary ondo bada, eurak dira faborito, kidea ere maila oso ona ematen ari baita: «Bixintxo Ferrari bat da». Askorentzat bikote indartsuegia egiten dute. «Betikoa da, Waltary ondo badago, bikotea kendu behar zaio».

Jendearen esamesak aipatu ditu, eta jakina da Waltaryk beti ez duela harreman ona izan zaleekin. Arrazakeria aipatu izan da, kritikak... «Nik trinketean erantzuten ditut kritikak. Ni oso maitatua sentitu naiz, baina egia da aldea nabaritzen dudala. Hego Euskal Herrian oso maitatua sentitzen naiz, Ipar Euskal Herriko kostaldean ere bai: Angelun, Miarritzen... Barnean, ez hainbeste. Baina, tira, batzuk maitatzen zaituzte, eta beste batzuek, ez».

Etorkizunera begira, tindategi bat muntatu du emaztearekin, Miarritzen. «Familia negozio bat zen, eta guk hartu dugu. Zorionez, ondo doa», dio, berak, baina, oraingoz, denbora gutxi egiten du han, erretiroa ez baitu gertu ikusten. «36 urte ditut, eta oso ondo nago. Titinek 44 urterekin hartu zuen erretiroa! Zenbat gehiago? 40 ingururaino baietz uste dut, oso ondo bainago orain. Lesioak gauza on bakarra du, gorputzak ere atseden hartu duela. Gorputzak esango dit noiz utzi».

Geldirik eginiko tarte hori, besteak beste, Kubara joateko baliatu du, eta, uharteari buruzko iritzia eman du: «Kuban gauzak hobeto daude; kubatarra alaiago dago. Irekiera egon da, eta gehiago beharko luke. Baina nazio guztietan daude arazoak; Kuban gobernuari botatzen zaio errua, eta Espainiako edo Frantziako gobernuak okerragoak dira. Kuban pribilegiatuak garela iruditzen zait askotan. Zergak igotzen ari dira, Espainian ustelkeria dago... Kuban, berriz, jendea buruko minik gabe oheratzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.