Egonkortasuna oso iragankorra da futbolean, eta Alaves horren lekuko izan da aurten. Mailari kosta ahala kosta eusteko intentzioarekin hasi zuen 2024a, eta uste baino errazago lortu zuen helburua. Hori gutxi ez, eta Europako postuen jiran ibili zen denboraldi berriko lehen jardunaldietan. Oskarbi zegoen zerua. Haatik, hodeitza trinkoa sortu da irail amaieratik aurrera, astez aste arabarrek emaitza txarrak kateatu ahala. Eta ekaitza etorri da azkenean: Luis Garcia Plaza kargutik kendu dute agintariek, eta Eduardo Coudet izendatu dute teknikari. Erabakiak ezinegona sortu du zaleen artean, estimu handia baitzioten Garcia Plazari. Mendizorrotzaren tokialdaketa posibleak ere kezkaturik ditu.
Salbazio samurra: jaitsiera, tokitan
Alavesek oso ondo hasi zuen urtea: lehen lau partidetatik hiru irabazi zituen, eta berdindu egin zuen bestea, Realaren zelaian. Neguko etenaldiak mesede egin zien arabarrei, 2023ko azken hiru norgehiagokak galdu ostean. Arnasa hartzeko aukera eman zieten Sevilla, Cadiz eta Almeriaren kontrako garaipenek. Haatik, otsailean bolada txarrean sartu ziren berriro, eta garaipen bakarra lortu zuten bederatzi partidatan: Rayo izan zen 23. jardunalditik 31.era bitarte menperatu zuten talde bakarra.
Bere txarrean, azpiko taldeak ez zitzaizkien gehiegi hurbildu. Eta azken zazpi partidetan, zalantza guztiak uxatu zituen Garcia Plazak zuzenduriko taldeak. Lau lehia irabazi zituen, eta bakarra galdu; eta amaierako goraldi horri esker, hamargarren postuan bukatu zuen Liga. Hamahiru puntura utzi zituen jaitsiera postuak. Hots, batere sufritu gabe bete zuen denboraldiko helburua. Eta, emaitzez harago, pozik bukatu zuten arabarrek, orokorrean itxura lehiakorra eman baitzuten, bizi eta zorrotz jokatuta.
Udako eraldaketa: galera handiak
Sendotasuna ere Alavesen bereizgarrietako bat izan zen iragan denboraldian. Uda garaian, ordea, bigundu egin zitzaion atzeko lerroa, Ruben Duarte, Javi Lopez, Rafa Marin eta Andoni Gorosabel joan zirela eta. Beste zenbait jokalari garrantzitsuk ere taldea utzi zuten: Luis Riojak, Samu Omorodionek, Giuliano Simeonek… Aitzitik, atzelariek utzi zuten hutsunerik handiena, gerora ikusi den bezala.
Uda oso lanpetuak izan ohi ditu Sergio Fernandez kirol zuzendariak, eta aurten 11 jokalari fitxatu ditu; horien artean, Manu Sanchez, Moussa Diarra, Hugo Novoa eta Santiago Mouriño atzelariak. Oraingoz, ez dira iritsi haien aurrekoek emandako mailara. Gainera, jokalari kopuruari dagokionez, nahiko larri ibili da Alaves defentsan. Abuztuan Facundo Garces erdiko atzelaria fitxatu zuen, baina 2025eko urtarrilera begira.
Bestelako lerroetan, berriz, ondo indartu zen Arabako taldea, jokalari onak fitxatuta: Toni Martinez, Stoichkov, Joan Jordan, Carlos Martin, Asier Villalibre, Tomas Conechny eta Luka Romero, besteak beste. Udako eraldaketaren ondoren, erasoan talentu handiagoko taldea osatu zuen sasoi berriari begira.
Balazta ezin topatu: aulki elektrikoa
Hainbeste aldaketarekin, Alavesek denboraldia mantso hastea zatekeen normalena. Bada, horren ordez, hamar puntu batu zituen lehen sei partidetan, eta Europako postuetan iritsi zen irail amaierara. Zaleak salbazioa baino helburu handiagoekin hasi ziren amets egiten. Pozarren ziren emaitzekin, baita taldearen jokoarekin ere. Garcia Plazak etekina atera zien esku artean zituen baliabideei, eta Alavesek distira handiz jardun zuen zenbait partidatan. Arrosa kolorekoa zen dena. Taldea zulo beltzean amildu zen arte.
Real Madrilen zelaian hasi zen dena, irailaren 24an. Neurketa hura 3-2 amaitu zen. Gertu izan zuten berdinketa gasteiztarrek; hots, modu duinean galdu zuten txapelketako zelairik zailenetako batean. Bada, estropezu bakan bat zirudiena gainbehera luze baten hasiera izan zen. Alavesek esku hutsik bukatu zituen hurrengo zazpi partidetatik sei, eta, Leganesen kontra azken unean berdindu ostean, Garcia Plaza kaleratu egin zuten agintariek. Ikurrari agur esan behar izan zioten zaleek. Orain, Eduardo Coudetek du aginte makila. Josean Kerejeta agintean denetik —2011n hartu zuen klubaren jabetza—, hemezortzi entrenatzaile igaro dira Alavesen aulkitik.
Hedapen politika, eta zaleen kritika
Coudeten debuta ahazteko modukoa izan zen, Alaves Kopatik at geratu baitzen Minera xumearen zelaian. Ligan, bestalde, susperraldi zantzu batzuk erakutsi ditu taldeak. Teknikari argentinarra jokamolde ezberdina ezarri nahian dabil, eta denbora beharko du oraindik. Etxean talde fidagarria da Alaves, eta hori alde izango du teknikari berriak. Aurten, adibidez, arabarrek hiru talderen kontra galdu dute bakarrik Mendizorrotzan: behin Realaren eta Valladoliden aurka, eta bitan Bartzelonaren kontra. Ikusteko dago ea 2025ean ere Mendizorrotza gotorleku izango den.
Estadioaren etorkizuneko kokapena ere ez da batere ziurra. Kerejeta klubaren hedapena sustatu nahian dabil, hainbat proiekturen bidez, eta horietako batek Mendizorrotzarekin du zerikusia. Instalazio handiago eta berriagoa nahi dute agintariek, eta hiru aukera darabiltzate esku artean: estadioa eraberritzea; zelai berri bat eraikitzea, gaur egun dagoen tokian; edo beste nonbait hutsetik hastea —egitasmoa Buesa Arenatik gertu egin litekeela hedatu da—. Zaleak azken aukera horren kontra agertu dira, Mendizorrotzako azken neurketetan erakutsi dutenez. Aurten 100 urte bete ditu Alavesen tenpluak, eta bidegurutzean izango da datorren urtean, agintariek zer erabakiko zain.