Romain Bardetek (DSM) irabazi du Frantziako Tourreko lehen etapa, eta berak jantzi du elastiko horia. Halako saririk jasoko ez badu ere, Bardetek bezainbeste meritu egin ditu, gaur, haren taldekide Frank van den Broekek. Bien artean erreleboka lortu dute talde nagusiaren aginteari muzin egitea, eta bost segundoren abantailarekin iritsi dira Riminiko helmuga lerrora.
Azken Tourra izango du Bardetek, eta, orain arte ez bezala, sailkapen nagusia albo batera uzteko asmoa adierazi du. Etapaz etapa lehiatu eta egunez egun bizi nahi du lasterketa. Bada, bide onetik ekin dio. Helmugarako 50 kilometro falta zirela egin du ihes tropeletik, San Leo mendateko igoeran. Aurretik zihoan Van den Broek taldekidea. Eguneko ihesaldiko indartsuena izan da, Valentin Madouasekin (FDJ) eta Jonas Abrahamsenekin (UnoX) batera. Bardetek erasoa jo duenean, Van den Broek lasterketa burutik atzera geratu da taldekideari laguntzeko. Bardet gurpilean hartu, eta iheskideak harrapatu ditu berriz ere, eta, hurrengo igoeran, Montemaggio mendatean, DSMko biak bakarrik geratu dira buruan.
Beste igoera bat geratzen zitzaien helmugara bidean. Behin hori igarota, hamar kilometro falta zirela, 50 segundoren aldea zuten DSMkoek eta talde nagusiak. Ibilbidearen gogortasuna eta beroa tarteko, taldea nahiko murriztua zegoen ordurako. Lidl-Trek, EF Education First eta Visma taldeetako txirrindulariek gogor egin dute lan iheslariak harrapatzeko, baina, gutxigatik izan bada ere, DSMko bikotea eskuak altxatuta iritsi da helmuga lerrora.
Wot van Aertek (Visma) irabazi du taldeko esprinta, Tadej Pogacarren (UAE) eta Maxim van Gilsen (Lotto) aurretik. Alex Aranburu (Movistar) seigarren lekuan iritsi da, eta Pello Bilbao (Bahrein), bederatzigarren. Tarteko helmugan bildu dituen puntuei esker, maillot berdea Van den Broekek jantzi du, baita ziklista gazterik onenaren elastiko zuria ere. Bestalde, mendiko sailkapenean Abrahamsen da buru.
Lehen etapa gogorrena
Iaz Bilbokoa Frantziako Tourraren historiako lehen etaparik menditsuena izan bazen, gaurkoa are eta gogorragoa izan da. Florentziatik Riminira (Italia) 206 kilometroko ibilbidea osatu dute, tartean zazpi mendate igarota eta 3.800 metro baino gehiagoko desnibelarekin. Maila handiko ihesaldia osatu dute lehen kilometroetan. Bertan izan da gero helmugara bigarren lekuan iritsi den Van den Broek, eta harekin egin du ihes Ion Izagirrek (Cofidis) ere. Ormaiztegiarrak Suitzako Itzulia utzi egin behar izan zuen eroriko batengatik, eta saihets hezur bat hautsia du. Halere, lehen postuan igaro ditu Valico Tre Faggi eta Carnaio mendateak. Eguneko mendaterik gogorrenean, ordea, ezin izan die iheskideei jarraitu. Bi horiekin batera egin dute ihes Madouasek, Matej Mohoricek (Bahrain), Clement Champoussinek (Arkea) eta Sandy Dujardin zein Matteo Vercherrek (Total). Geroago sartu dira Ryan Gibbons (Lidl) eta Abrahamsen.
Bestalde, aurreneko etapa ohi baino gogorragoa izateak ez diete mesederik egin gizon azkarrei. Zenbaitek sufritu egin dute etapa hasieratik. Hala nola Alexander Kristoff (UnoX) eta Fernando Gaviria (Movistar) tropeletik atzera geratu dira lehen mendatean. Aurrerago, Gerben Thijssenek (Intermarche), Dylan Groenewegenek (Jayco) eta Jaspar Philipsenek (Alpecin) ere ezin izan diote tropelari segitu. Horiez gain, azken igoeretan ahultasuna erakutsi du sailkapen nagusian postu on bat egiteko hautagaietako batek, David Gauduk (FDJ). Azkenean, ia ordu erdi galdu du helmugan.
Halere, Fabio Jakobsen (DSM) eta Mark Cavendish (Astana) ibili dira, itxuraz, juxtuen. Astanakoa lehen mendatean geratu da, eta ez du lortu berriz ere talde nagusira iristea. DSMkoa beranduago gelditu bada ere, bera iritsi da azken postuan helmugara. Beraz, DSMkoek, gaur, sailkapeneko bi muturrak hartu dituzte. Halere, Cavendish zein Jakobsen kontrolaren barruan sartu dira, irabazlearengandik 39 minutura. Astanako britainiarra, Eddy Merckxekin batera, Tourreko etapa garaipen gehien dituen txirrindularia da —34 dituzte—, eta berdinketa hori hausteko helburua du aurtengo Tourrean.
Bihar, muinoak
Oraingoz, ordea, ezingo du Cavendishek asmo hori bete. Izan ere, gaurkoa bezain gogorra ez bada ere, biharko etapa ere ez da egokiena esprinter peto-petoentzat. Txirrindulariek Italian jarraituko dute, eta ia 200 kilometro egin beharko dituzte Cesenaticotik Boloniara. Tartean, sei muino puntuagarri igaroko dituzte. Azken 30 kilometroen barruan, birritan gainditu beharko dute San Lucako igoera motz baina pikoa. Bi kilometro ditu, eta pendiza, %10etik gorakoa. Gaur tropeleko lehen postuan iritsi direnez gainera, ez dira urruti ibiliko muinoak ondo igarotzen dituzten gainontzeko gizon azkarrak. Etaparen lehian ibiliko dira, besteak beste, Van Aert, Van Gils, Mads Pedersen (Lidl), Alberto Bettiol (EF), Philipsen zein Mathieu Van der Poel (Alpecin), Arnaud de Lie (Lotto), Binian Grimay (Intermarche), Bryan Coquard (Cofidis) eta Dorian Godon (Ag2r).
Etapako sailkapena
1. Romain Bardet (DSM) 5.07.22
2. Frank van den Broek (DSM) d.b.
3. Wout van Aert (Visma) 5era
4. Tadej Pogacar (UAE) d.b.
5. Max van Gils (Lotto) d.b.
6. Alex Aranburu (Movistar) d.b.
9. Pello Bilbao (Bahrain) d.b.
32. Mikel Landa (Soudal) d.b.
81. Jonathan Castroviejo (Ineos) 18.46ra
82. Ion Izagirre (Cofidis) d.b.
147. Oier Lazkano (Movistar) 29.14ra
Sailkapen nagusia
1. Romain Bardet (DSM) 5.07.12
2. Frank van den Broek (DSM) 4ra
3. Wout van Aert (Visma) 11ra
4. Tadej Pogacar (UAE) 15era
5. Max van Gils (Lotto) d.b.
6. Alex Aranburu (Movistar) d.b.
9. Pello Bilbao (Bahrain) d.b.
32. Mikel Landa (Soudal) d.b.
81. Jonathan Castroviejo (Ineos) 18.56ra
82. Ion Izagirre (Cofidis) d.b.
147. Oier Lazkano (Movistar) 29.24ra