Valentzia 2. Barakaldo 0

Barakaldok Mestallan irudi duina emanez esan dio agur kopari

Imanol Magro Eizmendi.
2015eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Valentzia. Ryan; Barragan (Diallo, 58. min.), Vezo, Santos, Orban; Zahibo, Parejo, Gomes (Villalba, 46. min.); Mina (De paul, 62. min.), Piatti eta Negredo.

Barakaldo. Alejandro; Pomares (Martin, 55. min.), Etxebarria, Elgezabal (Quintanilla, 55. min.), Revert; Cusidor, Ortega (Arroyo, 55. min), Alonso, Armiche; Hernandez eta Ito.

Golak. 1-0. Santi Minak (8. min.); 2-0. Negredok (31. min.). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Valentziako De Pauli; eta Barakaldoko Pomares eta Cusidorri.Bestelakoak. 10.000 ikusle Mestalla estadioan.

Ia ezinezkoa zen, eta errealitateak bere aurpegia erakutsi zion atzo Barakaldori. Joaneko partidako 1-3koa zama astuna zen, eta astunago bilakatu zen Valentziak itzulikoa hasi eta berehala 1-0ekoa sartu zuenean. Ezustekoa ematea pentsaezina zen, baina Barakaldok, hala ere, irudi duina eman zuen Lehen Mailako talde baten zelaian. Asier Intxaurragaren jokalariek hortzak erakutsi zituzten eta sustoren bat edo beste eman zioten Valentziari. Barakaldok burua tente duela esan dioagur Espainiako Kopari.

Barakaldo gozatzeko asmoz joan zen Mestallara. Bere lantokia Bigarren B Maila da, eta kopa amets egiteko lekua. Amets horrek gutxi iraun zuen baina, joaneko partidan 1-0 aurretik egon zen bitartean bakarrik. Valentziak, izan ere, taldea hobea dela erakutsi du. Atzo ere hasi bezain laster gelditu zen agerian bien arteko aldea (6. min). Piattik hegaletik jokaldi polita egin eta Santi Minak ehizatu zuen Negredoren erremateko aldaratzea.

Kanporaketak emozio gutxi bazuen, golak are gehiago hoztu zuen. Etxekoen bigarren gola ere goiz iritsi zen, Negredoren kalitate tanta batean (29. min.). Valentzia trebe aritu zen erasoan, baina ez defentsan, eta Barakaldo orden gabezia hori baliatzen saiatu zen. Aukera onena Iker Hernandez aurrelariak izan zuen, eta Ryan atezaina meritu handiko geldiketa egitera behartu zuen (37. min.). Bigarren zatian partida hautsi egin zen eta bi taldeek izan zituzten aukerak. Azken txanpan Barakaldok emaitza atontzeko ahalegina egin zuen baina ez zen fin ibili azken metroetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.