Espainiako Vuelta da Primoz Roglicen (Bora) lasterketa kutuna. Sei aldiz jokatu du, eta atzo laugarrenez igo zen podiumeko koska gorenera. Berdindu egin du, horrenbestez, Roberto Herasen marka. Vueltara doan ia aldiro betekada hartzen du esloveniarrak, maillot gorria ez ezik, etapa ugari ere bereganatzen baititu. Aurten beste hiru sartu ditu zorroan, eta hamabost dauzka jada. Kern Pharma taldeak, berriz, estreinako hiru garaipenak lortu ditu aurten, lasterketa jokatu duen bigarren aldian. Gonbidatuak oturuntza izan du ihesaldietan. Ben O’Connor (Decathlon) ere ondo aseta gelditu da, hamahiru egun igaro baititu gorriz jantzita. Bigarren izan da azkenean, eta Enric Masek (Movistar) osatu du podiuma, ohi baino oldarkorrago jokatuta.
Roglic, pausoz pauso
Ez da guztiz nagusi izan
Esloveniako txirrindulariek irabazi dituzte egutegiko hiru itzuli handiak. Tadej Pogacarrek eta Roglicek lorturiko garaipenen artean badago aldea, ordea. Pogacar modu arranditsuan nagusitu zen Italiako Giroan eta Frantziako Tourrean. Aurkarien oso gainetik aritu zen, eta sekulako aldea atera zien bukaerako sailkapenetan. Roglic, ordea, apalago eta zuhurrago aritu da. Azkar jarri zen lider: laugarren etapan, Pico Villuercasen irabazita. Bi egun geroago O’Connorren balentria iritsi zen, ordea, eta lehen postua ia bost minutura gelditu zitzaion Red Bullen lemazainari. Bada, egoera oso pixkanaka ekarri du bere onera. Egin beharreko urrats bakoitza neurtu du, eta arerioei ez zaie mendiko etapa guztietan gailendu. Hala ere, erakustaldia egin zuen Moncalvillon, Vuelta bukatu baino bi egun lehenago. Gorriz jantzi zen berriro, eta gisa horretan igo zen igandean Madrilgo podiumera.
Ezusteak podiumean
Landaren ezina, etxean
Itzuli handietan postu onak lortua da O’Connor: laugarren izan zen 2021eko Tourrean, eta postu hori bera lortu zuen aurtengo Giroan. Haatik, ez zirudien Vueltan horren fin ariko zenik. Lehen egunetan denbora dezente galdu ostean, ihesaldiei zukua ateratzea erabaki zuen australiarrak. Bada, bete-betean asmatu zuen seigarren etapan, Yunquerara bidean: iheskideak nagusitasun handiz garaitu, eta faborito guztiak aurreratu zituen sailkapenean. Etapa gogor asko falta ziren oraindik, baina australiarrak ohore handiz defendatu du lidergoa. Ancaresen sufritu egin zuen, baita Covadongan ere. Roglic gain-gainera etorri zitzaion. Eta Moncalvillon agur esan zion elastiko gorriari. Ez, ordea, podiumari: oso ondo aritu zen Picon Blancon eta erlojuaren aurka, eta bigarren postuari eutsi zion.
Mas podiumean ikustea ez da harrigarria. Vuelta jada lau aldiz bukatua du hiru onenen artean. Haatik, deigarria izan da haren jarrera aldaketa: ohi baino askoz ere erasokorrago jardun du. Roglicen aurkaririk behinena izan da maldan gora. Mikel Landa (T-Rex), berriz, beti bezain oldarkor aritu da. Arabarra podiumetik oso hurbil zebilen, baina hondoratu egin zen Euskal Herriko etapan. Halere, zortzigarren bukatu du Vuelta. Tourrean, berriz, bosgarren izan zen. Onenetako bat da oraindik ere.
Kern Pharma, ametsetan
Konfiantza eta indarra
Landak ez bezala, Urko Berradek (Kern Pharma) sekulako gozatua hartu zuen Gasteiz eta Maeztu lotu zituen etapan. Iruindarra besoak goian iritsi zen helmugara. Lau urte ziren euskal herritar bat ez zela Vueltan gailentzen –azkena Ion Izagirre izan zen, 2020an–. Berraderen garaipena, ordea, ez zen erabateko ustekabea izan, oso ondo baitzebilen. Gainera, Kern Pharmak bi etapa irabaziak zituen ordurako, biak ere Pablo Castrilloren eskutik. Bigarren mailako taldea izanagatik, ez du gutxiagotasun konplexurik izan, eta parez pare begiratu die boteretsuenei. Konfiantzaz gain, sekulako indarra erakutsi du ihesean. Aurtengo Vueltan bederatzi ihesaldi iritsi dira helmugaraino, eta herenek nafarren zigilua izan dute. Esprintetan ere eman dute zeresana: Pau Miquel bost etapatan sartu dute bost onenen artean.
Euskaltel-Euskadi izan da gonbidatuta aritu den beste taldea, eta Kern Pharmaren goraldiak itzalpean utzi du. Gainera, ez zuten ordezkaririk sartu Euskal Herriko etapako ihesaldian. Alabaina, ezin da esan lasterketa txarra egin dutenik, lehen hamar postuen barruan izan baitira sei etapatan. Are uzta hobea lortuko zuketen Jon Aberasturi erretiratu izan ez balitz.
Esprinterrak, parez pare
Van Aertek agur esan die maillotei
Wout van Aertek (Visma) ere ezin izan du bukatu lasterketa, erori eta kolpe txarra hartu baitzuen Covadongako etapan. Hala ere, ez zen esku hutsik itzuli etxera, aurrez hiru etapa irabazi baitzituen. Flandriarrak garaipen ederra lortu zuen Baionan (Galizia), ihes eginda. Beste bi etapak esprintean irabazi zituen. Kaden Groves (Alpecin) izan da bukaera azkarretan nabarmendu den beste txirrindularia. Australiarrak ere hiru garaipen erdietsi ditu, eta jada zazpi ditu Vueltan. Gainera, bigarrenez eskuratu du erregulartasunaren sailkapenari dagokion maillot berdea. Van Aertek zeraman, harik eta Llomenako jaitsieran hankaz gora joan zen arte. Mendiko maillotari ere agur esan behar izan zion, sailkapen horretan ere lider baitzihoan. Eta aurrera begira, ezin izango ditu Europako eta Munduko txapelketak jokatu.
Mendiko elastikoa, azkenean, Jay Vinek jantzi du. Giroa eta Tourra irabazi ostean, UAE taldeak ezin zuen Vuelta maillotik gabe bukatu. Hasierako helburua Joao Almeidarekin lasterketa irabaztea zen, baina portugaldarra erretiratu egin zen, gaixorik. Hortik aurrera, plana aldatu zuen UAEk, eta, azkenerako, emaitza onak lortu ditu: mendiko elastikoa eskuratzeaz landa, hiru etapatan gailendu da, taldekako sailkapena irabazi du, eta bederatzigarren postuan sartu du Pavel Sivakov.