Bost estropada jokatu dira dagoeneko KAE1 ligan, eta traineru berberak irabazi ditu bostak: San Juanek. Ez da inolako ustekabea inorentzat; izan ere, denboraldiaurretik erakutsi duen nagusitasuna baieztatzen ari da San Juan. TKAE ligako sortzaileetako bat izan arren, 2018tik ez dabil maila nagusian. Badirudi aurten izan dezakeela inoiz baino aukera handiagoa amesten duen igoera lortzeko. Proiektu anbiziotsu horren gidaria da Joseba Fernandez entrenatzailea (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1974). «Pozik» dago taldeak hartu duen ibilbidearekin. Ez da harritzekoa.
Aspaldiko boladarik onenean dago San Juan?
Hasieratik ikusi nuen kluba osasuntsu eta ondo egituratua zegoela; uste baino hobeto. Egoera aproposa zen hastapen azkar bat egiteko edo bideratzeko, eta horretan hasi ginen. Mutilak ilusio handiz ikusi nituen lehen egunetik. Azken bi urteetan izandako emaitzen ostean, larritasun pixka bat zegoen, eta, batez ere, etsipen pixka bat azken urtean gertatutakoaren harira. Hori kontuan hartuta, arraunlariak edozer egiteko prest ikusi nituen egoera hobetzeko. Urtea nola joan den ikusita, ez nau batere harritu aurreko urtean baino hobeto aritu izana. Banekien ontzia azkar ibiliko zela denboraldi osoan, eta baieztatu egin da. Beharbada, uste nuena baino azkarrago dabil. Ekainean ikusi den maila ez nuen espero: handienen parean jarri eta estropada bikainak egitea. Oso pozgarria izan da. Ligan, oraingoz, aurkariak baino pixka bat gorago gaude.
Urrian esan zenuen «talde gaztea» zenuela, «baina potentzial handikoa». Potentzial hori uste baino handiagoa izan da azkenean?
Potentziala zegoela begi bistakoa zen, eta klubak azken urteetan egindako lanari esker zuen potentzial hori. Taldean dugun bizkarrezurra belaunaldi berri baten emaitza da, eta arraunlari horiekin lan ona egin da. KAE1 ligan trebatu diren beteranoak ere badaude, zeinak gogortu egin diren. Orio B ontziko bi arraunlari eta ni; talde polita osatu dugu. Denboraldiaurrea bederatzi hilabete dira, eta, entrenatzeko jarrera egokiari lan egiteko gogoa batzen bazaio, bide ona egiteko aukera dago.
«Egoera egokian gaude KAE1 ligaren historian Kontxako Banderan lehiatzen den lehen ontzia izateko»
Denboraldiaurrea ohi baino lehenago hasi zenuen, taldea ezagutzeko. Azkenean, lan horrek ere lagundu egin du taldea besteak baino hobeto irits zedin denboraldi hasierara?
Gehienak ezagutzen nituen, baina, momentu honetan nola zeuden ikusteko, lehenago hastea komeni zitzaidan. Azkenean, KAE1 liga abuztuaren 20 inguruan amaitzen da, ondoren Kontxarako sailkatzeko estropada dago, eta denboraldia amaitzen da. Nire iritziz, KAE1 ligako talde batek ez luke izan behar horrelako etenaldi luzerik. Talde asko azaro erdialdean hasten dira entrenatzen, eta, nire ustez, kirolari batek ezin ditu eman 60 egun baino gehiago geldirik.
Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak. Neguko lan hori ekaineko txapelketetan islatu da, ezta?
Txapelketa horietan hain ondo aritzeak ez gintuen ustekabean harrapatu; guk bilatu genuen. Batez ere, Gipuzkoako Txapelketa prestatu genuen, jakinda beste mailako taldeak hor zeudela. Ikusita nolako negua egina genuen, traineru horien parean jarrita gure maila nolakoa zen ikusi nahi genuen. Euskadiko Txapelketarako sailkatu nahi genuen, baina, horretarako, Eusko Label ligako bi ontzi utzi behar genituen atzean. Helburu horrekin prestatu genuen estropada, eta bikain atera zitzaigun, baldintza zail batzuetan. Euskadikoan estropada polita egin genuen berriro, eta pena izan zen azken luzean hirugarren postua galdu izana.
Kexa gutxi izango duzu errendimenduari dagokionez. Orain, eutsi egin beharko diozue mailari?
Eutsi eta hobetu. Ikusita non gauden eta taldeak zer ezaugarri dituen, oraindik gauza gehiago egiteko gai gara. Liga apropos jarri da guretzat, beste era bateko lanketa bat egiteko. Kanporaketetarako sailkatzeko helburuan, pauso handia eman dugu dagoeneko, hamazazpi punturen aldea baitugu hirugarren sailkatuarekiko. Hori abantaila handia da bakarrik bost estropada jokatu eta gero. Beste helburu batzuetan pentsatzeko aukera eman digu horrek; adibidez, Kontxako Banderarako sailkatzeko estropadan. Ez da erraza izango ligako errendimenduari eustea eta kanporaketetara eta Kontxara maila onenean iristea; malabarak egin beharko ditugu. Baina egoera egokian gaude KAE1 ligaren historian Kontxako Banderan lehiatzen den lehen ontzia izateko.
Horrek ilusio handia piztuko luke Kontxako hamar bandera dituen klub batean, ezta?
Liga batean edo bestean egoteak ez du mugatu behar zer maila daukazun. Talde guztiei gustatuko litzaieke goi mailan aritzea, eta guk ere hori nahi dugu; arreta horretan jarria dugu. Horrek ez du esan nahi Kontxako Banderan lehiatzeko gai ez garenik, eta aukera hori baliatu nahi dugu egiten ari garen denboraldia ikusita. Hori ere helburu oso handitzat hartu daiteke, eta mugarri bat izango litzateke. Agian, igoera arriskuan jartzea litzateke Kontxarako pentsatzea? Ez dut uste. Uste dut gorputzaldi onean iritsiko ginatekeela, eta animo aldetik ondo etorriko litzaigukeela.
«San Juanen proiektua desberdina da: 22 lagun gara taldean, eta dagoeneko denek irabazi dute bandera bat»
Arraunlariak nola ikusten dituzu?
Anbizio handiarekin ikusten ditut. Azken igandeko estropada hizpide, uste dut ez zela egunik aproposena inongo erakustaldirik emateko, eta, hala ere, nik uste baino hobeto aritu ziren. Eremu zaila zen, eta egindako denbora izugarria iruditzen zait KAE1 ligako talde batentzat. Hor ikusten da nolako gosea duten.
Entrenatzaile batentzat, arraunlariek haren mezuan sinestea da garrantzitsuena?
Kirolean gauza asko lotu behar dira, baina, nolabait, ideia batean sinestea da enbor nagusia. Nahiz eta ideia hori guztiz bikaina ez izan, denak horren atzetik aritzen bagara, helburua lortzetik gertuago egongo gara. Ideia edo mezu hori landu eta moldatu daiteke, baina denek norabide batean egitea da garrantzitsua.
Aurreko denboraldian kanporaketak jokatu zenituen Lapurdirekin, eta ez zenuten lortu igotzea. Dagoeneko pentsatua duzu zer egingo duzun desberdin talde honekin, amestutako igoera hori lortzeko?
Egoera desberdina da, eta talde bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Horrekin bat egin behar du entrenatzaileak, eta horri egokitu. Lapurdin arraunlari gutxi zeuden, eta esfortzu handiagoa egin behar zuten. San Juanen proiektua desberdina da: 22 lagun gara taldean, eta dagoeneko denek irabazi dute bandera bat. Konfiantzaz beteta daude, eta lehiakortasun polita sortu da urte osoan euren artean. Karta desberdinekin jokatzeko aukera ematen didate, eta argi daukat zer egin nahi dudan eta nola. Aurten ez dakigu nolakoa izango den kanporaketa, eta prestaketa beranduago iritsiko da. Baina nahiko argi daukat planteamendu desberdin bat egingo dudala.