Futbola

Mikel Balentziaga: «Banekien nolako exijentzia zekarren futbol profesionalera igotzeak, eta ez nuen berriro halakorik nahi»

Goi mailan hamasei denboraldi egin eta gero, Mikel Balentziagak erretiroa hartu du. Zumarragarrak «argi» zuen ez zuela futbol profesionalean jokatu nahi.

Mikel Balentziaga. MIGUEL ANGEL POLO / EFE
Mikel Balentziaga. MIGUEL ANGEL POLO / EFE
Iñaki Berastegi.
2024ko uztailaren 17a
05:05
Entzun

Uda garai ezberdina izaten ari da Mikel Balentziagarentzat (Zumarraga, Gipuzkoa, 1988). Coruñako (Espainia) Deportivorekin Bigarren Mailara igo ostean, eta kontratua beste denboraldi baterako berritzeko aukera izan arren, bere kirol ibilbidea amaitzea erabaki du jokalari gipuzkoarrak. «Etxeko txikiez gehiago disfrutatzeko garaia da». Sopelako futbol taldeko bigarren entrenatzailea izango da aurrerantzean.

Opor garai ezberdina izaten ari da zuretzat. Zer moduz hartu duzu?

Batez ere, arraroa da, bi hamarkada direlako horrelako udarik ez nuela. Futbol talde gehienak denboraldiaurrea hasita daude, eta nik etxetik jarraitzen ditut. Arraroa eta berezia da; uda honetan aspaldi egiten ez nituen gauzak egiten ari naiz familiarekin eta lagunekin.

Familiarentzat ere berezia da?

Bai, bai. Familia gustura dago, hainbeste urteren ondoren uda normal bat izaten ari direlako nirekin, eta haientzat ere pozgarria da.

Zergatik erabaki duzu futbola uztea?

Denboraldia martxan zela, erabakiari buelta asko eman nizkion. Deportivorekin Bigarren Mailara igoz gero beste denboraldi baterako kontratua neukan. Athletic utzi nuenean, argi neukan futbol profesionala utzi nahi nuela, Espainiako Federazioaren Lehenengo Mailan jokatu nahi nuela [lehengo Bigarren B maila]. Banekien nolako exijentzia zekarren berriz ere futbol profesionalera igotzeak, eta ez nuen berriro halakorik nahi. Urte asko izan dira futbol profesionalean, zoriontasun handiko urteak, baina argi neukan ez nuela hori nahi. Futbola erabat uzteari dagokionez, klubean esan nuen uda behar nuela erabaki bat hartzeko, eta hala izan da. Bi aste egin nituen familiarekin kanpoan, eta itzulitakoan argi neukan hau zela futbola uzteko garaia.

Zergatik ez duzu futbol ez-profesionalean jarraitu? Eskaintzarik izango zenuen.

Bai, izan ditut, Euskal Herritik eta Euskal Herritik kanpokoak. Familiarekin oporretan egon naizen hamabost egun horietan asko hausnartu dut, eta uste dut badela garaia etxeko txikiez gehiago disfrutatzeko. Etapa berri honetarako gogotsu nago; hau da erabakirik onena.

Deportivorekin igoera lortzea zure kirol ibilbideari amaiera polit bat ematea izan da?

Bai, erabat. Oso denboraldi berezia izan da, eta horrela uzteak lasaitasun handiagoa ematen dit. Fisikoki ez dut arazo larririk izan urte hauetan guztietan, baina horren beldur ere banintzen. Urtea oso polita izan da, partida ia guztiak jokatu ditut, igotzea lortu dugu, eta horrela uztea hobea da lesioek behartuta uztea baino.

Athleticen, Numantzian, Valladoliden eta Deportivon jokatu duzu. Etxetik oso urrun ez zara joan.

Ez, eta lagunei beti esan izan diet Bilbotik urrutiago ere gustura jokatuko nukeela denboraldi bat, baina ez da posible izan. Atzerriko taldeen proposamenak izan ditut, baina, hau zela edo bestea zela, beti etxetik gertu geratu naiz.

Zure ibilbideko lorpenik handiena Athleticen hainbeste urte jokatu izana da?

Bai, guztiz ados. Beti esan izan dut pribilegiatu bat sentitzen naizela Athleticen 12 urte egiteagatik, eta eskerrak besterik ezin dizkiet eman klubari, zaleei eta nire kideei.

Eta zailena Athletic uztea izan zen?

Ez, ez zen hain zaila izan. Zaila izan zen hamabi urte zirelako klubean, baina une egokia zen kluba uzteko; urtarriletik buruan neukan erabakia. Athleticen jarraitzea erabaki dudan guztietan, hala erabaki dut zelaian eta aldagelan garrantzitsua edo baliagarria sentitu naizelako, eta hurrengo denboraldiari begira jada ez nuen neure burua hala ikusten. Norberak hori ikustea garrantzitsua da.

«Pribilegiatu bat naiz Athleticen hamabi urte jokatzeagatik»

Athleticekin final asko jokatu dituzu, bi Superkopa irabazi ere bai, baina taldea utzi eta orduan ailegatu da hainbeste desiratutako Espainiako Kopa hori. Zer sentitu zenuen?

Askok esaten didate pena izan dela nik taldea utzi nuen denboraldi horretan bertan irabazi izana kopa, baina nik denei gauza bera erantzuten diet: nik galdu nituen finalen ostean sentitu nuen pena, ez orain. Aurten ez dut penarik sentitu, guztiz kontrakoa baizik. Lehenik eta behin, niregatik, ni horren parte ere sentitzen naizelako Athleticeko zale bezala. Ziur nengoen ikusiko nuela Athletic kopa bat irabazten.

Ezin izan zinen Sevillara joan, ezta?

Ez, banekien ezingo nintzela Sevillara joan. Gabarra ikustera joateko ahalegin guztiak egin nituen, hegaldiak ere hartu nituen, baina hurrengo egunean Teruelerako (Espainia) bidaia genuen, eta ezin izan nintzen joan. Familia joan zen, eta haiek behintzat bizi ahal izan zuten egun historiko hura.

Zurekin urte asko egin dituzten hiru jokalarik oso erabaki ezberdinak hartu dituzte: Raul Garciak erretiroa hartu du; Iker Muniain beste norabait doa; eta Oscar de Marcosek beste urtebete segitzea erabaki du. Zer iritzi duzu hiru erabaki horien inguruan?

Oscarren erabakia altxor bat da zaleentzat eta klubarentzat. Raulek eta nik futbola uztea erabaki dugu urte askoren ostean, eta Ikerrek jokatzen jarraituko du, non ez badakigu ere, futbol asko daukalako oraindik oinetan.

Datorren sasoira begira nola ikusten duzu taldea? Andoni Gorosabel eta Alvaro Djalo fitxatu ditu orain arte klubak.

Ilusio handia dut, batez ere taldea berriro ere Europan ikusiko dugulako. Aipatutako bi fitxaketa horiek oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, eta uste dut maila handiko jokalari multzo zabala duela Athleticek. Oso baikor nago, eta hamabostean behin San Mamesera joateko gogotsu.

Athleticeko hiru jokalarik jokatu dute Eurokopa. Nola ikusi dituzu?

Eurokopa oso ona egin dute. Nico Williamsek partida bakoitzean erakutsi du nolako talentua daukan, eta Unai Simon ere oso ondo aritu da, baina nik Dani Vivian nabarmendu nahiko nuke; jokatu duen guztietan oso ondo aritu da. Argi dago Nico zeresana ematen ari dela; aurreko urteetan nik entrenamendu guztietan sufritu dut. Maila handiko jokalaria da.

Hemendik aurrera entrenatzaile izan nahi duzu, ezta?

Bai. Lehengo titulua atera nuen, eta aurten Sopelako taldeko bigarren entrenatzailea izango naiz. Lagun bat izango da lehen entrenatzailea, eta garrantzitsua iruditzen zait harengandik ikastea. 2025erako beste bi tituluak lortu nahi nituzke; gustatzen bazait, bide horretatik jarraituko dut, eta, bestela, beste zerbaiti ekin eta kito.

Andoni Iraola ispilu ona izan daiteke zuretzat?

Bai, baita Joseba Etxeberria eta Iñigo Perez ere. Irakasle apartak dira, eta poztasuna ematen dit hain maila handian jada entrenatzaile gisa haiek ikustea.

Euskal Herrira bueltatuko zarenez, Athletic gertutik jarraitzeko aukera izango duzu aurrerantzean?

Athletic utzi eta gero behin baino ez naiz egon San Mamesen, eta horren falta nabaritu dut azken denboraldi honetan. Bazkidea naiz, baita senideak ere, eta hamabostean behin taldea animatzera joango gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.