ARRAUNA

Banderen aurretik datoz dominak

Asteburu honetan hasiko dute denboraldia euskal traineruek, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketetan arituta. Aurten, Euskadiko eta Espainiako txapelketak ere ligaren aurretik jokatuko dituzte.

DONOSTIARRA
Donostiarrako neskak bandera eta arraunak altxatzen, iaz, Gipuzkoako Txapelketa irabazi ostean. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Hastear da traineruen denboraldia. Ekaina erdialde-amaiera aldera hasi ohi zen lehen, baina iaz aurreratu egin zituzten Gipuzkoako, Bizkaiko eta Euskadiko traineru txapelketak, ekain hasierara. Liga eten ohi zuten horren aurretik, eta aurten txapelketa erregularra hasi aurretik egingo dira, hiru horiek eta baita Espainiako Txapelketa ere. Gipuzkoako Txapelketa Hondarribian egingo da, igande honetan (10:00), eta Bizkaikoa, berriz, Lekeition (10:30).

Txapeldunen tituluarekin iritsiko dira Donostiarra arraun taldeko emakumezkoak Hondarribira. Ligan hirugarren geratu baziren ere, Gipuzkoako Txapelketan bi segundoren aldearekin irabazi zioten Oriori, eta hirugarrena, Arraun Lagunak, hamasei segundo geroago igaro zen helmugako lerrotik.

Naroa Garamendi Donostiarrako arraunlariak (Lekeitio, Bizkaia, 2000) adierazi du denboraldiaurrea «gogorra» izan dela, estropada asko bertan behera geratu baitira, eguraldia eta bestelako kontu batzuk direla eta. Hori dela eta, gutxitan lehiatu dira aurkarien kontra, eta norgehiagoka horren falta nabaritu dute normalean gogorra izaten den neguan: «Neguko jaitsierek laguntzen digute beste zerbait edukitzen, baita neguko entrenamenduetatik deskonektatzen ere. Tarteko helburu batzuk ere jartzen ditu, nahiz eta ez duten askorako balio, baina ikusten duzu zeure burua non dagoen».

Garamendiren arabera, negu hau «psikologikoki eta fisikoki gogorra» izan da; izan ere, aipatutako estropaden falta horri uretako orduak falta izan zaizkio. Arraunlari lekeitiarrak azaldu moduan, faktore batzuk direla medio ezin izan dira asko entrenatu uretan, baina nabarmendu du entrenatzen eman dituzten orduak aprobetxatu egin dituztela. 

«[Espainiako Txapelketarako sailkatzea] lortzen dutenek erakutsiko dute gu ere gai garela lau luze egiteko, mutilak bezalaxe».

NAROA GARAMENDIDonostiarrako arraunlaria

Hala ere, txapelketetarako gogotsu dago, Espainiakorako batez ere. Izan ere, aurreko urteetan denboraldi erdian eta Galizian egin izan ohi denez, ez dira joan, baina aurten, besteak bezala, liga hasi aurretik egingo da. Euskadiko txapelketatik bi sailkatuko dira, baina Espainiako Txapelketan baldintzak ezberdinak izango dira, gizonezkoen distantzia berean ariko baitira —ligan eta Kontxako Banderan distantziaren erdia egiten dute—. Uste du «aurrerapauso» bat dela berdintasuna lortzeko, eta aukera ona demostratzeko gizonezkoen distantzia berean aritzeko gai direla: «[Sailkatzea] lortzen dutenek erakutsiko dute gu ere gai garela lau luze egiteko, mutilak bezalaxe. Guretzat aldaketa oso handia izango da hori».

Bizkaitarrak Lekeition

Bizkaiko traineruak Lekeition lehiatuko dira, igandean horiek ere. Urdax Antepara (Bilbo, 1996) Zierbena klubeko arraunlaria da 2021etik. Bere hirugarren denboraldia izango da taldean aurten; Deustutik aldatu zen Zierbenara, eta azaldu du iaz «aldaketa asko» izan zituztela, baina aurten «oinarri sendoagoarekin eta hobeagoarekin» egin dutela lan: «Horrek gauzak fintzeko eta seriotasunez beste atal batzuk lantzeko aukera eman digu. Indartsu entrenatuta, uste dut sasoi ona egingo dugula». Iazkoa, baina, denboraldi bikaina izan zen ezkerraldeko taldearentzat: Bizkaiko Txapelketan bigarren geratu zen, Urdaibairen atzetik; Euskadikoan, hirugarren; Eusko Label ligan, bigarren —bost bandera irabazita—; eta Kontxako Banderan ere, bigarren.

Iganderako, baina, Urdaibai ikusten du faborito Anteparak, taldeari eutsi ez ezik, «hobetu» egin duelako: «Esango nuke haiek direla oraindik ere irabazteko hautagai nagusiak. Guk ere badakigu gure aukerak izan ditzakegula, gogotsu gaudelako, eta garaipen gose hori gure mesederako izan daitekeelako, baina badakigu gauzak oso ondo egin behar ditugula haiei irabazi ahal izateko, urteak daramatzatelako guztia irabazten, eta esango nuke haien pare egote hutsa edo haien emaitzak zailtzea gure lanaren isla ona dela».

«Badakigu gauzak oso ondo egin behar ditugula [Urdaibairi] irabazi ahal izateko. Esango nuke haien pare egote hutsa edo haien emaitzak zailtzea gure lanaren isla ona dela».

URDAX ANTEPARAZierbenako arraunlaria

Iaz oso nagusi izan zen leku guztietan Bermeoko taldea, eta Zierbena izan zuen segidan ia beti. Denboraldiaurrean, baina, bateletan eta traineruetan emaitza onak lortu ditu Zierbenak. Batelen kasuan, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu, eta Espainiakoan bigarren izan da; trainerillen kasuan, Euskadikoa irabazi du, eta bigarren izan da bai Bizkaikoan eta bai Espainiakoan, bietan Urdaibairen atzetik. Hori dela eta, Anteparak espero du emaitza on horiek txalupa handian ere lortu ahal izatea: «Uste dut egindako lana eta emaitzak onak direla, eta sentsazio onak ditugula, baita konfiantza ere. Asteburu honetan ikusiko dugu traineruetan non gauden».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.