Banakakoa du pasio

Battitta Ducassouk buruz buruko bosgarren txapela irabazi nahi du etzi, Hazparnen, Luis Sanchezen aurka. Azaldu duenez, iazko urte «arraroak» kalte egin dio, baina azken hiru asteetan «lan handia» egin du Panpi Ladutxerekin, eta «prest» da lehiarako.

BOB EDME / BERRIA.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Buruz buruko lehiak zehazten du nor den onena kirol diziplina batean. Hori hala baldin bada, oso argi dago nor den aspaldian onena trinketean: Battitta Ducassou (Itsasu, Lapurdi, 1991). Banakakoaren azkeneko sei ekitaldietatik lautan izan da txapeldun, eta beste behin txapeldunorde. Horrez gain, bost aldiz nagusitu da buruz buruko torneorik garrantzitsuenean, Superprestigean, eta munduko txapeldun izan da Frantziako selekzioarekin.

Ducassouk berak aitortu du oso agerikoa dena: aukeran datorkiola buruz burukoa. «Biziki maite dut. Nire jokatzeko erara eta dohainetara ondoen egokitzen den diziplina da. Lan asko egin dut azken urteetan, eta oso pozik nago, lan horrek fruitua eman baitu».

Harreman estu eta berezi hori are gehiago sendotzen saiatuko da etzi. Finala jokatuko du berriro; hirugarrena du jarraian. Luis Sanchez (Iruñea, 1997) izango du kontrario Hazparneko Berria trinketean (Lapurdi), 11:30ean(France3 Noa) —Thierry Harismendik eta Mattin Olzomendik Bigarren Mailakoa jokatuko dute 10:30ean—. Ducassouk bosgarren txapela irabazi nahi du. Hori lortuta, handienen arrastoan segituko luke. Manu Martiarena eta Agusti Waltary dira handienetan handienak buruz burukoan. Milafrangako atzelariak (Lapurdi) eta Habanako aurrelariak sei txapel dituzte, inork baino gehiago.

«Lasai» dago Ducassou. «Konfiantza handia» eman dio finalerdietan Peio Larralderi irabazi izanak. «Beharra» zuen. «Iazko urte arraroak kalte egin zidan, eta kosta egin zait nire onera itzultzea». Halaxe arrazoitu du azken Superprestigean finaletik kanpo geratu izana, baita banakakoaren ligaxkan hainbestean aritu izana ere: kostata sailkatu zen finalerdietarako. Azpimarratu duenez, «mesede handia» egin zion bi asteko etenaldia egon izanak ligaxkako azkeneko partidatik finalerdietara. «Panpi [Ladutxek] eta biok lan handia egin genuen bi aste horietan. Zentzu onean jarri nuen burua. Lanak fruitua eman zuen, eta lehia borobila egin nuen Peioren aurka. Plazera da berriz finalean aritzea». Argi du helburua orain: «Kantxan gustura aritu nahi dut, eta nire lana argiki egin. Hori eginda, ez dut pena ukango galtzen badut. Ez dut galdu nahi nire onena eman gabe».

«Berri ona da Sanchez»

Beharko du onena eman, sasoiz, jokoz eta konfiantzaz lepo baitago Sanchez. «Ezohikoa da profesionaletan urtebete soilik daraman pilotari batek bi final jokatzea, Superprestigekoa eta buruz burukoa, are ezohikoagoa 23 urte eskas izanda. Baina Luisek jada erakutsi du dohain handiak dituela buruz burukorako. Argi dugu txapeldun handia dela, eta urte askoan egongo dela gurekin punta-puntan».

«Biziki ibiltzen da frontoian, eta biziki jotzen du pilota». Berehala hasi da aurkariaren dohainak azaltzen. Bat azpimarratu du: sakea. «Ikaragarria da; abiadura bizikoa eta oso zehatza. Edozein tokitara sakatzen du, eta zaila da asmatzen nora bidaliko duen pilota. Arma handia du, eta min handia egiten du. Panpi eta biok entseatzen ari gara nola aurre egin horri. Ea lanak fruitua ematen duen».

Neurria hartua dio Sanchezek. Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta bietan nagusitu da iruindarra: 40-36, Superprestigeko ligaxkan, Donibane Garazin; eta 40-35, buruz burukoan, Irisarrin (Nafarroa Beherea). «Partida tenkatuak izan ziren biak, baina Luisek merezi izan zuen irabaztea. Oso ondo jokatu zuen. Final handia jokatu beharko dut irabazi nahi badut».

Eskarmentuan, nagusi da Ducassou: seigarren finala du buruz buru, eta Sanchezek, lehena—inoiz ez zen aritu Hego Euskal Herriko trinketlari bat berezkoen maila nagusiko buruz burukoan—. Horregatik, nabarmendu du ikusteko dagoela nola sentituko den Sanchez. Baina segituan gehitu du bere lanak bakarrik axola diola. «Ez nik, ez berak ez dugu ahulune nabarmenik. Nik nire lana egin behar dut: tantoa ondo prestatu, eta aukera dudanean tinkatu».

«Argi» du finalean gertatzen dena gertatzen dela Sanchezek egindakoak «mesede» egingo diola trinketari: «Iparraldean aski kirol ezaguna da trinketa, baina Luisek egindakoak balio dezake Hegoaldean ere oihartzuna izan dezan, eta zaleak kirol honetara gertura daitezen. Bizi-bizia da jokoa, eta teknikoa; nire ustez, horrek erakargarria egiten du. Berri ona da Luisen gisako pilotari gazte bat punta-puntan ikustea. Haize freskoa ekarri dio trinketari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.